Hesse erregioan hauteskundeak izan zituzten atzo, eta emaitza kaskarrak lortu dituzte Angela Merkelen gobernua sostengatzen duten indarrek: bai CDUk berak, eta baita SPD Alderdi Sozialdemokratak ere. Eskuin muturrak gorakada izan du Alemanian azkenaldiko bozetan, eta dagoeneko Alemaniako parlamentu guztietan sartu da. Merkelek gidatutako gobernu koalizioko alderdiek, berriz, kolpe gogorra hartu dute Hesseko hauteskundeetan.
Orain arte, Merkel berak betetzen zituen aldi berean Alemaniako kantziler eta CDU alderdiko presidente karguak, eta defendatu izan du pertsona bera egon behar zela bien buruan. Izan ere, koalizioan egon arren, Merkelen alderdia da gobernuko indar nagusia. CDUk abenduan du kongresua, eta sektore kontserbadoreen kritikak jaso dituen arren, kantzilerrak asmoa agertu zuen aurkezteko. Izan ere, pisu politiko nahikoa duen inork ez zuen kargua leihatzeko asmorik agertu.
Orain, ordea, alderdiko presidentetzari uko egiteaz gain, Merkelek zehaztu du azken legealdia izango duela kantziler gisa ere; 2021 parlamenturako hauteskundeetan jarri du muga. Izan ere, boz horietarako ez dela parlamentari kargurako aurkeztuko iragarri du; beraz, ezingo luke kantziler izan.
Hessekoa ez da hauteskunde porrot bakarra izan, gainera. Duela bi aste, beste kolpe bat jasan zuen Merkelek, Bavierako landerrean. CSU Batasun Sozial Kristauak —CDUren aliatua Bavieran— gehiengo osoa galdu zuen, eta koaliziokide bila dabil 60 urtean lehen aldiz.
CSUk (%37,2) eta SPDk (%9,7) hamar puntu galdu zituzten boz horietan —SPD bigarren indar zen, baina orain bosgarren da—. Boto emaile gehienak Alderdi Berdera —bozkatuenetan bigarrena izan zen, %17,5ekin— eta eskuin muturreko AFD Alternatiba Alemaniarentzat indar politikora joan ziren —lehenengoz sartu da landerreko parlamentuan, botoen %10,2 lortuta—.
Hautagai berrien dantza
Orain, hasi dira hautagaiak ateratzen. Friedrich Merz CDUren talde parlamentarioko presidente ohia, esaterako, prest agertu da, "alderdiak hala nahi izanez gero", presidentetzarako izena emateko. 2002an erretiratu zen Merz politikaren lehen lerrotik, Merkelek berak hartu zuenean parlamentuko taldearen ardura. Alderdiko kontserbadoreen sokakoa da Merz.
Annegret Kramp-Karrenbauerrena da aipatzen den beste izen bat. CDUko idazkari nagusia da gaur egun, eta Merkelen ondorengotzat jo izan du askok.