Minursoren mandatua agortzeko bezperan onartu du NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak misioa beste urtebetez luzatzeko ebazpena. Marokok sortutako krisi diplomatikoak negoziazio biziak eragin ditu dokumentuaren edukiaren inguruan. Rabatek erakundeko 73 ordezkari zibilak erretiratu zituen martxoan, eta, misioa berriz ere bere ahalmen guztiekin aritzea premiazkoa dela ebatzi du NBEk. Ban Ki-moon idazkari nagusiak 90 eguneko epea izango du hori egiaztatzeko, herrialde batzuek epe hori 120 egunera arte luzatzearen aldekoak baziren ere. Misioak 28 zibil ditu egun, besteak militarrak dira.
Marokok adierazi du krisitik ateratzeko elkarrizketak abiatzeko prest dela. Ban Ki-moon idazkari nagusiarentzat, hala ere, hitz gogorrak izan ditu beste behin. Banen "gehiegikerien" aurrean ebazpena "kolpe latza" izan dela uste du Rabatek. NBEko idazkari nagusia errefuxiatu guneetara eta lurralde liberatuetara martxoan egindako bidaiaz ari da, besteak beste, "okupazioaz" mintzatu zelako, sahararren garaipenaren ikurra egin zuelako, eta lurralde liberatuetan lurra hartzeko baimena Fronte Polisarioari eskatu ziolako. Horrek guztiak hautsak harrotu zituen Marokon.
Azken polemika zenbaterainokoa izan den agerian geratu da ere atzoko bozketan: lehen aldiz hamar urtean ez da aho batekoa izan. Segurtasun Kontseiluko hamabost kideetatik hamarrek alde bozkatu dute, bik kontra —Uruguai eta Venezuela—, eta hiru abstenitu egin dira, tartean Errusia. Moskuk kontra bozkatu izan balu ebazpenak ez zuen aurrera egingo, kide iraunkorra baita.
NBEko 2285 ebazpena enegarrena da. Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa sortu eta 25 urtera etorri baita azken luzapen hau. Marokok eta Fronte Polisarioak 1991ean sinatu zuten su-etena, misioa sortzearekin batera, galdeketa antolatzeko eginkizuna orain arte ezerezean geratu bada ere.
Giza eskubideak ikuskatzen ez dituen munduko bake misio bakarra izaten ere jarraituko du.