Fronte Polisarioaren aspaldiko ekimena da errefuxiatu kanpalekuetan bizi diren sahararrak identifikatzeko nortasun agiri fidagarri eta berritua eratzea. Bospasei urtez ez aurrera ez atzera egon ondotik, lehen txartelak irailean banatzen hasiko dira. Gasteizko Sahararen Lagunen elkarteak izan du proiektua garatzeko ardura teknikoa, betiere Polisarioarekin elkarlanean.
«Osasunean, hezkuntzan edo maila teknikoan proiektu ugari ditugu kanpalekuetan. Ezagutzen gaituzte, eta badakite esperientzia zabala dugula», azaldu du Miguel Barriok, Gasteizko elkartetik agiria martxan jartzeko arduradunak.
Gaur egun, Saharako errefuxiatuek badituzte identifikatzeko txartelak. Alta, agiri horiek ez dute fidagarritasun handirik. Hori dela eta, nazioarteko arauak betetzen dituen txartel bat egitea zen helburua, eta bete egin dute, Barrioren ustez. «Eredurik seguruena da. Teorian, kopiatzeko oso gaitza litzateke». Barra kode digitala du, eta, oroz gaindi, AEBetan egin den holograma homologatua, munduko nortasun agiri eta pasaporte gehienek dituztenen antzekoa.
Ekimena azken txanpan sartu da. Dagoeneko agiriak egingo dituen bulego ibiltari bat paratu dute Saharan. Kamioi hozkailu batean gordetzen dira, tenperatuta egokian, inprimagailu eta ordenagailuak, eta hori guztia propio eraikitako pabiloi batean sartu da. Ahalik eta fidagarritasun handiena ziurtatzeko modua da.
150.000 ale banatzeko
Azken urratsa Polisarioak duen errolda eguneratzea eta digitalizatzea da. Orotara, 150.000 txartel banatuko dira. Barriok argi utzi du Gasteizko taldea Polisarioarekin batera aritu dela. Mohamed Jadad aritu da horretan, MINURSO NBEren Mendebaldeko Saharako misioan Polisarioak duen koordinatzailea. Besteak beste, diseinua sahararrek erabaki dute. Agiriaren atzealdea hori kolorekoa da, basamortuko harea irudikatzeko. Polisarioko ikurra eta Afrikako mapa ere ageri dira.
Proiektu garestia dela azpimarratu du Barriok. Gastu guztiei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzaren finantzabidea izan dute. Oraingoz, agiriak inprimatuko dituen bulegoaren gastuak ere ordainduko ditu. Hori bai, eguneroko kudeaketa eta lana sahararrek eurek egingo dute.
Agiria balizko autodeterminazio erreferendum baterako erabiliko da, baina ez hori bakarrik. «Osasungintzan edo janariaren banaketan ere lana erraztuko du», argitu du Barriok.
MENDEBALDEKO SAHARA. ELKARTASUNAREN KARABANAK. Nortasunaren ikur
Irailean hasiko dira Saharako errefuxiatuak identifikatzeko agiri berria banatzen; Gasteizko talde batek gauzatu du proiektua, Polisarioarekin elkarlanean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu