KROAZIA

Mesicek irabazi du lehen itzulia; Kosor garaitu beharko du bigarrenean

Ustelkeria salatu du Boris Miksic hautagai independenteak, eta hiri nagusietan egingo diren manifestazioetara deitu ditu herritarrak

AGENTZIAK
ZAGREB
2005eko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Stipe Mesic jarduneko presidenteak irabazi zuen presidentziarako hauteskundeetarako lehen txanda, herenegun. Botoen %49 lortu zituen Mesicek. Hala ere, bigarren txandan Jadranka Kosor Kroaziako Batasun Demokratikoko (HDZ) hautagaia garaitu beharko du. Kosorrek botoen %20 lortu zituen. Hirugarren lekuan geratu zen Boris Miksic hautagai independentea, botoen %18rekin. Urtarrilaren 16an egingo dute bigarren txanda.

Oposizioan dauden zortzi alderdien hautagaia izateaz gain, agintean dagoen Alderdi Sozial-Demokratarena (SDP) ere bada Mesic. «Europako ateraino eraman ditut herritarrak eta hurrengo pausoan barruraino eramango ditut», esan zuen Mesicek atzo, bozen bigarren txanda egin beharko zela jakin zuenean. Kroazia seguruenik ere martxoan hasiko da Europako Batasunean sartzeko negoziatzen. Beraz, boz hauetan garaile irteten denak zuzenduko ditu negoziazio horiek. Europan sartzea «2005eko ekitaldirik garrantzitsuena» izango dela esan zuen Ivo Sanader lehen ministro eta HDZko buruak.Kosorren mezua, aldiz, desberdina da. Hark helburu «aberkoiak» bultzatzen ditu. Bozetara aurkeztu ziren beste hamar hautagaik ere jarrera ultranazionalista erakutsi zuten. Hori dela eta, eskuineko hautesleen botoa bereganatzea izango du helburu orain Kosorrek.

«Ukrainan bezala»

Hauteskunde prozesuan ustelkeria egin zutela salatu zuen atzo Miksicek eta hiri nagusietan egingo diren manifestazioetan parte hartzera deitu zituen herritarrak. «Ukrainako gauza bera gertatu da hemen ere. Horregatik protesta baketsuak egingo ditugu hurrengo egunetan», gaineratu zuen.

Eskuineko hautagaiak ez zuenhauteskundeetako emaitza onartu eta helegitea aurkeztu zuen. Baina Estatuko Hauteskunde Batzordeak ez zuen eskaera onartu. Jadranko Crnic batzordeko buruaren esanetan, alderdi guztiei eman zieten begiraleak jartzeko aukera eta Miksicek ez zuen nahi izan.Slaven Letica, Doris Kosta eta Miroslav Rajh hautagaiek ere bozak errepikatzeko eskatu zuten atzo. Euren esanetan, HTV telebistak ez zuen legedia errespetatu. Telebistak Mesicen aldeko inkesta bat kaleratu zuen hauteslekuak ireki baino ordu batzuk lehenago .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.