«Memoriak besterik ezin dezake gelditu halakorik»

Atxilotze zentro bateko erantzuleen aurka lekukotasuna emateko bidaiatu du Argentinara Carla Artes Companyk; akusatuen artean dago txikitan bahitu eta alabatzat hartu zuen militar ohia.

2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Carla Artes Companyren historia izugarria da (Peru, 1975). Baina baita haren aurrekoena ere. Artean gaztea zela atxilotu eta torturatu zuten amona, ideia komunistak zituelako, Bolivian. Aita ere han hil zuten, gerrillari tupamaroa zelako. Ama Argentinako diktaduran desagerrarazi zuten; harekin batera atzeman zuten Artes ere, bederatzi hilabete besterik ez zituenean. Kondor plana-ren harira, Boliviatik Argentinara eraman zituzten biak. Automotores Orletti atxilotze zentro klandestinoan eduki zuten, harik eta diktaduraren aldeko familia batek alabatzat hartu zuen arte. Amaren berri gehiagorik ez da ordutik.

Eduardo Rufforen familian hezi zuten: Artesek salatu du haiekin egondako denboran tratu txarrak eta sexu abusuak jasandakoa dela. Triple A erakundeko (Argentinako Aliantza Antikomunista) kide zen orduan Ruffo. Eta orain Automotores Orlettiren auzian ari dira epaitzen. Haren aurkako testigantza ematera joan da Artes Argentinara; amonak aurkitu zuenetik-10 urte zituela gertatu zen hori- Madrilen bizi baita.

Nola joan da Argentinara egindako bidaia?

Oso gustura gelditu naiz egindakoarekin, emandako lekukotasunarekin. Automotores Orlettiren auzian eman den testigantzarik garrantzitsuena izan da nirea; eta pertsonalki, oso positiboa gertatu zait. Izan ere, epaileari bizitakoak azaltzen nizkion bitartean, aurrean izan dut gizon hori [Ruffo], eta hark ezin izan dio nire begiradari eutsi. Zoragarria izan da niretzat, eta oso garrantzitsua. Jende hau oso harroa baita... Eta hainbeste urtez prestatzen aritutakoa betetzea, hari aurpegira begiratzeko gai izatea, eta hark ezin eutsi ziola konturatzea, niretzat ikaragarri da. Mina sendatzeko balio izan dit. Taldean nahi hala basakeria egin zituzten, baina bakarka oso koldarrak dira.

Lehenengo aldia da epaiketa batean parte hartzeko Argentinara bidaiatzen duzula. Konfiantza eragiten al dizu hango Justiziak?

Indarra hartzen ari dela esango nizuke. Izan ere, Automotores Orletti auziaz gain, beste hainbat kasu daude zabalik. Armadaren Eskola Mekanikoarena, besteak beste; emakume haurdunentzat prestatutako atxilotze zentro klandestino handiena izan zen hura. Vesubio zentro klandestinoaren auzia ere hor dago... Eta harrigarria da kasu horiek denak aldi berean zabalik egotea, baina aurrera egiten ari dira, eta poztekoa da hori. Justizia dagokion lana egiten ari dela iruditzen zait, eta Gobernuak konpromisoa hartu duela.

Nola ikusten duzu gizartea?

Espainian ez bezala, biktimei justizia egiteko eta egia osoa ezagutarazteko eskatzen du gizarte osoak Argentinan. Hemen diktadurako gertakariak ezagutu nahi dituenak hermetismo handiarekin egiten du topo; han, berriz, gizartea inplikatuago dago.

Gaur egun, zein sentimendu eragiten dizute Eduardo Ruffo bezalakoek?

Gogoan dut, epaiketaren eguna hurbildu ahala, amonak eta biok galdera horixe egin genuela: «Zer egingo dugu morroi hori aurrean dugunean?». Eta amonak esan zidan aurrean edukiko balu azala tiratan kenduko liokeela. Ni, berriz, zalantzan nengoen artean; ez nekien nola erreakzionatuko nuen hura parean aurkitzean. Eta, akaso, nire erreakzioa ez da izan jendeak espero zuena: hari hainbeste amorrurekin begiratu izanak, hainbeste min agertu izanak... jendea harrituko zuen. Baina garrantzitsua izan zen niretzat hala agertzea: hura akusatuen aulkian eta ni akusatzailearenean ikustea.

Zigor gogorra jarriko diote?

Gizon horrek merezi duena jasoko du; horretaz ziur naiz. Eta Justiziaren indar guztia sentitzea espero dut... jakin dezan halakoak ordaindu egin behar izaten direla lehenago edo geroago. Dena dela, ikuste hutsarekin ohartzen zara zein harroa den jende hori... zeren harro agertzen dira akusatuen aulkian egonda ere. Eta zein beltzaran! Kartzelan UVA izpiak hartzen dituztela dirudi. Ziur naiz kartzelan egonda ere tratu bikaina jasotzen dutela.

Zergatik, ordea?

Begira, egia esango dizut... ez naiz sekula Argentinan biziko. Ez naiz hara itzuliko. Espetxeetan, Polizian, armadan... asko diktaduraren aldekoak dira. Gizartearen zati batek babestu egiten du oraindik, eta hain dira ergelak ez direla egindako basakeriak onartzeko gai.

Zure historia bereziki gogorra da. Nola gainditu zenituen bizipen horiek?

Zaila da... duela 25 urtetik hona nire amonarekin bizi izan naiz. Haurra zarenean gertatzen ari zaizuna onartu besterik ez zaizu gelditzen. Baina denborak aurrera egin ahala, ohartzen zara zergatik desagerrarazten duten jendea, zergatik hiltzen dizuten aita... eta Latinoamerika osoan hainbeste pertsona hil eta desagerrarazi zutela ohartzen zarenean, konturatzen zara ondo antolatutako zerbait izan dela guztia.

Nolakoa da zure benetako nortasuna asimilatzeko prozesua?

Nire nortasunaren asimilatze prozesua pixkanaka gertatu den zerbait izan da. Amonak salbatu ninduenean 10 urte nituen; orduan berreskuratu nituen nire izena eta izana. Eta horrek hutsetik hastea esan nahi du... Izan ere, ohartzen zara zure bizitzako hamar urte gezur hutsa izan direla. Eta berriro jaiotzen zara, eta berriro zure gurasoak ezagutzen dituzu, eta, horren arabera, zu nor zaren deskubritu. Egia esan, haur batek jaiotzean bizitzen duen prozesu horixe bera da; dagoeneko badakizu ibiltzen eta hitz egiten, baina zure nortasunaz dena duzu ikasteko.

Garrantzitsua al da Maiatzeko Plazako Amonek egiten duten lana?

Egiten duten lana oso garrantzitsua da. Iloba mordo bat berreskuratu dituzte, baina lan handia dute oraindik egiteko. Eta ez da lan erraza izan ohi. Pentsa Argentinako gizarte sektore guztietan daudela desagertuak; izan daiteke, osaba, iloba, semea, lehengusua... Gizartearen zati handi batek galdu du gertukoren bat. Izan ere, 30.000 desagertu daude. Urte asko pasatu dira diktadura garaitik, baina, hala ere, lan ikaragarria ari dira egiten halakorik berriro gerta ez dadin. Eta hori da garrantzitsuena, jendeak gertatutakoaren berri izatea. Dena dela, gizakia bera hain lazgarria da askotan, Argentinan gertatutakoa edonon gerta daitekeela berriro. Memoriak baino ezin dezake gelditu halakorik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.