Mende erdian izan ez den aldaketa politikoa iragarri dute Japonian

Inkestek diote gaurko bozak galduko dituela ia etenik gabe 54 urte agintean daraman Alderdi Liberal Demokratak

2009ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
«Munduko gizonik zoriontsuena egingo nauzu, ni aukeratzen banauzu». Eskutik heldu dio kandelen argipean begira daukan emakume gazteari. «Haurtzaindegia eta eskola ordainduko ditut, eta nire gain hartuko ditut zure zahartzaroko gastuak». Adierazpenak badu, baina, izkina ilun bat:

- Nondik atera behar duzu hainbeste diru?

- Pentsatuko dut horretan ezkontzen garenean.

II. Mundu Gerraz geroztik Japonian agintzen duen Alderdi Liberal Demokrataren kanpainako iragarkia da. Eta protagonistak Yukio Hatoyamaren antza du. Japoniako Alderdi Demokratikoko presidentegaia da Hatoyama.

Inkesta guztiek iragartzen dute moduan Hatoyamak gaurko bozak irabazten baditu, ez duela herrialdea bide onetik eramaten jakingo ziurtatu dute liberalek. «Jende horri sinesten al diozue?», galdetu zien Taro Aso presidente eta presidentegaiak, Tokion eman zuen mitinera joandakoei. «Ba arazo bat daukazue, ezin baitute herrialdea gidatu». Demokratek ez dutela esperientziarik argudiatu zuen, beti egon direla oposizioan.

Izan ere, zortzi hilabeteko etenaldia kenduta, 54 urtez liberalak egon dira gobernuan Japonian. 1955ean eskuratu zuten agintea, eta 1993ko abuztuaren 9a eta 1994ko apirilaren 28a bitarteko hilabeteetan baino ez zuten galdu. Zazpi alderdik osatutako koalizio batek kendu zien, zentsura mozio bat medio.

Langabezia arrazoi

Oraingoan, ordea, demokratek irabazten badute eta agintaldiko lau urteei eusten badiete, historikoa izango da. Ondorio hori atera zuen Hatoyamak herenegun, bere burua jada presidentetzat daukala erakutsiz: «Hauteskunde hauek dira Japoniako historia aldatu dugula esatea posible egingo digutenak». Badu hala pentsatzeko nahiko arrazoi.

Botoa eman dezaketen 3, 5 milioi japoniarretatik %56k demokraten alde egingo dutela iragarri du Mainichin Shimbun inkesta etxeak. Eta Asahi Shimbum inkestaren emaitzen arabera, %49kbozkatuko dute oposizioko alderdiaren alde, eta %22k emango diote liberalei botoa.

«Burua altxatuko badugu, botoa guri emateko erregutu behar dizuet», esan zuen herenegun Asok. Ekonomiari egin zion erreferentzia, adituen arabera hori baita gobernutik kenduko duen arrazoia. Azken 50 urteetako langabezia tasarik altuena du egun Japoniak: %5,7. Uztailean iaz hilabete horretan baino 1,03 milioi lagun gehiago zeuden lanik gabe; guztira 3,95 milioi. Eta Asori leporatzen diote erantzukizun; bere kudeaketa ezin kaskarragoa izan dela diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.