Mende erdiko

Txinak Tibet bereganatu eta Dalai Lamak atzerrira ihes egin zuenetik 49 urte pasa dira; Olinpiar Jokoak Pekinen egingo dituztela baliatuz sei hilabeteko protestak abiatu dituzte Tibeten egoera salatzeko.

arantxa elizegi egilegor
2008ko martxoaren 11
00:00
Entzun
Txinako Gobernua ez da amore ematen duten horietakoa. Kontrola gustuko du, eta dituen tresna guztiak erabiliko ditu hura bermatzeko. Baita indarra ere. Tibet da horren adibide. 49 urte daramatza Pekinen oinpean. Haren aldarriak indarrez isilarazten ditu Txinak, are eta gehiago Olinpiar Jokoak horren gertu daudenean. Baina txinatar eta tibetarrek badute antzekotasunik, azken horiek ere ez dira besoak gurutzatuta geratzen direnetakoak. Are eta gutxiago, beren herriaren etorkizuna jokoan dagoenean. Horregatik, eta Olinpiar Jokoak gainean dituztela baliatuz, sei hilabeteko protestak abiatu dituzte tibetarrek beren egoera nazioartean salatzeko. Protesta horietako bat da atzo Indiako Dharmsala eskualdetik abiatutako martxa. Ibilaldiak Tibetera sartzea zuen helburu, baina Poliziak muga zeharkatzea debekatu zien.

Mende erdia darama Txinak tibetarrak eta haien buruzagi Dalai Lama isilarazi nahian. Alferrik, ordea. 1959tik Indian erbesteratua bizi den tibetarren buruzagi erlijiosoak gero eta sostengu handiagoa du, bai etxean eta baita nazioartean ere. Atzo bertan, Tibeten okupazioaren urteurrena gogoratuz, Pekin estu hartzeko eskatu zion nazioarteari. «Zapalkuntza izugarria da eta giza eskubideen urraketak irudikaezinak dira. Erlijio askatasunik ez dago eta auzi erlijiosoak politizatu egiten dituzte», salatu berri du 72 urteko Bakearen Nobel saridunak. Hala ere, negoziazioak berriz hasteko prest agertu da, Pekinek jarrera aldatzen badu. «Txinarekiko zuzeneko negoziazioak berriz hasi genituenetik, 2002an, Tibeten ez da aldaketa onuragarririk egin. Txinako agintariek era ankerrean jokatzen jarraitzen dute. Azken mende erdian tibetarrak Txinaren jazarpenaren beldur bizi dira». Ondorioz, milaka tibetarrek egin dute ihes Indiara.

Pekinek, ordea, ez ditu kritikak onartzen, eta Olinpiar Jokoei boikota egitea egotzi dio Dalai Lamari, ohartaraziz «neurriak» hartuko dituztela, halakorik egiten saiatzen den edonoren aurka. Hori nahikoa ez, eta Txina banatzea leporatzen diote, Tibeten independentzia nahi duela argudiatuz. Dalai Lamak, ordea, ez du independentzia eskatu, autonomia baizik.



DESAGERTZEAR DAGOEN HERRIA. Txinako Iraultza Kulturala izan zenean 1960ko eta 1970eko hamarkadetan suntsitu zituzten Tibeteko monasterio budista gehienak. Pekinek onartu ez badu ere, urte haietan ehunka mila tibetar hil zituzten. 1980ko hasieran, nazioarteko presioei jarraikiz, bestelako estrategia jarri zuen abian gobernu komunistak. Tibeteko ekonomia indartzeko argudioarekin hainbat erreforma egin zituen. Geroztik, Txinako buruzagien arabera,nabarmen hobetu da Tibeteko ekonomia. Turistak ugaritu egin dira eta modernizazioa gizartearen oinarri bilakatu da.

Erreformek, ordea, badute alde ilunik. Tibetarrek ez dute erlijio edo adierazpen askatasunik, eta are gutxiago beren etorkizunaz erabakitzeko eskubidea. Hori nahikoa ez, eta Txinako Gobernuak laguntza ematen die Tibetera bizitzera joaten diren txinatarrei, tibetarrak gutxiengo bihartzeko asmoz. Haren helburuak beteko balira, tibetarren kultura betirako desagertuko litzateke, nazioarteak beste aldera begiratzen duen bitartean.

Tamalez, tibetarrak kontrolpean izateko planak ez dira hor amaitzen. Iazko irailean Txinako Gobernuak hainbat lege erreforma onartu zituen. Horietako bat Dalai Lamaren berraragitzeari dagokiona. Budisten ohituren arabera, buruzagi erlijioso nagusia duten Dalai Lamak berak aukeratzen du bere hurrengoa, alegia, norengan berraragituko den. Hark aukeratzen du, halaber, Panchem Lama bigarren buruzagi garrantzitsuenaren oinordekoa. Erreformaren arabera, ordea, Pekinek izango du azken hitza oinordekoaren aukeraketan. Hala, tibetarren buruzagi nagusiaren gaineko kontrola ere bermatuko luke.

Legea iaz onartu bazuten ere, aurretik hasiak ziren aukeraketan esku-hartzen. Izan ere, Dalai Lamak hurrengo Panchem Lama izateko aukeratutako gaztea preso dauka Pekinek 1995az geroztik, eta gaur arte ez du jakinarazi non eta nola dagoen. Haren ordezkoa iragarri dute jada. Tibetarrek, baina, argi utzi diote ez dutela onartuko haren esku-hartzerik, ez erlijioan eta ezta beste inolako auzietan ere.



InDarrez IsILarazITaKo HerrIa

Tibetarren borroka amaigabea

1950. Tibeteko ekialdea inbaditu zuen Txinak. 15 urterekin Tibeteko gobernuburu bilakatu zen Dalai Lama.

1951. Txinarekin akordioa sinatzera derrigortu zuten Tibeteko Gobernua. Haren arabera, Tibeten autonomia eta erlijioa errespetatuko zituen Pekinek.

1959. Txinak akordioa betetzen ez zuela ikusita protestak hasi zituzten Tibeten. Martxoan, ordea, Armada Lhasan sartu eta milaka tibetar hil zituen. Dalai Lamak Indiara egin zuen ihes, oinez, milaka herritarrekin batera.

1965. Tibeteko Eskualde Autonomoa sortu zen.

1966. Monasterioak suntsitu zituzten, Txinako Iraultza Kulturalari jarraikiz.

1980. Erreformak egin zituen Pekineko gobernuak, Tibeteko egoera ekonomikoa hobetuko zutela argudiatuz.

1987. Tibeten autonomia lortzeko negoziazioak hasi zituen Dalai Lamak Pekinekin.

1989. Bakearen Nobel saria eman zioten buruzagi budistari.

1993. Bertan behera geratu ziren Dalai Lamaren eta Pekinen arteko elkarrizketak.

2006. Tibetetik Txinaraino doan trenbidea inauguratu zuten. Horrek Tibetera txinatar gehiago eraman, eta tibetarren kultura suntsituko zuela ohartarazi zuten giza eskubideen taldeek.

2008ko martxoaren 10a. Olinpiar Jokoak Pakinen egingo dituztela baliatuz, sei hilabeteko protestak hasi zituzten tibetarren eskubideak aldarrikatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.