Aurretik ikusten zen joera berretsi da Alemanian. Berlineko bozek argi utzi dute CDU Angela Merkelen alderdiaren beherakada; kolpe latza jaso du, eta 1948tik izan dituen emaitzarik kaskarrenak izan ditu —2011ko bozekin alderatuz, bost puntu egin du behera—. Era berean, eskuin muturraren gorakada ere agerikoa da, nahiz eta oraindik ere gobernatzeko aukeratik urrun egon.
SPD alderdi sozialdemokratak irabazi ditu bozak, baina horrek ere ia zazpi puntuko beherakada izan du. Boto gehien batu duen alderdia bada ere, %21,9 besterik ez du lortu. Gaur egun, CDUrekin koalizioan gobernatzen du Michael Muller alkate sozialdemokratak, baina hemendik aurrera ezingo du, bien baturak ez baitu gehiengo osoa ematen.
Ezkerreko koalizioa egiten saiatuko dela dirudi. Ezkerrak lau puntu egin du gora, eta %15,6ren babesa lortu du; Berdeek, berriz, bi puntu galdu dituzte, eta %15,3ren babesa lortu.
AFP alderdiak goranzko joerari eutsi dio, %13,8ren babesa lortuta. Berlinen gobernura iristeko aukerarik ez dauka, ez baitu inork harekin koalizioa egiteko aukera mahai gainean jarri. Hala ere, ikusi beharko da datorren urtean Alemanian egitekoak diren hauteskunde orokorretan zer gertatzen den. Izan ere, Berlin baino eskuindarragoa da Alemania. Esate baterako, duela 15 egun egin zituzten Mecklenburgo-Antepomeraniako bozak, eta han AFP gailendu egin zitzaion CDUri.
Datorren urteko bozetan CDUk presidentetza galduko duela ematen du. Eta, oraindik, ikusteko dago Angela Merkel izango ote den alderdiak kantziler posturako aurkezten duen hautagaia.