Alemaniako Ipar Renania-Westfalia landerreko hauteskundeetan CDU Batasun Kristau-Demokratak jasandako galera historikoa izan arren, Angela Merkel kantzilerrak esan du horrek ez duela zerikusirik hark Europa osoan sustatutako neurritasun politikekin. EB Europako Batasunean duen jarreran ez duela eraginik izanen berretsi du Merkelek, eta 2013rako hauteskunde orokorretarako «hagitz lasai» dagoela. Hala ere, hauteskundeen biharamunean iragarri du oposizioko alderdiekin elkartuko dela EBko itun fiskalaz hitz egiteko. Sozialdemokratek eta Berdeek euren posizioa indartuta ikusi dute azken garaipenarekin.
Ipar Renania-Westfaliako emaitza ofizialak atzo berretsi zituen hango hauteskunde batzordeak. CDUk II. Mundu Gerraz geroztik lortutako emaitza txarrena izan da: botoen %26,3 eskuratu ditu, duela bi urteko bozetatik zortzi puntu galduz —bozak 2015ean ziren egitekoak, baina aitzinatu egin zituzten—. Ipar Renania-Westfalia da biztanle gehien duen landerra (18 milioi). SPD Alemaniako Alderdi Sozialdemokrataren gotorleku tradizionala da, eta oraingoan nagusitasuna argi utzi du, bortz puntu irabazita %39ra igo baita.
SPDk Berdeekin elkar hartuta egin dezake gehiengo osoa izanen lukeen gobernu koalizioa—2010ean ere koalizioa osatu zuten—. Bi alderdi horiek Merkelen neurritasun politikak bere horretan aplikatzearen aurka daude, aurrezteko neurriekin batera hazkundea eta enplegua sustatzeko plan bat onartu ezean. Merkelek erran du CDUn «inor» ez dagoela «hazkundea susta dezaketen elementuen aurka», baina neurritasun politikei —«sendotze politika» deitu du— nola eragin diezaieketen aztertu behar dela uste du. Oposizioko alderdiekin elkartuko da, «zein aukera dauden ikusteko».
Azken asteetako adierazpenetan ohi baino malguago agertu da Merkel; izan ere, oposizioaren beharra du hark sustatutako EBko itun fiskalari Alemaniak oniritzia emateko. Ituna onartzeko, beharrezkoa da Alemaniako Konstituzioa aldatzea, eta, horretarako, bi ganberen —Bundestagen eta Bundesraten— bi herenek eman beharra dute aldeko botoa. SPDk eta Berdeek aldarrikatutako neurriak bat doaz François Hollandek defendatutako ereduarekin. Bihar izendatuko dute Hollande Frantziako presidente, eta handik ordu batzuetara Berlinera joanen da Merkelekin biltzeko.
Azken bi landerretako bozetan SPDk eta Berdeek elkar hartuta edo bakarrik gain hartu diote CDUri; oposizioak, 2013ari begira, herrialde guztirako joera ikusi nahi du hor, baina Merkelek hori ukatzen du. Ipar Renania-Westfaliako porrota «mingotsa» izan dela erran du, baina ez du bertzelako baloraziorik egin.
CDUko hautagaiaren dimisioa
Peter Altmaier alderdikidea haratago joan da, eta emaitzak CDUren beldurrak «erruz» gainditu dituela aitortu du. CDUren lander horretako hautagai Norbert Rottgenek erran zuen kanpainan hauteskunde horiek Merkelek sustatutako neurritasun politiken inguruko erreferenduma izanen zirela —ondoren, kantzilerrak errefusatu egin zuen baieztapena—. Porrotaren ondoren, Rottgenek dimisioa eman du Ipar Renania-Westfaliako CDUren buruzagi gisa, baina ez du utzi Alemaniako Ingurumen ministroaren kargua.
Gainera, bozek bertze bi ondorio aipagarri utzi dituzte: bata, ezkerreko Die Linke alderdiaren hondoratzea, botoen erdiak baino gehiago galduta jarlekurik gabe gelditu baita; bertzea, berriz, Alderdi Pirataren emaitza ona izan da, lehen aldiz Ipar Renania-Westfaliako parlamentuan sartu baita. Jada lau landerretan lortu du ordezkaritza.
Merkelek oposizioarekin hitz eginen du EBko itunaz, azken porrotaren ondoren
Alemaniako kantzilerrak esan du Ipar Renania-Westfaliako bozek ez dutela zerikusirik bere neurritasun politikekinCDUk II. Mundu Gerraz geroztiko galera handiena izan du lander handienean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu