Aliantza berritzea ezinbesteko ikusten du Anders Fogh Rasmussen NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko idazkari nagusiak. Horregatik, azaroaren amaiera aldera egingo duten goi bilerarako egin beharreko aldaketen agenda osatzea proposatu du. Lisboako goi bileran, izan ere, NATOk gidatuko duen estrategia berria erabaki behar dute. «Aliantzako kide diren herrialdeetan bizi diren 900 milioi lagun babesteak lehentasuna du, eta helburu horrek hor jarraitu behar du. Defentsa horrek, ordea, mehatxu berriei aurre egiteko modukoa izan behar du», azaldu du Rasmussenek. Haren ustez, bakearen alde munduan den erakunde eraginkorrena da NATO.
Rasmussenek egin nahi dituen erreformen artean dago aurrekontua murriztearena. Berretsi egin behar dituzte oraindik gastuen murrizketak; haatik, jaso dute dagoeneko kideen oniritzia. Besteak beste, %30 murriztuko dute langileria: gaur egun 13.000 lagunek egiten dute lan NATOn, baina laster soilik 9.000 izango dira.
Afganistan
Lisboako goi bileran lotu beharko dituzten gaien artean dago misilen aurkako ezkutuarena. Rasmussenen hitzetan, dagoeneko lortu dute akordiorako oinarri moduko bat; proiektua martxan jarriko badute, baina, azaroko bilerara joango diren gobernuburu eta presidenteen adostasuna lortu beharko dute. NATOko idazkari nagusiak egindako kalkuluen arabera, 142 milioi euro inguru beharko dituzte misilen aurkako sistema sortzeko. Errusiari dagoeneko proiektuarekin bat egiteko proposamena egin diote.
Afganistango gerraz ere hitz egin du NATOko idazkari nagusiak. Lehen soldaduak bidali zituztenetik, izan ere, urterik okerrena izaten ari da aurtengoa aliantzarentzat: atzo bertan nazioarteko zazpi soldadu hil ziren Afganistanen. Hori dela eta,Kabulen eta talibanen arteko negoziazioak erraztuko ditu NATOk. Talibanek ukatu egin dute gobernuarekin negoziatzen ari direla.
Mehatxu berriei aurre egiteko, erreformak eskatu ditu NATOko buruak
Misilen aurkako ezkutua eraikitzeko akordioa lortu dutela jakinarazi du Rasmussenek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu