IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak astelehenean argitaratuko du hurrengo balorazio txostena, baina jasoko dituen puntuetako batzuk aurreratu ditu Gobernantza eta Garapen Jasangarrirako Institutuko buru eta IPCCko aditu Durwood Zaelkek, The Guardian egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. Zaelkeren arabera, karbono dioxidoa murriztea ez da nahikoa klima larrialdia eteteko: beharrezkoa da beste berotegi gas bat ere gutxitzea, metanoa.
IPCCren seigarren txostena izango da astelehenekoa, eta, bertan, aztertuko dute gizakiak zenbateko eragina duen klima larrialdian, baita zer tarte dagoen ere egungo bidea iraultzeko. Dokumentuak jasoko dituen oharretako bat hau izango da: metano gasa gutxitu beharra. Izan ere, azken urteetan nabarmen handitu dira metano isuriak, ez bakarrik abeltzaintza industrialaren ondorioz, baita gasa ustiatzeko baliatutako haustura hidraulikoaren eta neurri egokirik gabe egindako petrolio ustiaketen eraginez ere. Zaelkek azaldu duenez, karbono dioxidoak baino berotze ahalmen handiagoa du metanoak, baina, hura ez bezala, hamar urte inguruko bizitza du, eta CO2 bihurtzen da gero.
Adituek nabarmendu dute metano gasak murriztea dela luze gabe tenperatura 1,5 gradu baino gehiago ez igotzeko bidea. «Metano isuriak gutxitzea da 2040a bitartean tenperaturen gorakada moteltzeko aukera hoberena. Larrialdi honi aurre egin behar diogu», nabarmendu du Zaelkek. Haren esanetan, agintariek arretaz irakurri beharko lukete IPCCren txostena, azaroan Glasgown (Eskozia) egitekoa duten goi bilera baino lehen: «COP26 goi bileran aintzat hartu behar dute arazo hau, eta konpontzeko neurriak hartu».
Metanoa murrizteak bultzada bat emango lieke klima larrialdia murrizteko ahaleginei, erregai fosilen erabilera, ikatzarena batez ere, gutxituz doan bitartean —ikatza da erregai fosil kutsagarriena, eta azken urteetan gora egin du haren ustiaketak—.