MENDEBALDEKO SAHARA. AGDAIM IZIK. «Goizaldean sartu dira, lo geundela, eta haima bakar bat ere ez dute zutik utzi»

Agdaim Iziken bildutako sahararretako bat izan da Mohamed Balla; kanporaketaren zuzeneko lekukoa izan da, eta horren kontakizuna egin du. Hiriburuan ere egoera oso ankerra dela ohartarazi du.

Kristina Berasain Tristan.
2010eko azaroaren 9a
00:00
Entzun
Aaiungo Maatala auzoko bere etxetik mintzatu da berriarekin. Hitz egiten ari zela, kolonoak sartu dira haren etxean, eskuetan labanak zituztela, eta guztiz hondatu dute geletako bat. Sidi Mohamed Ballarentzat (Aaiun, 1979), baina, ez da ezustekoa izan; etengabe bizi izan baititu horrelako ekintzak. ASVDH Giza Eskubideen Urratze Larrien Saharako Biktimen Elkarteko kidea da eta zortzi hilabetez egon zen preso Kartzela Beltzean. Intifadaren harira egindako manifestazio batean atxilotu zuten, eta hiru egunez izan zuten zintzilik, «oinetatik eta eskuetatik», giza eskubideen aldeko ekintzaileak salatu zitzan. Agdaim Izik kanpalekuan ere aritu da borrokan, atzo goizaldean desegin zuten arte.

Agdaim Iziken izan zara azken asteetan. Marokoko militarrak sartzean ere kanpalekuan al zinen?

Bai, han nintzen. Goizaldean sartu dira, lo geundenean, eta haima bakar bat ere ez dute zutik utzi; dena suntsitu dute. Helikopteroen zaratarekin iratzarri gara, eta berehala atera gara denak kalera. Ordurako militarrek hartuta zegoen kanpalekua. Helikopteroetatik negar gasa eta ura botatzen zuten bitartean, kamioietan eta jeepetan zeuden militarrek harriak eta gomazko balak jaurtitzen hasi dira. Anabasa izan da; masakre baten modukoa.

Umeak ere han ziren?

Bai, emakumeak, edadetuak, gaixoak eta haurrak zeuden kanpalekuan. Orotara, 20.000 saharar geunden eta, hainbat minutuz, nora ezean ibili gara denak, batetik bestera, zer egin ez genekiela. Ikaragarria izan da. Indarrez sakabanatu gaituzte, eta haimak apurtu egin dituzte. Su ere eman diete haimei. Ondoren, borrak atera eta kolpeka hasi dira, eta tiro hotsak ere entzun dira orduan. Zirrara eragin du horrek.

Aaiunera ihes egin al duzue orduan?

Ahal izan duenak autoz alde egin du, baina gehienak oinez etorri gara, basamortuan zehar; hamabost kilometro oinez eta tartean kontrolak pasatu behar izan ditugu; hainbat lagun atxilotu dituzte orduan. Aaiunera iristen ari ginela, su zirimolak ikusi ditugu. Manifestazioan ari ziren hemen zeuden sahararrak, eta jazarpena ere handia izan da. Egoera ikaragarria da, gerra egoeran gaude, infernu batean bezala bizi gara hemen. Kolonoak etxeetan sartzen ari dira, eta kalean etengabeak dira borrokak. Poliziak eta soldaduak daude bazter guztietan. Egoera oso larria da; ankerra oso.

Marokok kanpalekutik alde egiteko deia egin zuela adierazi du.

Hori gezurra da. Aurretik abisua eman gabe desegin du kanpalekua, antolatzaileekin negoziatzen aritu dira, baina guri ez digute horren berri eman. Igandean arratsaldeko hiruretatik aurrera inork ezin izan du kanpalekuan sartu, ezta bertatik atera ere. Blokeoa indarrean egon da, eta horrek eragin du hainbat ume bertan egotea; izan ere, eskolara joatekoak ziren haurrak kanpalekuan ziren.

Mendebaldeko Saharan baztertuta zaudetela salatzeko eraiki zenuten kanpalekua, baina ostiralean mitin bat ere egin zenuten, ezta?

Bai, baina argi dago saharar guztiok aldarrikatzen dugula independentzia. Martiri izateko prest gaude eta gerrarako prest gaude.

Espero al zenuten erantzun hau?

Marokok ez du jakin auzi hau bideratzen, eskuetatik ihes egin dio, eta beste behin indarra baliatu du, jazarpena baita darabilen hizkuntza bakarra, horixe utzi du agerian berriz ere. Askatasun oihuak isilarazteko baliatu du indarkeria.

Kartzela Beltzean izandakoa zara...

Intifadan egindako manifestazio batean hartu ninduten atxilo, 2005eko abuztuaren 8an. Aminatu Haidar, Ali Salem Tamek, Hmad Hmad eta giza eskubideen aldeko beste hainbat ekintzailerekin batera atxilotu ninduten. Hiru egunez eduki ninduten zintzilik salatu nitzan, eta torturak etengabeak izan ziren. Ospitalera eraman ninduten orduan, eta gero, Kartzela Beltzera. Presoak pilatuta ageri diren argazki horiek nik atera nituen, lagun batek sartu zuen argazki kamera batekin. Bost aldiz epaitu ninduten, eta bi urteko kartzela zigorra ezarri; baina nazioarteko presioari esker, handik zortzi hilabetera askatu ninduten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.