Merkelen etxeko erronkak

Alemaniako kantzilerrak ez du onartu landerretako hauteskundeak neurritasun politiken ebaluaziotzat aurkezteaIpar Renania-Westfalia estatuan gaur eginen dituzte bozak; estatu hark du biztanle gehien

mikel rodriguez
2012ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun
Angela Merkel Alemaniako kantzilerrak Europan ezarri nahi duen eredu sozio-ekonomikoaren traba nagusitzat nabarmendu dira azken egunotan François Hollanderen Frantziako garaipena eta Greziako hauteskundeen emaitzak. Etxean bertan ere, ordea, desafioak hazi zaizkio Merkeli, landerretan (Alemaniako estatuetan) egin diren azken hauteskundeetan CDU Batasun Kristau Demokratak gehiengoa galdu baitu. Gaur, gainditzeko zaila izanen duen proba bat du Merkelek Ipar Renania-Westfaliako landerrean, Alemaniako populatuenean eta sozialdemokraziaren gotorlekuetako batean. Azken inkestek galera historikoa iragarri dute CDUrentzat; Merkelek, baina, saihestu egin nahi du hauteskunde horiek Europa osoan ezarri nahi dituen neurritasun politiken ebaluaziotzat aurkeztea. 2013ko udazkeneko hauteskunde orokorretan paratua du jomuga, eta ez du gibelera egiteko asmorik.

Ipar Renania-Westfaliak hemezortzi milioi biztanle ditu, eta mendebaldean dago —Belgikarekin eta Herbehereekin egiten du muga—. Dusseldorf da hiriburua, baina garrantzi handiko bertze hainbat hiri ere baditu: adibidez, Kolonia, Dortmund eta Bonn, Mendebaldeko Alemania zenaren hiriburua. Lander industriala da, eta, horren ondorioz, garrantzi berezia du langileen botoak. 1966az geroztik, SPD Alderdi Sozial Demokrata egon da boterean, 2005-2010 artean izan ezik—hor CDU egon zen, FDP Alderdi Demokratiko Liberalarekin koalizioan—. 2010ean, CDUk hagitz tarte eskasarekin irabazi zionSPDri, baina sozialdemokratek, Berdeekin aliantza egin, eta gobernua berreskuratu zuten. Hannelore Kraft ministro-presidenteak ez du agintaldiaren erdia ere bete, baina, aurrekontuak onartzeko behar bertzeko sostengua lortu ez duenez, hauteskundeak aitzinatzea erabaki du.

Dena den, badirudi erabaki horrek ez diola eraginen SPDri, eta bai, ordea, CDUri. Inkesten arabera, sozialdemokratek irabaziko dituzte bozak. Yougov etxeak argitaratu du azkena, eta, horren arabera, SPDk botoen %37 eskuratuko lituzke —2010ean baino hiru puntu gehiago—, eta CDUk %30 —lau puntu galduko lituzke—. SPDk Berdeen sostengua beharko luke berriz ere parlamentuko gehiengoa lortzeko.

Landerrek autonomia zabala dute Alemanian, eta, horrekin lotuta, bakoitzaren egoera politikoak ezaugarri propioak ditu. Gainera, CDUz eta SPDz gain, alderdi txikiek ere zeresana izan ohi dute gobernuak osatzeko orduan. Horregatik, ez dago argi emaitza horiek zenbateraino eraginen dioten Merkeli. Ipar Renania-Westfaliakoa baino lehen bertze bi landerretan egin dira hauteskundeak aurten: Sarren eta Schleswig-Holsteinen.

Sarren CDUk, FDPk eta Berdeek osatutako koalizioa iragan urtarrilean hautsi zen, eta, martxoan, hauteskundeetara deitu zuten berriz. FDPk eta Berdeek ordaindu zuten koalizioaren haustura, liberalak ordezkaririk gabe gelditu baitziren parlamentuan, eta ekologistek hiru jarlekutatik bat galdu zuten. CDUk bozak irabazi zituen botoen %35ekin, aitzineko emaitza apur bat hobetuz. SPDk sei puntu berreskuratu zituen, %30ean kokatuz, eta ezkerreko Die Linkek bortz galdu zituen, %16ra jaitsiz. Bi alderdi handiek koalizioa osatu zuten, eta demokristauak onik atera ziren urtarrileko gobernu hausturatik.

Bertzelako kasua da duela astebete Schleswig-Holsteinen gertatutakoa. Danimarkarekiko mugako lander horretan, CDUk eta FDPk zuten koalizio gobernua. CDUk ozta-ozta lortu du berriz ere botoen %30 eskuratzea, baina FDP hondoratu egin da, jarlekuen erdiak baino gehiago galduz. Beraz, gobernua aldatzeko aukera argia sortu da. SPDk ere botoen %30 eskuratu ditu, eta Berdeekin egin lezake aliantza. SSW Schleswig Hegoaldeko Boto Emaileen Federazioa ere SPDrekin eta Berdeekin gobernuan sartzeko prest agertu da, sortu zenetik lehenbiziko aldiz. SSW Schleswig-Holsteingo gutxiengo daniarraren izaera defendatzen duen alderdia da.

Aurtengo bi bozetan, beraz, bat alde eta bertzea aurka atera zaizkio Merkeli. Ipar Renania-Westfalia lander garrantzitsua da Alemanian, baina ez dago argi horrek 2013ko hauteskundeak zein puntutaraino baldintzatu litzakeen. Paradoxikoki, CDUko hautagai Norbert Rottgenek erran du Ipar Renania-Westafaliako bozak Merkelen neurritasun politiken inguruko erreferendum antzekoa izanen direla. Kantzilerrak berak ezetsi zituen adierazpen horiek. «Igandeko hauteskundeak hauteskunde garrantzitsuak dira Ipar Renania-Westfaliarentzat, ez gehiago, ez gutxiago». Rottgen Ingurumen ministroa da; inkesta gehienen arabera, galdu eginen ditu bozak, baina kanpainan ez du argitu hori gertatuz gero kargua utzi eta Ipar Renania-Westfaliako oposizioko buru bihurtzeko prest legokeen. Alemaniako hedabideen arabera, horrek itxura txarra eman dio Ipar Renania-Westfaliako hautesleen aitzinean.

Herritarren %59 Merkelekin

Analisten artean ere ez dago iritzi nagusirik landerretako bozek 2013ko hauteskunde orokorretarako izan dezaketen eraginean. Wolgang Muno Erfurteko Unibertsitateko politika adituak Der Spiegel astekariari adierazi dionez, gaurko hauteskundeek orokorretarako «joera» markatu lezakete. Bonneko Institutuko Zientzia Politikoetako zuzendari Volker Kronenbergen arabera, baina, emaitzak, Merkelentzat txarra edo ona izan, «eragin mugatua» izanen du 2013rako. Stern astekariak egindako inkesta baten arabera, Alemaniako herritarren %59 daude hazkundea sustatzeko neurriak hartzearen aurka, horrek zorra haz dezakeelakoan. Hain zuzen, Merkelek defendatzen duen politika, SPDk, Berdeek eta Hollandek aldarrikatutakoaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.