Merkelek ia ziurra du garaipena, liberalen sostengua lortu baitu

Alemaniako Batasun Kristau-demokratak uko egin dio sozialdemokratekin koalizioa errepikatzeari

arantxa elizegi egilegor
2009ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Guido Westerwelleren alderdiak, FDP Alderdi Liberal Demokratikoak, ez du zalantzarik egin. Angela Merkel kantzilerraren CDU Batasun Kristau-demokrata da koaliziorako haien aukera bakarra. Azken horrek ere antzeko iragarpena egin eta jakinarazi du ez duela sozialdemokratekin egun duten akordioa berriz egiteko asmorik. Horrek kinka larrian utzi du SPD Alderdi Sozialdemokratako burua, Frank-Walter Steinmeier. Izan ere, inkestek diote Merkelen eta liberalen sostengurik Steinmeierrek ezinezkoa izango duela garaipena. Der Spiegel aldizkariak atzo bertan kaleratutako datuen arabera, esaterako, CDUk eta FDPk osatutako koalizioak botoen %49 lortuko ditu eta, aldiz, SPDk eta Berdeek osatutakoa botoen %36rekin geratuko da. Sozialdemokratek izango lukete, dena den, beste aukera bat, Ezkerrarekin bat egitea; baina, hori eginda ere, botoen %47 eskuratuko lituzkete.

Gaur egungo koalizio handia -CDU eta SPDren artekoa- errepikatzea litzateke Steinmeierrek Gobernuan jarraitzeko irtenbide bakarra. Baina Merkelek, dagoeneko baztertu du aukera hori; nahiago du liberalekin bat egin. Horrek, ordea, ez ditu SPDko buruaren itxaropenak zapuztu. «Batasunarekin bat eginez,probetxua ateratzea espero du FDPk, baina ez da halakorik gertatuko. Ziurrenik, liberalak laugarren aldiz eroriko dira. Kristau-demokratek eta liberalek gobernua osatzea atzera egitea litzateke, bai energia nuklearra itzultzea, bai eta langileen eskubideetan atzeraka egitea ere», iragarri zuen atzo Steinmeierrek.

Bestetik, liberalekin bat egiteak hainbat abantaila emango lizkioke Merkeli berari. Legebiltzarrean gehiengoa bermatzeaz gain -inkesten arabera betiere-, koalizio gobernuan botere handiagoa izango luke CDUk, eta, beraz, baita ministerio gehiago ere.

Merkel faborito

Alderdien artean ez ezik, hautagaien artean ere Merkel da faborito. Egungo kantzilerraren sostenguak apur bat behera egin duen arren, %53koa da oraindik. Aldiz, Steinmeierrek %30eko sostengua soilik du oraingoz -duela bi aste baina zazpi puntu gehiagokoa-. Steinmeierrek Merkel garaitzeko aukera izan zuen irailaren 14an Alemaniako telebistan egindako lehen eta azken eztabaidan. Baina huts egin zuen. Adituen ustez, bietako inor ez zen bestea atzean uzteko gai izan.

Bitartean, Berdeak kristau-demokraten aurkako kanpaina gogorra hasi dute. Haien hautagai Jurgen Trittinek leporatu dio kantzilerrari Italiako lehen ministro Silvio Berlusconiren bideari jarraitzea eta herritarrei «egia osoa» ez esatea. «Hori da autokrazietan egiten dena, ez demokrazietan egiten dutena. Hirugarren indarra izaten garenean soilik egingo du hobera herrialde honek». Jurgen Trittinek iragarri du Berdeek ez dutela sostengatuko kristau-demokratek eta liberalek osatutako koalizioa, horrek ez liekeelako aukerarik emango euren proposamenak indarrean sartzeko. Bi dira Berdeen kanpainako helburu nagusiak: gutxieneko soldata legeztatzea eta energia nuklearraren erabilera bukatzea.

Alemanian datorren igandean dituzte egitekoak Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta badirudi aldaketarik ezean Merkelek bigarren agintaldia eskuratuko duela. Ondoren hasiko dituzte, astelehenetik aurrera, koalizioa osatzeko elkarrizketak alde guztiek.



Datua

Arrazakeria. Alemania ekialdeko Greifswald estatuan debekatu egin dituzte Alderdi Nazional Demokratikoaren kanpainako kartelak, argudiatuz arrazakeria bultzatzen dutela. Eskuin muturrak Alemania eta Polonia arteko mugan jarritako karteletan Polonia, geldi dezagun inbasioa irakur zitekeen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.