Izenak berak dioen bezala, sahararren eskubideak aldarrikatu eta haien aldeko kanpaina bultzatzea izan da Aljeriako eskualde guztiak zeharkatuko dituen ibilaldiaren helburua. Gaur Marokoko mugara iritsiko dira lau karabanak, eta han mezu bateratua bidaliko diote Rabati: «Gure mezua Marokoko erregearenganaino iristea nahi dugu. Sahararrak zer gertatuko den zain gaude, baita errefuxiatuak ere. Baina gertatzen dena gertatzen dela ere, ez dira besoak gurutzatuta geratuko. 32 urteko borrokaren ostean, Marokoren presioek ez dute haien borondatea apurtuko», dio Brahim Galik. Fronte Polisarioaren Aljeriarako enbaxadorea izateaz gain, karabanen antolatzaileetako bat ere bada Gali, eta haiekin batera egin du ibilbide luzea. Pozik dago lortutako sostenguarekin. «Sinestezina izan da. Ekitaldiak kanpoan egin behar izan ditugu, dendetan nahiko toki ez zegoelako».
Uztailaren 16an, duela hilabete, abiatu ziren Elkartasunaren Karabanak Aaiun izeneko errefuxiatu gunetik. «Karabanaren xedea da sahararron esker oneko mezua helaraztea aljeriarrei, gure autodeterminazio eta independentziarako eskubidea defendatzeko garaian Aljeriak izan duen jarreragatik», nabarmendu zuen SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko presidente Mohamed Abdelazizek.
Independentzia helburu
Igaro diren hiri eta herri guztietan besoak zabalik hartu dituzte Elkartasunaren Karabanak. Polisarioaren arabera, ehunka lagunek hartu dute parte antolatzaileek bultzatutako ekitaldi politiko eta kulturaletan. Asko izan dira, halaber, ibilaldiarekin bat egin duten aljeriar eta sahararrak. Gali da horietako bat. «Saharar herriaren askatasun eta independentziarako borroka irabaztea denbora kontua besterik ez da». Annaban egin du agerraldia, karabanaren inguruan bildutako dozenaka lagunen aurrean. Itxaropentsu hitz egin du Mendebaldeko Saharako ordezkariak. Ziur agertu da garaipenaz, baina aldi berean gogor gaitzetsi du Marokoren jarrera: «Negoziazioek porrot egin dute, Marokok esaten jarraitzen duelako Sahara Mendebaldea bera dela».
Annaban, aurreko geldialdietan egin bezala, khaima edo denda bat jarri dute karabanako kideek. Dozenaka lagun bildu dira bertan, sahararren kultura eta historia ezagutzeko asmoz. Ekitaldi horiek, baina, badute beste helbururik. Izan ere, antolatzaileak Mendebaldeko Saharan erreferenduma egitearen aldeko sinadurak biltzen ari dira.
Bitartean, ordea, errefuxiatu guneetan gero eta zailagoa da elikagaiak lortzea. Saharako Gurutze Gorriak ohartarazi du malnutrizio kasuak gero eta ugariagoak direla haur eta emakumeen artean.
SEAD eta Marokoren arteko hurrengo bilera, kolokan
Lau alditan bildu dira orain arte Marokoko eta SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko ordezkaritzak. Datorren udazkenean bilduko dira bosgarren aldiz, New Yorken, NBE Nazio Batuen egoitzan. Baina Fronte Polisarioak, jada, ohartarazi du elkarrizketek emaitzarik emango badute Peter Van Walsumek bitartekaritza lanak utzi behar dituela. Marokoren alde egin eta sahararren erabakitzeko eskubidea ez errespetatzea egozten dio Polisarioak Van Walsumi. NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonek, ordea, ez du oraingoz aldaketarik iragarri. Abuztuan amaituko da Van Walsumen agintaldia, eta ordurako erabakiren bat hartu beharko du Banek.Donostia eta Bojador,hogei urte senidetuak
Duela 22 urte iritsi ziren lehen aldiz Mendebaldeko Saharako haurrak Gipuzkoako hiriburura. Handik bi urtera, 1988an, senidetu egin ziren Donostia eta Bojador hiriak, bien arteko harremana indartzeko asmoz. Atzo bete ziren hogei urte agiri hura sinatu zutenetik, eta donostiarren eta sahararren arteko laguntasunaren adierazle Fronte Polisarioko hainbat ordezkari izan ziren hirian. Polisarioak Espainiako Estatuan duen enbaxadore Butxaraja Hamudik sahararren egoera salatzeko baliatu zuen urteurrena. Hark Marokoren jarrera salatu eta Mendebaldeko Saharako herritarrek beren estatusa erabakitzeko eskubidea dutela nabarmendu zuen. Ekitaldian izan zen SEADeko Atzerri ministroa ere.500
Desagertuak. 1975ean, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenean, ehunka saharar «desagertu» ziren. Gaur egun, 33 urte geroago, 500ek galduta jarraitzen dute. Horretaz gain, garai hartan atxilotutako 150 sahararrek Marokoren menpe jarraitzen dute.Ahmed Bujari Fronte Polisarioaren NBEko ordezkaria
Marokorekiko negoziazio guztietan izan da orain arte Bujari,eta hurrengoetan ere parte hartuko du; baina jarraitu aurretik nahitaezkotzat jotzen du NBEk bere ordezkaria aldatzea.
«Bitartekaria Van Walsum den artean, akordioa lortzea ezinezkoa izango da»
A. ElizegiFronte Polisarioak NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkaria da Ahmed Bujari (Dakhla, 1954). Marokorekin egindako negoziazio guztietan parte hartu du, eta, Rabatek Mendebaldeko Saharari erabakitzeko eskubidea onartu gabe jarraitzen duen arren, Polisarioaren ordezkariak ez du itxaropenik galdu. Ziurda lehenago edo geroago sahararrek independentzia lortuko dutela.
Iaz bildu zineten azken aldiz Marokoko ordezkaritzarekin Mendebaldeko Sahararen egoeraz hitz egiteko. Nola daude une honetan negoziazioak?
Bake prozesua ez dago hilda, elkarrizketek jarraitzen dute, eta udazken aldean egingo dugu bosgarren bilera erronda. Dena den, NBEko idazkari nagusi Ban Ki-moonen azken erabakiaren zain gaude; izan ere, ohartarazi diogu hura karguan den bitartean ez dela akordiorik egongo. Argi geratu da Peter Van Walsumek Marokoren alde jokatzen duela, eta horrek prozesua gelditzeko bestetarako ez du balio. Marokok ez du onartu nahi Mendebaldeko Saharak erabakitzeko eskubidea duela, eta NBEk horretarako presiorik egiten ez badio, alferrik ari gara lanean.
Polisarioak eskatu berri du Van Walsumen dimisioa; uste duzu horrela gaindituko dituzuela oztopoak?
Ikusi beharko da. Ban Ki-moonek Van Walsumi emandako agintea abuztuan amaituko da, eta horren ondoren ikusiko dugu zer erabaki hartzen duen nazioarteak. Gauza bat argi dago: bitartekaria Van Walsum den artean, akordioa lortzea ezinezkoa izango da. Bitartekariak neutrala behar du izan, eta hark Marokoren aldeko jarrera argia erakutsi du.
Duela gutxi, Marokoko erregeak Aljeriari esan dio Saharako auzia bien artean konpondu beharrekoa dela.
Hori ez da berria. Rabatek ez du inoiz onartu sahararren erabakitzeko eskubidea, beti errepikatu izan du ez digula independente izaten utziko. Baina garaiak aldatu egiten dira, eta azkenean amore eman beharko du. Duela gutxi arte Indonesiak ere esaten zuen ez zuela onartuko Ekialdeko Timorren independentzia, baina hark ere etsi egin behar izan du. Gauza bera gertatuko zaio Marokori. Gu ez gaude bakarrik. Herrialde askok agertu digute sostengua, tartean Aljeriak, eta NBEk berak argi utzi du sahararrok erabakitzeko eskubidea dugula. Urtebete barru izan edo beste mende bat itxaron behar izan, iritsiko da independentzia aldarrikatuko dugun eguna. Ordura arte borrokan jarraituko dugu.
Datorren urtean amaituko da NBEren Mendebaldeko Sahararako misioa. Zer gertatuko da ordurako akordiorik lortzen ez bada?
Negoziazioak ez dira bertan behera geratuko. Ez dugu amore emango. MINURSO NBEren Mendebaldeko Sahararako misioa amaitzeak ez du esan nahi bake prozesua bertan behera geratuko denik. Dena den, Ban Ki-moonek hartzen duen erabakiaren araberakoa izango da gure hurrengo pausoa ere. Guk argi esan diogu ez dugula Van Walsumekin hitz egiten jarraitu nahi; orain haren txanda da. Aldaketarik ez egitea erabakitzen badu, guk ere aztertu egin beharko dugu harekin hitz egiten jarraituko dugun.
Prozesu horretan guztian zertan laguntzen dute Elkartasunaren Karabanen gisako proiektuek?
Errefuxiatu sahararrei itxaropena eramatea eta aljeriarrei euren laguntza eskertzea da karabanen azken helburua. Aljeria sostengu garrantzitsua izan da 1975etik,Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu zuenetik. Hasieratik eskaini digute laguntza bai Gobernuak eta baita herritarrek ere. Halako proiektuak, azkenean, sahararren eskubideak defendatzeko beste era bat dira.