Nazio Batuen Erakundeak sortua da zientzialarien taldea, eta esaten dutenari politika egokiak ezartzea da haren helburua, baina, 2007ko txosten berrituan ikusten denez, aurretik emandako aholkuak ezer gutxi hartu dira kontuan, duela bost urteko iragarpenak oraingoak baino hobeak baitziren. Erakundeak %95eko ziurtasuna dauka errua gizakiarena dela, hark eta berak bakarrik sortutako berotegi efektua "erreala" dela, eta berak jarri beharko diela muga gas isurketei.
Besteak beste, itsasoaren maila 26 eta 82 artean igoko dela ohartarazi du; 2007an, 18 eta 59 artekoa zen iragarpena —oraingoan Groenlandiaren urtzea kontuan hartzeak igo du nabarmen kopurua—, eta tenperaturak 0,3 eta 4,8 artean egingo du gora. Industriaurreko garaitik 0,8 gradu berotu da Lurra.
Lehen aldiz azaldu ditu formalki datozen hamarkadatan gerta daitekeenei buruzko hipotesiak. Etorkizunerako lau agertoki irudikatu ditu IPCCk, gizakiaren portaera gorabehera: kasurik onenean, iragarri du 0,3 gradu berotuko dela; okerrenean, 4,8. 1986tik 2005era izan diren tenperaturen batez bestekoa izan da neurgailu bat; eta bestea, berotegi efektua, alegia, datozen hamarkadetan egongo den CO2 isurketa, gaurko parametroetan.
"Berotegi efektua mugatzeko gas isurketak modu iraunkorrean gutxitu beharko dira", azaldu du Thomas Stocker IPCCko presidenteordeak.