Italia. Gobernu aldaketa

Merkatuak kaleratu duen arte

Italia hamazazpi urtez nahieran gidatu duen lehen ministroa bota du azkenean krisialdi ekonomikoakBerlusconiren alderdiak gobernu berriaren alde eginen du, baina baldintzapean

mikel rodriguez
2011ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ez hauteskundeek, ez aurkarien protestek, ez bere aurka irekitako hainbat auzik, ez ahozko eta ekintzazko gehiegikeriek ezin izan dute Silvio Berlusconi boteretik kendu. Azkenean, merkatuaren presioak kaleratu du Il Cavaliere. Boteretsu izateko hainbertze baliatu duen merkatu berbera. Hamazazpi urtez nahieran kudeatu duen Italia kapitalista handien ekonomiarentzat zama bihurtu denean erran diote joateko ordua dela. Eta joateko eran ere fidelki islatu du Berlusconik bere nortasuna, agonia eta ikuskizuna uztartuz. Azkenean, atzo arratsean bete zuen duela bortz egun emandako hitza, Giorgio Napolitano presidenteari dimisioa aurkeztuz.

Bere ondorengo izateko hautagai Mario Montirekin bazkalduz hasi zuen Berlusconik dimisiorako bidea. Montik eratu beharreko gobernu teknikoa izan zuten mintzagai. Berlusconiren PDL Askatasunaren Herria alderdiak gobernu horren alde egitea onartu du, baina soilik EB Europako Batasunak ezarritako neurriak aplikatzera mugatzen bada. Berlusconik zin egin zion Napolitanori Diputatuen Ganberak 2012rako Aurrekontuen Legea onartuz gero —EBren neurriak bere gain dituena— dimisioa emanen zuela. Eta hori atzo arratsaldean gertatu zen.

«Silvio, Silvio!». Zutik eta txalo artean hartu zuten diputatu gehienek Berlusconi, arratsaldeko saiora sartu zenean. Domenico Scilipoti MRN Erantzukizun Nazionalerako Alderdiko parlamentariak —Berlusconiren gobernua sostengatu du alderdi horrek— salatu zuen dimisioarekin «estatu kolpe bat» gertatu dela Italian.

Diputatuen Ganberako saioa bukatu ondotik, Umberto Bossi Lega Nordeko buruarekin bildu zen Berlusconi. Bileratik aterata, aurrez Roberto Maroni alderdikide eta Barne ministroak egindako adierazpenak berretsi zituen Bossik. Alegia, Monti buru duen gobernu teknikoa eratuz gero ez dutela horretan parte hartuko. «Oposiziora joanen gara», ziurtatu zuen Bossik. «Nola sostenga genezake dena kenduko duen gobernu bat, baliabide publikoak pribatizatuko dituena?».

18:00 aldera Chigi jauregira ailegatu zen Berlusconi. Ministroen kontseilua elkartu zen han, Berlusconiren azkena. Horren ondotik, PDLren buruzagitzak bilera egin zuen, hartu beharreko pausoak erabakitzeko. Alderdiaren helburua da Gianni Letta Berlusconiren hurbileko laguntzailea gobernu berrian egotea, baina oposizioak ez du hori nahi. Balioen Italia alderdi demokristaueko presidente Antonio di Pietrok erran du hori «Richelieu» gobernuan sartzea litzakeela. Napolitanok gaur eskatuko dio Montiri gobernua eratzeko bilerak hasteko.

«Dimisioa!» eta «bufoia»

Chigi jauregiko kanpoaldean ehunka lagun bildu ziren, oraindik lehen ministro zenaren esperoan. «Berlusconi, dimisioa!» izan zen oihukatutako lelo nagusia. Pankartetan, berriz, denetarik: Azaroak 12, askapenaren eguna; Game Over; Eskerrik asko, Giorgio (Napolitano presidenteari eskainia)... Forza Nuova eskuin muturreko alderdiko jarraitzaileak ere agertu ziren, «Italia ez dago salgai», eta «ez ezkerrarekin, ezta Berlusconirekin» oihuka. Tentsio uneak izan ziren orduan. Quirinale presidentetzaren jauregiaren atarian ere jendetza bildu zen dimisioa eskatzeko. «Bufoia» izan zen Berlusconiri zuzendutako oihu nagusia.

Berlusconiren dimisioak eta Montiren kargu hartzeak arnasa emanen diote Italiari. Berlusconi ez bezala, Monti Europako agintarien, Napolitanoren eta inbertsiogileen konfiantzako gizona da, Italia hondoa jotzetik libra dezakeen pertsona bakarretakoa dela uste dutena, eta hori finantzatzeko baldintzak samurtuz erakutsiko diote. Lehen ministro kargua har zezakeen zurrumurrua zabaltze hutsa nahikoa izan da Italiako zorraren arrisku saria oinarrizko ehun puntu jaitsi eta Europako burtsak %3 inguru igotzeko.

Zorra murrizteko helburua

Finantzaketa lortzeko erraztasuna izatea oso garrantzitsua da zorrak itota dagoen herrialde batentzat. 1,9 bilioi euroren zorra du Italiak, BPG barne produktu gordinaren %120 adinakoa. Ondorioz, inbertsiogileen konfiantza gal ez dezan eta dirua modu onean utz diezaioten, zor hori murrizteko konpromiso argia duela erakutsi beharko die, atzo Diputatuen Ganberak onartutako erreformak martxan jarrita. Eta hori ere Montiren lana izanen da, desatseginagoa, herritarrei eragiten dieten erabaki zailak hartu beharko dituelako. 2012ko Aurrekontu Legeak dioenaren arabera, BEZ balio erantsiaren zerga %20tik %21era igo beharko du, erretiro adina 65 urtetik 67ra atzeratu beharko du, zerbitzu publikoak pribatizatu beharko ditu, funtzionarioei soldatak izoztu beharko dizkie... Neurri horien helburua 2014ra bitarte 60.000 milioi euro aurreztea da eta diru hori zor publikoa kitatzera bideratzea.

Europako Batzordeak, ordea, dagoeneko jakinarazi dio Italiari larrialdiko neurri horiez gain, erreforma sakonagoak egin beharko dituela, besteren artean, lan merkatuan eta pentsio sistema publikoan sakon-sakoneko aldaketak egin beharko dituela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.