Mexiko. Huts egindako estatu bat?

Mexiko, AEBen mugazaina

Mexikok abian jarri du Frontera Sur programa, berez migratzaileak babesteko, baina praktikan haiei jazartzeko eta AEBetara irits daitezela saihesteko.

Migratzaileak La Bestia trenaren zain, Bojayn (Hidalgo), AEBetara iristeko asmoz. PEP COMPANYS.
Mexiko Hiria
2014ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Erdialdeko Amerikako ama bat naiz, eta gure semeen eskubideak eta bizitza errespetatzeko eskatzen dugu. Karabana honek Itxaropen zubiak izena du, ezin dugulako galdu itxaropena, gure semeak gure printzeak direlako eta ezin dutelako haiek sarraskitzen jarraitu».

Barru-barrutik ateratako hitzak dira, migrazio politiken ondorioak jasan dituen ama batenak. « Garbi daukagu Frontera Sur plana indarrean jarri delaAEBetan haur eta gazteen migrazioaren hazkundea krisi humanitariotzat hartu dutelako. Baina gu ikusten ari gara nola kudeatzen ari diren larrialdi hori: gureak jipoituta iristen ari dira, emakumeak bortxatuta eta haurrak, etsita, psikosiarekin, laguntza psikologikoaren premian. Amek garbi daukagu zein den plan horren helburua, eta mundu guztiak jakitea nahi dugu: AEBetara doazen Erdialdeko Amerikako eta beste herrialde batzuetako pertsonen migrazioa geratzea, horretarako armada baliatuz».

Hitz lau eta soil horiekin hasi zuen hitzaldia Marik, FM4 Paso Libreren aretoan, Guadalajaran. Migratzaileak Guadalajaratik ahalik eta modu «duinenean eta bidezkoenean» pasatzea da FM4 Paso Libre gobernuz kanpoko erakundearen helburua. Mari entzunda, ez dago zalantzarik Frontera Sur programaz amek duten iritziaz. Ezin hobeto laburbiltzen du berez migratzaileak zaindu behar dituen programaren errealitatea: praktikan, kontrola lehenesten du, eta migratzaileen jazarpena jarri du indarrean.

Frontera Sur programak, teorian, hiru helburu nagusi ditu: migratzaileek La Bestia trena erabiliz —zama trena da, ez pertsonak garraiatzeko— bizitza arriskuan ez jartzea; migratzaileen segurtasuna eta babesa bermatzeko neurriak hartzea; eta migratzaileen eskubideak urratzen dituzten talde kriminalei aurre egitea. Hiru helburu horiek lortu egingo lirateke, prebentzioa sakonduta, trenbideetako eta tren azpiegituretako segurtasuna indartuta eta poliziek gehiago patruilatuta, delituak saihesteko.

Hala ere, Erdialdeko Amerikako Migratzaileen Mugimenduko (MMM) ordezkariek diote ekintza horiek guztiek okerreko bi ideia dituztela oinarri: «Bata, trena dela arazoa. Arazoa trena dela uste badugu, ez ditugu ikusten immigrazioaren arrazoiak, uko egiten diogu erantzukizunari eta migratzaileen arriskua handitzen dugu. Bestea, migrazio agintarien eta segurtasun indarren arteko lankidetza. Bi erakunde horietan sustraituta dago ustelkeria; erreforma sakonak behar dituzte. Bien arteko lankidetzak ez du balio». Gainera, gaizkileen taldeek eta funtzionarioek mehatxu egiten diete migratzaileak hartzeko zentroetako langileei, jazarri egiten diete. Agintariek ez dute neurririk hartu langile horiek babesteko.

Giza Eskubideen Batzorde Interamerikarra (CIDH) kezkatuta dago, migratzaileak oso egoera zaurgarrian daudelako Mexikon. Hainbat neurri proposatu ditu aurtengo abuztuan kaleratutako txostenean, baina Mexikok ez ditu aintzat hartu, eta estrategia bakarra dauka: lurraldea militarizatzea. «Tenosiquen soilik ehun migrazio agente baino gehiago daude», dio Tomas Anaiak, Tenosiqueko La 72 aterpetxearen sortzaileak. Zetas kartelak San Fernandon sarraskitutako 72 migratzaileen omenez jarri dio izen hori aterpetxeari. «Armada ere bertan dago. Lehen ez zegoen polizia federalik, baina orain zortzi patruila daude, bakoitza gutxienez bost poliziakoa. Estatuko poliziek ere parte hartzen dute operazioan. Hori guztia Chiapas aintzat hartu gabe: Tapachula guztiz militarizatua dago; Tapachulatik Arreagara hamar zaintza talde inguru daude».

AEBen kontrola, Mexikon

Frontera Sur programaren bidez AEBetara joaten den migratzaile saldoa kontrolatu nahi dute. Mexikoko muga Erdialdeko Amerikako migrazioa eusteko, arautzeko eta ordenatzeko eremu bihurtu dute. AEBek, horrela, migratzaileen kontrako errepresio eta jazarpen tresnak AEBetako lurretatik kanpo eraman dituzte.

Mexiko 1970eko hamarkadan geratu da. Ikuspuntu guztietatik begiratuta ere: egunero urratzen dituzte giza eskubideak, jazartzen gizarte mugimenduetako buruzagiei eta zapaltzen ikasleen protestak. Ez hori bakarrik. Badirudi AEBekin daukan harremanak ez duela aurrera egin 40 urtean. Horren froga da Frontera Sur programaren finantzaketa. Dirua Merida Ekinbidetik lortu dute. Ekinbide hori, narkotrafikoari aurre egiteko sortua, negargarria izan zen Mexikorentzat: 136.100 hildako eragin zituen, Italiako Libera erakunde zibilaren arabera.

Ez dago informaziorik. «Ez dago agiririk AEBen inbertsioari buruz», dio Tomas Anaiak. «Gizarte erakundeak kexu dira, ez dagoelako programari buruzko xehetasunik ere. Helburu estrategikoak soilik argitaratu zituzten». Thomas Shannon AEBetako Estatu Departamentuko abokatuak kopuru bat eman zuen, uztaileko prentsaurreko batean: 86 milioi dolar (69 milioi euro inguru). Ez dute argitu dirua non eta nola inbertitu duten. Oraingoz, migratzaileen aldeko taldeek salatu dutenez, Frontera Surren emaitza bakarra izan da lurraldea militarizatu duela.

Hala eta guztiz ere, AEBek Mexikoko politikan egin duten hamaikagarren esku sartzearen kopurua jakin gabe ere, deigarria da Gerra Hotza amaitu eta ia 30 urtera Mexiko AEBen «atzeko patioa» dela oraindik. Mexikok parte hartzen du, ez bakarrik garai batean lagun zituen herrialdeei eragiten dieten gerretan, baita bere herritarrei eragiten dietenetan ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.