Merkel prest agertu da «konpromiso mingarriak» hartzera koalizioa adosteko

Demokristauak eta sozialdemokratak bart ziren koalizio handia eratzeko akordioa egitekoak. SPDk osasun sistemaren erreforma egin nahi du

Angela Merkel kantzilerra, atzo, negozioazioen aurretik egindako agerraldian, Berlinen. CLEMENS BILAN / EFE.
Erredakzioa
2018ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bart ziren koalizio handia eratzekoak Alemanian. Iragan irailaren 24ko hauteskundeetan bai demokristauek eta bai sozialdemokratek izandako porrotak lau hilabete luzeko paralisi politikoa eragin du, eta, lerro hauek idazterako oraindik akordioaren berri eman ez bazuten ere, bi alderdietako ordezkariek erakutsi zuten egoera bideratzeko borondatea. Angela Merkel kantzilerra «konpromiso mingarriak» egiteko prest agertu zen bileraren atarian, eta zehaztu zuen sozialdemokratek ere konpromiso bera hartua zutela CDU Batasun Kristau-Demokratarekin.

Esku artean 170 orrialdeko zirriborroa zuten. SPD Alderdi Sozial Demokrataren Berlingo egoitza bilakatu da negoziazioen epizentroa astelehenetik; ordutik, etengabe luzatu dute berez iganderako iragarri behar zuten akordioaren epemuga. Martin Schulz buruzagi sozialdemokrata ere itxaropentsu agertu zen bileraren aurretik egindako agerraldian, eguna «erabakigarritzat» joz: «Arrazoi onak ditugu sinesteko egunaren amaieran lortuko dugula».

Hainbat informazio iturriren arabera, gaur helaraziko dituzte akordioaren ondorioak eta edukiak, baina, antza denez, sozialdemokratek ezarritako muga gorriak izan dira azken egunotako oztopoa. Batetik, osasun sistemaren erreforma egitea aldarrikatzen dute, seguru publikoa eta pribatua dutenen baldintzak parekatze aldera, eta, bestetik, aldi baterako lan kontratuen berrikusketa zorrotza egitea.

Schulzek, neurri horien bidez, ezkerreko bere boto emaileen eta alderdikide gazteen begirunea jaso nahi du, ezen sozialdemokraten inoizko emaitza kaskarrenak lortu ostean, ez ditu bete egindako promesak. SPDk botoen %20,5 baino ez zituen eskuratu, eta buruzagiak, porrotaren erantzule koalizioa egin ostean, oposizioan indarberritzeko hitza eman zuen. Gerora, baina, iritzia aldatu, eta, egonkortasunaren izenean, eskuin muturraren fronteari aurre egin behar zitzaiola justifikatuz, itun berri bat egiteko prestasuna agertu zuen.

Schulzek, hala ere, doi-doi eskuratu zuen delegatuen oniritzia iragan urtarrilaren 22ko ezohiko batzarrean, eta, oraindik ere, azken atakatik onik atera beharko da; izan ere, akordioaren edukiak eta gobernua koalizioaren banaketa zehaztu ostean, 450.000 militanteen oniritzia jaso beharko du. Alderdikideak, inkestetan behera egiten jarraitzen dutela ohartuta, uste dute buruzagiak ez lukeela ministeriorik onartu behar, eta, are gutxiago, kantzilerorde kargua.

Laugarren agintaldia

Koalizio Handia eratzen ez bada, gutxiengoan gobernatzea edo bozak berriro deitzea dira aukera bakarrak Merkelentzat. Aukera horrek, ordea, ez dirudi mesede egingo dionik, iraileko hauteskundeetan agerian gelditu baitzen higatzen hasia zaiola hamabi urteko jarduna. 2005ean boterea heldu zenetik, inoizko egoera ahulenean dago kantzilerra, eta,azken bi deialdiak alderatuta, 2013koa eta 2017ko 65 eserleku galdu ditu —1949tik alderdiko emaitzarik kaskarrenak lortu zituen 2017an—.

Merkelek Bavariako CSUren babesa behar du koalizio eratu eta laugarren agintaldia lortzeko. 1945etik laugarren koalizio handia litzateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.