Merkelek kargutik kendu du Rottgen, azken bozetan galdu ondoren

Altmaier izendatu du Ingurumen ministro; CDUk galera historikoa izan du Ipar Renania-Westfalian

Erredakzioa
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Alemaniako Ipar Renania-Westfalian inoiz ez bezalako galera izan zuen igandean Angela Merkel kantzilerraren CDU Batasun Demokristauak, eta porrotak eragin du lehen biktima. Angela Merkel kantzilerrak Ipar Renania-Westfaliako CDUko hautagai Norbert Rottgeni Ingurumen ministro kargua kendu dio, eta haren ordez Peter Altmaier izendatu du.

Hotz agertu da Merkel prentsaren aurrean, eta Joachim Gauck herrialdeko presidenteari Rottgeni ministro zereginetatik salbuesteko eskatu diola adierazi du. II. Mundu Gerraz geroztik CDUk Alemanian biztanle gehien duen landerrean lortutako emaitzarik txarrenen ondorio zuzena izan da —bozen %26,3 eskuratu zituen, eta gehiengoa galdu—. Astelehenean publikoki Rottgen defendatu bazuen ere, kantzilerraren ingurukoek jakinarazi zuten Ingurumen ministro zena estutzen ari zela kargua utz zezan.

Kanpainan Rottgenek esan zuen Ipar Renania-Westfaliako bozak Merkelen neurritasun politiken inguruko erreferendum antzekoa izango zirela. Kantzilerrak ukatu egin du hori, eta emaitzek EB Europako Batasunean duen jarreran ez dutela eraginik izango esan du.

Haren ordez Altmaier aukeratu du, eta horrek Ingurumen Ministerioaren garrantzia nabarmendu du. Izan ere, Alemania zentral nuklear guztiak behin betiko ixteko prozesuan sartuta dago uneotan. 2021erako lortu nahi dute helburu hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.