Mauka ederra omen da petrolioa topatzea. Mehatxu ederra ere bai. Hori pentsatu dute kanariar gehienek, mehatxua hurbil baitute. Repsol konpainia aspalditik dabil Kanarietako uretan petrolioa dagoen begiratu nahian, gero hura ustiatzeko, jakina. Eta 2001ean lortu zuen Jose Maria Aznarren gobernuak, dekretuz, horretarako baimena ematea. Berehala, asmo haien kontra Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztu zuten bai Lanzaroteko Kabildoak bai Kanarietako PSOEk. Eta hala, 2004an, Auzitegi Gorenak bertan behera utzi zuen baimena, prozedura kontuei buruzko helegitearen argudioak aintzat hartuta, baimena eskatzerakoan ingurumen eraginei buruzko inolako ebaluaziorik ez baitzuen aurkeztu konpainiak, eta, beraz, ez zuen legez jokatu, ezta gobernuak ere, baimena ematerakoan.
Lanak eteteko agindua iristerako, dena den, Repsolek eginak zituen hainbat ikerketa sismiko, eta, haien arabera, ur azpi haietako arrokan petrolioa egoteko aukera oso handia da; hori dio behintzat konpainiak. Eta, ziurrenez, horregatik ez du etsi bere asmoarekin jarraitu ahal izateko baimena lortu nahian. Argentinak YPF nazionalizatu eta Vaca Muertan zituen bere anbizio handiak zapuztu ostean, Repsolentzat are garrantzi handiagoa hartu zuen Kanarietako aukerak. Eta, orduan, Jose Luis Rodriguez Zapaterok —besteak beste Marokorekiko harremanengatik— lotan utzitako espedientea iaz atzera berpiztu egin zuen PPren gobernuak, 2012ko martxoan bederatzi itsas eremutan prospekzioak baimenduz.
Eta, berriz ere, petrolio prospekzioen aurkako erantzun handia piztu da Kanarietan. Manifestazio jendetsuak izan ziren irletan dekretua onartu zen hilabete berean. Eta mobilizazioek indar berezia izan dute, nola ez, prospekzio guneak hurbilen izango dituzten Lanzarote eta Fuerteventura uharteetan. Kezka handia dira, besteak beste, aurreikusita dauden sei zundaketa tokiak kostalde haietatik 60 eta 100 kilometro bitarteko distantzian baitaude. Edozein ustekabe edo istripuk ur eta lurretan izan litzakeen ondorioak neurtezinak lirateke, ingurumenean, irletako biztanleen bizibideetan... Horren adibide, datu bat: Lanzaroteko eta Fuerteventurako biztanleen etxeetara iristen den uraren zati handiena itsasotik dator —ur gatzgabetua—; Fuerteventurako ur edangarriaren %95, esaterako.
Diru gordina
Kezken parean diru kopuru handiak azpimarratzen dituzte egitasmoaren bultzatzaileek, Repsolek eta Espainiako Gobernuak. Hala, konpainiaren arabera, litekeena da 500 milioi petrolio upel egotea ur azpi haietako arrokan, hogei urtetan hogei putzuren ustiaketa bideratzeko adina, egunero batez beste 140.000 petrolio upel ateraz. Horrekin, Espainiak bost milioi petrolio tonaren inportazioa aurreztuko luke urtero —egungo inportazioen %10— eta herrialdearen merkataritza defizita 28.400 milioi euro murriztu. Konpainia ustiatzaileek —Repsolek bi bazkide ditu proiektu honetan, Alemaniako RWE Dea eta Australiako Woodside Petrolium—, petrolioaren egungo salneurrian, urtero 3.300 milioi euroren salmentak izango lituzkete, eta horietatik 700 milioi joango lirateke zergatan Espainiako Gobernuaren poltsikoetara.
Eta Kanarietara? Zuzenean ezer gutxi jasoko luke erkidegoak bere kostaldetik horren hurbil lituzkeen putzuek emandako irabazi ekonomikoetatik, konpainia ustiatzaileak eta Espainiako Gobernua liratekeelako onuradun nagusiak. Printzipioz ez da aurreikusten etekinen zati bat irletan utziko lukeen moduko zerga edo halakorik, nahiz eta Madrilentzat tresna bat izan daitekeen Kanarietako gobernu erakundeak egitasmoaren alde jartzeko. Bestetik, prospekzioaren bultzatzaileen arabera, proiektuak 5.000 lanpostu ingururen sorrera ekarriko luke, baita zenbait azpiegituraren sorkuntza ere, batez ere Kanaria Handiko portuan.
%34ko langabezia tasa duten Kanarietan, ordea, ikuspegi ekonomiko horretatik, balizko diru etorrien ametsak sostengu eskasa izan du, batez ere ikusita diru etorri erreala, turismoak dakarrena, arriskuan jar dezaketela prospekzioek. Kanarietako turismoarentzat jada kezkatzeko modukoak dira uhartedia petrolioarekin lotzen duten informazioak.
Turismoa
Eta, zer esanik ez, petrolio isuri baten kaltea izugarria litzateke Kanarietako irudi turistikoan. "Halako tragedia batek ez lioke turismoari sasoi bakar horretan soilik kalte egingo; bisitari potentzialek beti Kanariak petrolioarekin lotuko lituzkete, New Orleans Katrina-rekin lotzen den moduan". TUI Alemaniako bidaldi antolatzaile handiko Harald Zeissek idatzitakoak dira aurreko lerroak, prospekzioen aurka azalduz Fuerteventurako Kabildora bidalitako mezu elektroniko batekoak. Erresuma Batuko bidaia arloko patronala ere (ABTA) prospekzioen kontra agertu zen Espainiako Industria ministroari bidalitako gutunean: "Erresuma Batuarentzat turismo leku giltzarria dira Kanariak, eta petrolio ustiakuntzak kalte nabarmena egin diezaioke turismoari".
Hain zuzen, arriskuen balorazioari dagokionez, oraingoan ere, Errege dekretua izan da prospekzioei baimena emateko modua. Eta, oraingo honetan ere, prospekzioek eta haiekin petrolioa aurkituz gero etor daitezkeen ateratze lanek ingurumenean izan ditzaketen eragin eta arriskuak neurtu ahal izateko ebaluaziorik aurkeztu gabe etorri da baimena. Behin prospekzioei oniritzia eman eta gero etorri da ingurumen estudioaren argitalpena, ingurumena ebaluatzeko prozedura abiatuz.
Une honetan, irail amaiera arte dago zabalik Repsolek aurkeztutako estudioari alegazioak aurkezteko epea, eta, behin hori amaituta, Ingurumen Ministerioak esan beharko luke, ingurumen eraginaren deklarazioarekin, prospekzioak autorizatzeko modukoak diren ala ez. Haiek autorizatuko balitu, beharrezkoak ikusiz gero, neurri zuzentzaile, konpentsatzaile edo minimizatzaileak ezarriko lituzke.
Ministerioak erabakiko balu ingurumen aldetik prospekzioak ez direla autorizatzeko modukoak, Espainiako legediaren arabera azken hitza Ministro Kontseiluarena litzateke ministerioaren arteko desadostasunetan —kasu horretan Industria eta Ingurumen Ministerioen artekoak—, erabaki ahalmena hark duelako. Bai, azken hitza ingurumena ebaluatzeko prozedurak bete gabe baimenak eman dituen instantzia berak luke.
Baina berez, legez, ingurumena ebaluatzeko prozedura horrek guztiak baimenak eman baino lehen etorri behar zuen. Horri heldu dio Fuerteventurako Kabildoak Auzitegi Gorenean baimen dekretuaren kontra helegitea aurkezteko. Jose Luis Beaumont abokatu nafarrak hartu du helegitea aurkezteko lana. Hura izan zen, hain zuzen, 2004an Auzitegi Gorenak prospekzioak etetea lortu zuen helegiteko abokatua ere.
Beaumonten arabera, baimenak ingurumen ebaluazioaren aurretik emanda, botere politikoak prozedura bizitu eta, besteak beste, euren interesen aldeko ingurumen ebaluazioa bermatu nahi zuen —baita lehia askatasuna hautsi eta baimena Repsolentzat gorde ere—. Hots, amarru bat egin du. Eta horren erakusle da Jose Manuel Soria Industria ministroak dagoeneko data jarri izana lehen zundaketetarako, 2014 amaieran. Dirudienez, Soriak ez du espero prospekzioen kontrako ingurumen deklaraziorik eta bai aldekoa, urrian-edo etorriko litzakeena. Beaumontek argi dauka: "Ni konbentzituta nago baimenen aurretiazko ingurumen ebaluazio osatu batean, biziatu gabeko prozedura beteko balitz, emaitza deklarazio negatibo bat izango litzatekeela".
Sakonera handietan
Zertan oinarrituko litzateke ezezko hori? "Adibidez, neurri zuzentzailerik ezin da ezarri, oso gutxitan egin baitira halako sakoneratan petrolioa bilatzeko zundaketak, eta isuri bat gertatuz gero inork ez dakielako zer gerta daitekeen, eta, beraz, ezin da erantzunik aurreikusi". Izan ere, sakonera ikusgarrietan egingo lirateke prospekzioak. Ur lamina —ur azaletik arrokarako tartea— eta arrokan zulatu beharreko tartea gehituta, zundaketetako batek, adibidez, 6.800 metro inguruko luzera izango luke. Eta, horri begira, gogoratzeko modukoa da Mexikoko Golkoko BPren Deepwater Horizon putzuaren isuriak ia 90 egun iraun zuela, sakonera haietan ezbeharra nola konpondu pentsatzeko soilik teknikariek asteak behar izan zituztelako.
Repsolen ingurumen azterketak bere sintesiaren ondorioetan istripu baten kasuan dio neurri prebentibo edo zuzentzailerik ezean arriskua "ertaina" litzatekeela Kanarietan. "Halako isurien eragina saihestu edo gutxitzeko, berariaz diseinaturiko neurri prebentiboen eta zuzentzaileen ezarpenak kostaldean ingurumen eta gizarte arriskua kudeatu ahal izatea ekarriko luke, modu arrazoizkoan egingarria den maila txikieneraino".
Balorazio horrekin ez dago ados, esaterako, Francisco Javier Villanueva petrolio isurietan eta itsas kutsaduran aditua den merkataritza ontzidiko kapitaina, Nazioarteko Itsas Erakundeko aholkulari izandakoa. Fuerteventurako Kabildoarentzat egindako txostenean dioenez, Repsolek aurreikusitako jarduerak "arrisku handikoak dira Fuerteventurako ekosistemarentzat, ohiko jardunentzat, giza baliabideetarako iturrientzat eta turismo industriarentzat". Villanuevaren kalkuluen arabera, isuri batek asko jota bederatzi orduan iritsiko luke irlako kostaldea. Eta halako isuri baten larritasuna areagotu besterik ez du egiten Kanariar Uharteetako ingurumen aberastasunak, bai itsasokoak baita lurrekoak ere. Hainbat natur babesgune dituzte han ofizialki izendatuak.
Baina, dirudienez, Soria ministroarentzat eta Espainiako Gobernuarentzat horien gainetik daude ur hondo haien azpitik lor daitezkeen etekinak. Badute, gainera, beste argudio bat: "Guk ateratzen ez badugu, Marokok aterako du". Izan ere, Maroko hasia da bere kostaldean ere zundaketak egiten. Oraingoz ez dira sakonera handietan ausartu, baina erakutsi dute horretarako asmoa.
Aldeko deklarazioa lortuko balu Repsolek, berez, zundaketekin hasteko baimena luke. "Baina Auzitegi Gorenak erabaki artean, halako lanak eteteko eskatuko genuke guk", dio Beaumontek. Dena den, eta beharbada gaiaren garrantzia dela eta, Espainiako Justizia bizkor dabil auzi honetan, eta abokatuak datorren urte hasierarako espero du erabakiren bat. Gero, beste zenbait erakundek ere aurkeztu dituzte helegiteak.
Horiez gain, petrolio prospekzioen aurkako ekintzak gero eta gehiago dira uhartedian. Horien artean, prospekzioen kontra azalduz gutun bat sinatzeko aukera ematen du Savecanarias.org webguneak. Jada 19.000tik gora sinadura bildu ditu gutun horrek, eta Europako Parlamentuko, Europako Batzordeko eta Espainiako Gobernuko presidenteei bidaliko zaie, baita Repsol, RWE Dea eta Woodsideko arduradun nagusiei ere.