Peter van Walsum NBE Nazio Batuen Erakundeko bitartekariak eragin du krisia. Mendebaldeko Saharako independentzia ez dela «aukera errealista» esan, eta «ikuspegi errealista» eta «konpromisorako espiritua» izateko eskatu zion maiatzean Fronte Polisarioari. Marokoren alde egitea eta bitartekari batek izan behar duen inpartzialtasuna galtzea leporatu dio orain Fronte Polisarioak Van Walsumi. Abdelkaber Taleb Omar SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoko lehen ministroak «inpartzialtasunaren printzipio» urratzea leporatu dio, eta bitartekari den bitartean negoziazio gehiago egitea «zaila» izango dela aurreratu du.
Martxoan egin zuten azkeneko bilera bi aldeek, eta, han bosgarren erronda bat egiteko hitza eman bazuten ere, une honetan prozesua etenda dagoela jakinarazi du lehen ministroak: «Negoziazio prozesua eten izana deitoratzen dut, baina une honetan ez dago negoziazioetarako agendarik». Fronte Polisarioak gerra nahi ez badu ere, borroka armatuari berriz ekiteko prestatzen ari dela aurreratu du Omarrek.
Bakerren ordezkaria
James Baker nazioartearen aurreko bitartekariak 2004. urtean eman zuen dimisioa, gatazkak aurrera egiteko modurik ez zuela argudiatuta. Val Walsumek urtebete geroago ekin zion lanari, baina lau urtetan ez da auzia bideratzeko gai izan. Bakerri «harrigarri» iritzi zion orduan norbait lan horri ekiteko prest egoteari.
Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari apirilean helarazitako azken txostenaren zirriborroan «prozesuaren bihotzean erabateko blokeoa» zegoela aitortu zuen bitartekariak. Gerora ezabatu egin zuen puntu hori. Segurtasun Kontseiluak apirilean onartu zuen auziaren inguruko azken ebazpena, 1813 ebazpena, eta, han, bi aldeei negoziatzeko deia egiten zaie auziari «irtenbide politikoa» emateko.
NBEri, ildo horretan, ebazpenean esaten dena betearazteko neurriak har dezan eskatu dio Mendebaldeko Saharak. Lehen ministroaren hitzetan nazioarteko erakundeak «mugitu» egin behar du tentsioa gero eta handiagoa baita eta «lehertzeko arriskua» baitago: «NBEren papera nazioarteko legedia betearaztea da, eta, kolonialismoa sendotzeko tresna bilakatzen bada, ba orduan, ez dugu haren beharra izango».
Van Walsumen adierazpenen ostean gehiago izan dira, gerora,sahararren autodeterminazio eskubidea baztertu izan duten ahotsak. George Bush Ameriketako Estatu Batuetako presidentea izan da azkenetakoa. Mohamed VI.a Marokoko erregeari bidalitako gutunean haren jarrera sostengatzen du Bushek. Mohamed Abdelaziz SEADeko presidenteak gogor salatu du jarrera hori, eta «lotsagarri» iritzi dio nazioarteko legedia urratzen duen jarrera bat babesteari: «Ameriketako Estatu Batuek nazioarteko arauak urratzen dituen jarrera sostengatzeaz gain, herriei euren borondatea gauzatzeko eskubidea kentzen diete eta irtenbide demokratikorako aukerak baztertu».
Marokoren jarrera
Marokok, bien bitartean, negoziazioak etenda egungo prozesu politikoa «zapuztu» nahi izatea eta auziari «irtenbide baketsu» bat jartzeko dinamikarekin amaitu nahi izatea leporatu dio Polisarioari. Lurralde liberatuetara itzultzeko sahararrek iragarritako egitasmoarekin statu quo-a hautsi nahi izatea egotzi dio eta horrelakorik ez duela onartuko adierazi.
Mendebaldeko Sahara nazioarteko legediaren arabera militarki okupatutako lurralde ez autonomoa da. Marokok 1957 urtean sinatu zuen Genevako laugarren Konbentzioa (1949) baina ez du hura bete.
Fronte Polisarioak 1991. urtean su-etena aldarrikatu zuenetik auzia ez aurrera ez atzera dago. Erreferenduma egiteko baldintzarekin utzi zituzten armak sahararrek, baina orain arte nazioartea ez da gai izan prometatutako erreferenduma egiteko. NBEren Konponbide Plana urtebete lehenago, 1990. urtean, onartu zuten bi aldeek. Mendebaldeko Saharan autodeterminazioari buruzko galdeketa egitea jasotzen zuen planak, eta, su-etenaren ostean, 1992an zen egitekoa galdeketa. Marokok, baina, hainbat oztopo jarri zituen eta atzeratu egin zen. James Baker 1997. urtean ekin zion bitartekaritza lanari eta
galdeketan iruzurra egon ez zedin erroldak osatzea erabaki zuen. Baker Plana izena zuen bake egitasmoak autonomia ezarri eta bost urteko epean erreferenduma egiteko proposamena jasotzen zuen, alegia, 2000. urtean. Marokok, baina, hainbat helegite ezarri zituen erroldaren harira eta plana atzeratzea lortu zuen.
Marokok autonomia emateko prest dago, baina ez haratago joateko. Autodeterminazio eskubidea ukatu eta erreferenduma egiteko proposamenei uko egin dio behin eta berriro Marokok. Fronte Polisarioa, berriz, ez dago prest hori jasotzen ez duen bestelako aukerarik onartzeko.
Mendebaldeko Saharan, bestalde, bere horretan da sahararren eta bereziki giza eskubideen defendatzaileen kontrako jazarpena. Aaiungo Kartzela Beltzeko presoek, ildo horretan, 48 orduko gose grebari ekin zioten atzo euren baldintzak hobe ditzaten, eta sahararren autodeterminazio eskubidea errespeta dadin aldarrikatzeko.
Lurralde liberatuetako herriak populatzeko asmoak
Mendebaldeko Saharak 266.000 kilometro koadro ditu, eta lurraldearen heren bat dira lurralde liberatuak. Fronte Polisarioak hango herriak eta hiriak berriz populatzeko asmoa du. Marokok suntsitutakoa berriz eraikitzeko eta errepideak egiteko egitasmoak daude. Tifariti bihurtuko litzateke hiriburu.Gerra luzea eta gatazka are luzeagoa
OKUPAZIOAREN SORRERA1884. Espainiak Mendebaldeko Sahara okupatu zuen.
1973. Fronte Polisarioa sortu zen.
GERRAREN URTE ILUNAK
1975. Marokok herrialdea okupatu zuen.
1976. SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuen Polisarioak.
1990. NBEren Konponbide Plana onartu zuten bi aldeek.
1991. Su-etena aldarrikatu zuten.
NAZIOARTEAREN AHALEGINAK
1992. Autodeterminaziorako erreferenduma atzeratu zen.
1997. James Baker bitartekaria izendatu zuen NBEk.
2004. Erreferenduma ez zela egiten eta, dimisioa eman zuen Bakerrek.
2005. Intifada abiatu zuten sahararrek.
2007. Marokok eta Polisarioak negoziazioak abiatuzituzten.
2008. Negoziazioak eten dira.