Duela ia bi hilabete hasi zuten gose greba Mendebaldeko Saharako hiru preso politikok. Marrakexko kartzelan (Maroko) daude Brahim Beriaz, Jalihenna Abu Alhassan eta Ali Salem Ablage, iazko apirilean atxilotu zituztenetik. Mendebaldeko Sahararen autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko manifestazio baketsu batean ziren Poliziak atzeman zituenean. Ordutik, bizi baldintza «gizagabean» eduki dituztela salatu du preso politiko sahararrek aske beharko luketela egon aldarrikatzen duen batzordeak.
Egoera tamalgarrian daudela salatu eta bizi baldintza hobeak merezi dituztela aldarrikatzeko hasi zuten hiru gazte horiek gose greba, iragan otsailaren 13an. Marokoko Gobernuak, ordea, gorrarena egin du. Horregatik, grebalarien egoerak nabarmen egin du okerrera. «Bata bestearen atzetik ari dira erortzen, odola okatuz, zorabioak sufrituz, pisua galduz, eta gose grebak eragiten dituen gainontzeko ondorioak jasanez», dio presoen aldeko batzordeak.
«Horri gehitu behar zaio kartzelan bizi duten egoera: gainezka egiten duten ziegatan daude, kriminal eta preso arruntekin batera. Gaizki elikatzen dituzte, bisitak debekatu dizkiete, baita, besteak beste, ikasketekin jarraitzea ere». Egoera hori onartezina dela iritzita, Marokoko Gobernuari presioa egin diezaion eskatu diote nazioarteari.
NBEren misioaren luzapena
Hil honen amaieran Nazio Batuen Erakundeko (NBE) Segurtasun Kontseiluak Mendebaldeko Sahararen auzia jarriko du mahai gainean. Mendebaldeko Sahararako bake misioa (Minurso) luzatu edo bertan behera utzi erabaki beharko du beste behin.
Minurso 1991n sortu zuen Segurtasun Kontseiluak, eta bere mandatu nagusia sahararren autodeterminaziorako erreferenduma antolatzea da, baita Fronte Polisarioak eta Marokok urte horretan bertan sinatutako su-etena bermatzea ere. Marokok, ordea, nazioartearen isiltasuna baliatuz, baina, aldi berean, nazioarteko zuzenbidea urratuz, galdeketa galarazi du.
Mendebaldeko Saharako hiru preso politiko larri daudela ohartarazi dute
Iragan otsailaren 13tik gose greban daude, Marrakexko kartzelan dituzten bizi baldintza txarrak salatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu