MENDEBALDEKO SAHARAKO GATAZKA. Baketze misioa beste sei hilabete luzatzeko eskatu du Annanek

Konponbidea urrun ikusten duenez, MINURSOren militar kopurua bere hartan utzi nahi du NBEko idazkari nagusiak

2005eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Blokeoa eta impasse-a dira sahararrek aski ondo ezagutzen dituzten bi hitz. Urteak daramatzate Marokok okupatutako beren herriaren gatazkaren aterabidea noiz gertatuko, beren borrokaren zein nazioarteko erakundeen esku-hartzearen bitartez. Urteak, ebazpen, deklarazio eta gomendioak entzuten eta aldarrikapenak egiten. Ez atzera ez aurrerako egoera hori ikusirik, Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio erreferenduma egiteko Nazio Batuen Erakundeak duen misioa, MINURSO, beste behin (hamaikagarren aldiz) beste sei hilabete luzatzea gomendatu zuen herenegun gauean NBEko idazkari nagusi Kofi Annanek.

NBEren Segurtasun Kontseiluan Mendebaldeko Sahararen egoeraz osatu duen azken txostena aurkeztean Fronte Polisarioaren eta Marokoren arteko negoziazioetan azken hileotan izandako aurrerapen ezaz kexu agertu zen Annan.Aurreko aldietan MINURSOren militar kopurua gutxitzeko aztertzea galdegin bazuen ere, oraingoan baketze indarren kopurua bere hartan (227 behatzaile militar daude) uzteko eskatu du. Halere, heldu den maiatzean NBEko Idazkaritzako talde bat herrialdera joango dela iragarri du, MINURSOren egitura eta militar kopurua gutxitzea posible denetz aztertzera. NBEren indarren funtzioa Fronte Polisarioak eta Marokok 1991ko irailaren 6an hitzartutako su-etena nahiz akordio militarrak betetzen direla bermatzea da. Herenegungo txostenean Annan kezkatua agertu da gatazkaren bi aldeek akordiook urratu dituztelako. Menia, ordea, errespetatzen dutela aipatu du. MINURSOtik Annani emandako informazioen arabera Marokoko Armadak behaketa radarrak ezarri ditu han-hemenka eta ariketa militarrak burutu ditu horretarako debekatutako hainbat eremutan. Gainera, Fronte Polisarioak airekoen kontrako bateriak hedatu ditu eremu batean, eta gune desmilitarizatuan gerrillariak sartu dira. Mugimendu eta hedapen militarrez gain, Annan kezkatuta azaldu da Fronte Polisarioko buruzagiek berriki eginiko adierazpenekin, non ez duten baztertzen, egoeraren larria ikusirik, armetara itzultzea. «Inoiz baino hurbilago egon daiteke armetara itzultzea», ohartarazi zuten berriki independentziazaleek. Marokok 1975ean okupatu zuen lehen Espainiaren menpe zegoen herrialdea. Nazioarteko presioek Madrilgo gobernuak, Francisco Franco diktadorea hil eta gutxira, tropak Mendebaldeko Saharatik erretiratzea erabakitzea eragin zuten. Marokok ez ezik Mauritaniak ere sahararren lurrak okupatu zituen, baina independentisten borroka armatuari esker, Armada handik erretiratu zuen. Hala, soldadu marokoarren aurka borrokan segitu zuten gerrillari sahararrek, harik eta 1991n su-etena sinatu arte.

Baker planaz aipamenik ez

NBEko buruak osatu duen txostenean ez du dagoeneko Baker plana aipatzen. Berau AEBetako estatu idazkari izandako eta orduan Mendebaldeko Sahararako NBEren ordezkari berezia zen James Bakerrek atondu zuen 1997an lehen aldiz, eta gerora hainbat moldaketa izan zituen, 2002an eta 2003an.

Azken moldaketak bost urteko autonomia aurreikusten zuen Marokok okupatutako lurralde sahararretarako, zeinaren ondoren autodeterminazio erreferenduma egingo zuten sahararrek. NBEk orduan «aterabide egoki» iritzi zion, baldin eta bi aldeek onartzen bazuten. Fronte Polisarioak onartu zuen, ez, ordea, Rabateko gobernuak. Plana gauzatzeko zailtasunak zirela-eta dimisioa eman zuen Bakerrek.Fronte Polisarioaren arabera, NBEk bere ebazpenak indarrean jartzea da gatazka konpontzeko giltzarrietako bat. Salatzen duenez, 1997ko ebazpenak porrot egitearen errua Marokorena da, ez baitzuen errespetatu erreferendumean parte hartu ahal izango zutenen erroldaz Fronte Polisarioarekin hitzartutakoa. Egun, Rabatek dio Baker plana zaharkitua dagoela eta beste proposamen batzuk espero ditu. Annanek azken txostenean esan du eskualdeko estatuen arteko elkarrizketak areagotu arren oraindik ez dela Mendebaldeko Sahararen auzian aurrerapenik egin, ezta horko biztanleek eta errefuxiatuek autodeterminazio eskubidea gauzatzeko moduan ere. Gogoratu duenez, milaka errefuxiatu egoera larrian bizi dira, hauen biziraupena nazioartearen laguntzen araberakoa delarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.