Frantziako presidentegaiek borrokari heldu diote berriz, apirileko 22ko hauteskundeen kanpainan bete-betean sartu baitira berriz ere. Mohamed Merah tiroz hilda eta hark ustez Tolosan eta Montaubanen hildakoak lurperatuta, Nicolas Sarkozy presidentearen loriari amaiera emateko ordua dela iritzi diote, auziaren kudeaketak eman dion etekina galtzeko, presidentearen arrakasta porrota bilakatu nahian: estatuaren zerbitzu sekretuek nahiko froga zeuzkaten Mohamed Merah atxilotzeko, eta, beraz, gertatutakoa eragotz zitekeen. Horixe da bai ezkerra eta bai eskuin muturra iradokitzen ari direna euren mezuen bidez. Herenegun Merah hil orduko hasi ziren erasoan oposizioko hautagaiak, eta atzo, François Fillon Frantziako lehen ministroak gobernuaren jarrera zuritzera atera behar izan zuen.
Fillonen ustez, ez zegoen inolako frogarik Mohamed Merah atxilotzeko: «Legeak ez du uzten deliturik egin ez duen norbait etengabe zaintzen. Zuzenbide estatu batean bizi gara». Uste du DCRI Frantziako informazio zerbitzuek lana «behar bezala» egin dutela. DCRIk atzemanda zeukan Merah Afganistanera eta Pakistanera egindako bidaiengatik, baina ez zegoen inolako zantzurik gizon arriskutsua zela pentsatzeko. Merahek «bizitza arrunta» zuen, eta iragan judiziala zuen arren, «ez zuen inolako zerikusirik hilketekin». Erakunde salafista bateko kide izatea ez da delitua, Fillonek zioenez. Erakunde salafistek islamaren ikuskera hertsiena eta atzerakoiena defendatzen dute, besteak beste, adulterioa egin duten emakumeak jipoitu behar direla uste dute, eta zapi islamikoaren defendatzaile sutsuenak dira.
DCRIko buruzagiak ere erantzun die kritikei. Bernard Squarcinik ziurtatu du «ezinezkoa» zela Merahen hirugarren tiroketa saihestea, militarrak hil eta gero. Ziur dago, gainera, hiltzaileak berak ez zekiela hurrengo egunean Ozar Atorah eskolara joango zela hiru haur eta irakasle bat hiltzera. Biktimak egon dira, «baina askoz gehiago izan zitezkeen. Nahiko genukeen azkarrago ekin, baina ezin izan dugu». Bi aurpegi zituen Merahek, Squarcinirentzat, informazio zerbitzuekin harremana izan zuenero «kooperazio eta jarrera bikaina erakutsi» zuelako.
DCRI joan den ostiralean hasi zen Polizia Judizialarekin informazioa partekatzen, Merahek egindako bigarren erasoaren ostean. «Orduan eskuin muturra, jihada edo ero bat izan zitekeela pentsatzen genuen». Merahen kasua «ezohikoa» da, tipologia guztietatik kanpo geratzen dena, haren ustez.
François Hollande PSko hautagaiak —inkestetan oraindik irabazle ageri da— «hutsegitea» izan dela dio, eta uste du «ezinbestean galdera batzuk egin beharko» direla, eta kontrol gehiago eskatu du hainbat herrialdetara joaten den jendearen gainean. FBIren Frantziako zerrenda beltzean zegoen, AEBetara bidaiatzeko debekua zeukan, eta Frantzian ez zuen zaintzarik, Hollandek salatu duenez.
Eva Joly hautagai ekologista are gogorragoa izan da, eta «eraginkortasun arazoa» egon dela esan du, eta, bide batez, jihadismoa goratzen duten web orriak debekatzeko lege erreforma kritikatu du: «Ez da testu arazoa. Merah atxilotzea justifikatua zegokeen». Politikan sartu aurretik epailea zen Joly.
Marine Le Pen ere gogor aritu da Sarkozyren kontra. «Muturreko islamistak hiri handietako auzo pobreez jabetu dira», eta uste du Sarkozyren jarrerak horri laguntzen diola: «Sarkozy beldur da matxinatu egingo zaizkiola, eta horregatik ez du ezer egingo». Segurtasuna berrira aztertu eta gogortu behar dela uste du. Hilketak gertatu ondoren, Le Penek esan zuen Frantzian heriotza zigorra ezarri behar dela.
Senideak, atxilotuta
Mohamed Merah hil ondoren, laguntza izan zuen ikertzen ari dira orain ikertzaileak. Baliabide gutxirekin bizi zela zirudien arren, hainbat etxe zituen, autoak alokatzen zituen eta armategi handi bat zuen, ikertzaileen arabera.
Abdelkader Merah anaiarengan jarrita dauzkate begiak. Atxilotuta dago joan den astearteaz geroztik, eta galdeketa egiten ari zaizkion polizietako baten arabera, «harro» dago anaiak egindakoaz. Abdelkaderrek autoan lehergailuak zituela esan du Poliziak, eta zerbitzu sekretuek 2007. urtean ikertu zuten talde jihadista batekin zerikusia zuelakoan. Ama ere atxilotuta dago, eta haien kontrako auzibidea hasiko dute.
Merahen inguruko segurtasun neurriek bereganatu dute kanpaina Frantzian
Hiltzailea atxilotzeko frogarik ez zegoela esanez erantzun die Fillon lehen ministroak oposizioaren salaketei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu