Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak gobernua osatu ahalko du bost hilabetez luzatu diren negoziazioen ondoren. CDU/CSUk gobernu akordioa sinatu zuen SPDrekin joan den otsailean, gobernuan hainbat kargu esanguratsu sozialdemokraten esku uztea onartu ostean, baina akordioa SPDko oinarriek berretsi behar zuten indarrean jarri ahal izateko.
SPDko militanteek oniritzia eman diote gaur akordioari, bozen %66arekin. Parte hartzea %79,4koa izan da.
Alderdiko behin-behineko presidente Olf Scholzen esanetan, emaitzak "indarra" eman dio SPDri gobernuan sartu eta alderdi barruko berritze prozesua hasteko.
Scholzek iragarri du datorren astean jakinaraziko duela alderdiak zein sei kide aukeratzen dituen gobernuan dagozkion sei ministro karguetarako. Aurreratu duenez, hiru emakumezko eta hiru gizonezko izango dira. Batzuk aurreko gobernuan ministro izan direna, eta beste batzuk gobernuko arduretan berriak izango direnak.
Koalizio proposamena onartuta, Merkel Alemaniako kantziler izendatuko dute berriro. Ziurrenik martxoaren 14an inbestituko dute.
Merkel pozik agertu da emaitzarekin, "herrialdearen onerako elkarlanean jarraitzeko" aukera izango duelako. Kantzilerrak SPD zoriondu du lortu duen emaitza argiarengatik.
Koalizio proposamenaren onarpenarekin, Merkel gobernuburu izendatuko dute laugarren aldiz jarraian, eta hirugarrenez gidatuko du SPDrekin koalizioan osatutako gobernu bat. Era berean,
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak adierazi du SPDren erabakia "Europarentzako albiste ona" dela. "Frantzia eta Alemania elkarlanean arituko dira hurrengo asteetan proiektu europarra garatzeko neurri berriak aztertzen".