Marokoko Mohammed VI.a erregeak Nazio Batuen Erakundearen bake plana baztertzen segitzen du, ez baitago prest Mendebaldeko Sahararen etorkizunari buruzko erreferendumik onartzeko. «Marokok ez dio uko egingo hazbete bakar bati, ezta bere Sahara maitearen hondar ale bakar bati ere», esan zuen atzo, Aaiunen. Horrela amaitu zuen Mendebaldeko Saharara egindako sei eguneko bisita. Koroa eskuratu zuenetik duela zazpi urte Saharara egindako hirugarren bisita izan da.
Mohammed VI.ak autonomia plan bat proposatu du eta NBEk hura bultza dezan da bere helburua. NBEko Segurtasun Kontseilua apirilean da biltzekoa Saharako egoera aztertzeko, eta orduan zen Rabat bere plana aurkeztekoa. Baina denbora gehiago behar du Mohammed VI.ak. Marokoko alderdi politikoekin eta Saharako Auzietarako Errege Kontseilu Aholkulariarekin hitzartu nahi du aurretik. Rabaten aldeko tribu buruzagiz eta hautetsiz dago osatuta aipatutako kontseilua. Erregearen bisitak, ordea, protesta ugari eragin ditu kaleetan: Aaiun hiriburuan, Smaran eta Bojadorren, besteak beste. Izan ere, sahararrek giza eskubideen urraketen erantzule nagusitzat jotzen dute. Saharako banderak zeramatzatela, presoak askatzeko eta autodeterminazio erreferenduma onartzeko eskatu dute manifestariek egunotan. Sahara Press Service albiste agentziak jakinarazi duenez, Polizia eta Hiri Segurtasunerako Taldea gogor oldartu zaie, ez bakarrik kalean, baita manifestarien etxeetan sarekadak eginez ere. Atxilotuen artean, giza eskubideen aldeko ekintzaileak daude: Egia eta Justiziaren Foroko kide Larbi El Moussami eta Giza Eskubideen Urraketa Larrien Aurkako Saharako Elkarteko presidenteorde Djimi Elghalia, adibidez.
Epaiketen aurkako salaketa
Protestak baretu nahian, 216 preso askatuko dituela iragarri zuen Marokoko Justizia Ministerioak atzo; horien artean, iazko maiatzeko eta ekaineko protestengatik atxilotu zituzten 30 ekintzaile. Askatzekoak diren ekintzaileen artean Ali Salem Tamek, Hmmad Hammad Giza Eskubideen Urraketa Larrien Aurkako Saharako Elkarteko presidentea eta Giza Eskubideen Elkarteko kide Mohamed el Moutaouakil daude. Hiru ekintzaile horiei eta beste 11ri protesta «bortitzak» antolatzea egotzi zien Aaiungo Auzitegiak abenduan, eta sei hilabete eta hiru urte arteko espetxe zigorrak jarri zizkien.
Begirale aritutako talde batek, Espainiako Abokatutzaren Kontseilu Nagusiak gogor salatu ditu epaiketak. Aste honetan kaleratu duen txostenaren arabera, akusatuen aurkako froga bakarrak Poliziaren aktak ziren. Gainera, beste hainbat urraketa egin zituzten: akusatuak salatutako gertaeretatik denbora batera atxilotu zituzten batzuk ez ziren gertaeren lekuan izan ere;leku sekretuetan izan zituzten atxilo; epaileek ez zituzten tortura salaketak aintzat hartu nahi; akusatuak gaizkile gisa tratatu zituzten, beren ideiak modu baketsuan adierazteagatik; eta poliziek auzitegiaren barruan bertan jazarri eta jipoitu zituzten akusatuak. NBEren Minurso misioak ez zuen begiralerik izan epaitegian, eta ez zuen eragotzi Poliziak epaitegi aurrean biltzen ziren herritarrei erasotzea.
MENDEBALDEKO SAHARA. Mohammed VI.a: «Marokok ez dio uko egingo Sahararen hondar ale bakar bati ere»
Rabatek iragarri du 216 preso askatuko dituela; tartean, giza eskubideen aldeko 30 ekintzaile
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu