IMMIGRAZIOA

Melillako hesian lau etorkin tiroz hil zituela aitortu du Marokok

Espainiako CEAR elkarteak Madrilen aurkako salaketa jarri du Europako Giza Eskubideen Auzitegian

Erredakzioa
2005eko urriaren 25a
00:00
Entzun
Joan den urriaren 6an, Melillako hesia gainditzeko saioan, Saharaz hegoaldeko sei etorkin hil ziren. Marokoko Barne Ministerioak atzo txosten batean baieztatu zuenez, sei etorkinetatik lau Marokoko segurtasun indarrek tirokatuta hil ziren. Beste biak, aldiz, kolpe eta zaurien ondorioz. «Sei lagun hil ziren, lau Marokoko segurtasun indarrek tirokatuta eta beste biak hainbat zaurik eragindako odoljarioen eraginez», zioen txostenak. Barne Ministerioaren agiriaren arabera, segurtasun indarrek «beren burua defendatzeko» egin zieten tiro etorkinei.

Agirian nabarmendu zutenez, etorkinek ezohiko indarkeria erabili zuten hesia gainditzeko.Jokabide horrek «ezustean» harrapatu zituen Melillako hesia zaintzen ari ziren Maroko segurtasun indarretako hamabost kideak. Agenteek etorkinei hainbatetan aurre egin behar izan zietela dio txostenak. Era berean, hainbat etorkinek armak zituztela baieztatu zuten: «Armak zeramatzaten: aihotzak, makilak eta aiztoak, besteak beste». Hildakoen jatorria zehaztea ezinezkoa izan da, nortasun agiririk ez zeramatelako. Joan den ostiralean, Marokoko Giza Eskubideen aldeko Erakundeak Saharaz hegoaldeko 11 etorkinen heriotzaren gaineko ikerketaren emaitzak kaleratzeko eskatu zuen. Erakundearen arabera, irailaren 29an bost lagun hil ziren Ceutan, hesia gainditzeko ahaleginetan. Urriaren 6an, sei hil ziren Melillan. MSF Mugarik Gabeko Medikuak taldearen ustez, sinesgarritasun gutxi dauka Marokoren txostenak. Carlos Ugarte MSFko kideak nabarmendu zuen 2003az geroztik Ceuta eta Melillako mugan artatu dituzten etorkinen %25ek indarkeria zantzuak zituztela.

Bi etorkin, egarriak hilda

Bestalde, atzo, CEAR Errefuxiatuari Laguntzeko Espainiako Batzordeak Europako Giza Eskubideen Auzitegian Espainiako Gobernuaren aurkako salaketa jarri zuen, urriaren 6an saharaz hegoaldeko 73 etorkin kanporatzeagatik. Bestalde, Aljeriako Poliziak bi lagunen gorpuak topatu zituen Tindufeko basamortuan (errefuxiatu sahararren kanpalekua dago han), Marokoko mugatik gertu. Jakinarazi zutenez, biak egarriz hil ziren, euren ibilgailuak aurrera egin ezinik geratu ostean.

Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko (SEAD) presidente eta Fronte Polisarioko buruzagi Mohamed Abdelazizek Afrikako Batasunari elkarlana eskatu zion. Batez ere, Marokoko Gobernuak Mendebaldeko Saharako basamortuaren erdian abandonatu dituen etorkinez arduratzeko unean. Horrela, etorkinak euren herrialdeetara bidaltzeko laguntza eskatu zion Afrikako Batasunari; betiere, giza eskubideak errespetatuko dituztela bermatuta.Igandean Espainiak Marokora deportatu zituen 73 etorkinetatik 49 maliar aberriratu zituzten atzo, Kenitrako gune militarretik. Beste 24ak, berriz, Agadirrera eraman zituzten, Guelminetik aberriratzeko. Marokora bidali zituzten 73 etorkin horiek gose greba hasi zuten euren atxiloketaren aurka protesta egiteko. Bestalde, 84 etorkin atxilotu dituzte Kanariar Uharteetan. Guztira, etorkinez betetako bost ontzi iritsi ziren Kanarietara igande arratsaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.