«Mendebaldearen gatazkarekiko jarrera aldatuko du garaipenak»

Hamasek gehiengo absolutua eskuratu eta 76 ordezkari izango ditu; PANeko lehen ministro Ahmed Kureiak dimisioa eman du, eta Al Fata koalizio gobernuan parte hartu edo ez aztertzen ari da porrotaren ostean

Kristina Berasain Tristan.
2006ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Legebiltzarreko eraikinera di-da batean igo eta letra zuriak dituzten ikur berdeak paratu zituzten atzo gazte palestinarrek Ramalan. Hamasen garaipen historikoa islatzeko modu sinbolikoa izan zen. Plazan elkarretaratu ziren ehunka herritarrak txaloka hasi ziren. Hauteskundeetara aurkezten zen aurreneko aldian gehiengo absolutua lortu zuen Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduak. Legebiltzarrean 76 ordezkari izango ditu orotara 132 diputatu egongo dira. Horietako batzuk, baina, ezin izango dute bertara joan. Ramalan dago egoitza. Gazan bizi diren diputatuak, hartara, ezin izango dute joan Zisjordaniara. Bideo konferentziaz arituko dira lanean.

Washingtonek eta Europako Batasunak erakunde terroristen zerrendan ezarri zuten alderdiak gehiengo absolutua lortzea ez zegoen aurreikusia. Hamed Mubarak hautagaiak horrela adierazi zuen: «Emaitzekin pozik gaude eta harro palestinarrek guregan jarri duten konfiantzarengatik. Irabaztea espero genuen baina ez horrelako aldearekin». Hamasen garaipenak bake prozesuan «aurrekaririk gabeko ondorioak» eragingo dituela iragarri zuen Mahmud al Zahar buruzagiak: «Nazioarteko komunitateari irakaspen bat da gure garaipena eta gatazka palestinarrarekiko duten ikuspegia aldatu egin da». Israelez, herrialde arabiarrez eta mendebaldeaz ari zela zehaztu zuen. Israelekin iazko otsailean hitzartutako su-etenari eusteko prest daudela jakinarazi zuen baldin eta beste aldeak berdin egiten badu: «Bestela ez dugu gure herria eta lurra babesteaz aparte beste aukerarik izango». Bake prozesurik ez dagoela salatu zuen buruzagiak. Hamasen gobernuak, bere ustetan, aldaketa ugari ekarriko ditu: «Eremu guztietan egingo ditugu aldaketak, ekonomian, industrian, nekazaritzan, gizarte laguntzan, osasunean, administrazioan, hezkuntzan...».Al Fata alderdia izan zen atzoko hauteskundeetan porrotaren irudia. Palestinaren independentzia aldarrikapenaren ikur izan den alderdiak 43 ordezkari baino ez zituen eskuratu. Al Fata hamar urtez egon da boterean eta aurtengo bozetan nagusitasuna mantentzeko zailtasunak izango zituela aintzat hartuta guardia zaharreko hautagaiak alboratu eta izen gazteagoen alde egin zuen apustua. Maruan Barguti presoa zen zerrendako burua. Estrategia hori, alta, ez zaio baliagarria izan. PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Ahmed Kureiak dimisioa eman zuen aurreneko emaitzen berri izan zuenean. Mahmud Abbas presidentea ere aukera hori aztertzen ari zela jakinarazi zuten. Iluntzean, baina, gobernu berri bat osatzeko konpromisoa hartu zuen. Errepide Mapa bake bidean aurrera egiteko modu bakarra dela adierazi zuen.

Koalizio gobernua zalantzan

Al Fatak bilera egin zuen atzo arratsaldean hemendik aurrera hartu beharreko neurriak aztertzeko. Hamasekin koalizio gobernua osatzea edo ez zehaztea zen gakoa. Hamasek, ildo horretan, batasun nazionaleko koalizio gobernu bat osatzeko proposamena luzatu zion Al Fatari. Ismail Hania zerrenda buruak telefonoz deitu zion Abbasi: «Berarekin bildu nahi dugu adosten ahal dugun kooperazio politikoaz aritzeko. Hamasek guztiekin elkarlanean arituko da herri guztiaren mesedetan». Saeb Erekat Negoziazio ministroak alderdiak ez duela koalizioan parte hartuko eta oposizio «leiala» egingo dutela jakinarazi zuen: «Alderdia berriz osatuko dugu». Nabil Shaath alderdikideak, berriz, erabakia hartu gabe zegoela eta aurrerago zehaztuko dutela iragarri zuen.

Israelek, bien bitartean, hamaika urteko neska bat hil zuen atzo tiroz Gazan. Khan Junisen egin zioten tiro soldaduek soinean eramaten zuen motxilan lehergailu bat eramaten zuelakoan. Hamas eta Al Fatako kideen artean, bestetik, borrokak izan ziren Ramalan. Harriak bota zizkieten elkarri eta hainbat zauritu izan ziren.

ismail hania

(Hamaseko zerrenda burua)

Moderatuen ikur





Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko adar pragmatikoa eta moderatua islatzen du Ismail Abdul Salam Ahmed Haniak (Gaza, 1963). Taldea bozetara aurkezten zen aurreneko aldian zerrenda buru gisa aukeratu izana, ildo horretan, ez da debaldekoa izan. Palestinarren artean muturreko beste hautagai batzuk baino sostengu zabalagoa jasotzeko aukera zuen buruzagi karismatiko honek. Nazioartean oso ezaguna ez bada ere arabieraz mintzatzen da soilik aski ospetsua da Gazan.

Shatin kostaldeko errefuxiatu gunean jaio zen. Aurki hasi zen politikan. Israelgo Armadak behin baino gehiagotan atxilotu izan du. Libano hegoaldera deportatu zuten beste 451 ekintzailerekin batera 1992. urtean. Gazara urtebete geroago itzuli zen. Hamaseko zuzendaritza taldean duela sei urte sartu zen. Ahmed Jassin xekearen bulegoko zuzendari izendatu zuten eta haren gertukoa zen. Jassinekin bazkaltzen ari zen batean airez eraso zuten eraikina. Israelek duela bi urte hil zuen xekea.

Gazako Unibertsitate Islamikoan Erlijio irakaslea da egun Arabiar Filologoa da. Hania ezkonduta dago eta zazpi seme alaba ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.