MEXIKO. Ciudad Juarez, ametsen hilerria

Munduko hiri arriskutsuena da Ciudad Juarez; emakumeen kontrako hilketen inguruko inpunitateak ezagun egin zuen, eta gaur egun legerik gabeko hiri bilakatu da, denak denen kontra gerran, narkotrafikatzaileentzat nahierara aritzeko paradisuan; Judith Torrea iruñearra da Mexikoko mugako hirian geratzen den nazioarteko kazetari bakarra.

New York
2010eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Ciudad Juarez salbuespen egoera etengabean eta alferrikakoan bizi da. Poliziak eta soldaduak hildakoen senideei hilkutxak doan banatzen dizkieten luxuzko ehorzle bilakatu dira. Denak denen kontra borrokatzen diren hirira zoritxar guztiak biltzen dira: droga kartelak euren artean borrokatzen dira, dagoeneko ez AEBetarako korridoreak berenganatzeko bakarrik; plaza, kale bakoitzagatik larrutzen dira; borrokatu ere ustelkeriak baliorik gabe utzi duen Poliziaren kontra, gainezka dagoen armadaren aurka; nahasmen hori guztia ehunka gaizkileren paradisua da inpunitate absolutuan aritzeko. Mexikoko mugako hirian delituen %95 baino gehiago ez dira ordaintzen, Poliziaren itsumenari esker, tiro egiten duten 10.000 sikariotatik 450 soilik espetxeratzen dituzte.

Erantzun ofiziala, zehazgabeaz gainera, batez ere arriskutsua izaten da. Inpunitatea eta indiferentzia soziala sustatzen du, eta gertatzen dena estaltzea da formularik onena dagoenarekin ez asaldatzeko. Agintariek horma garaiak altxatu dituzte bisitariak hirian sartu eta atera ahal izateko, miseria ikusi gabe. Taktika zaharra da hori, besteak beste, prentsaren kontra emaitza arrakastatsuz erabiltzen den estrategia. Ciudad Juarezko kazetariak errealitate gordina ezkutatzen saiatzen direnen amarruen lekuko dira, gertatzen dena inolaz ere iritzi publikora hel ez dadin. Narkotrafikoak kazetariei jazartzen bazaizkie ere, kazetarientzat euren lana ez egiteko oztoporik handiena Polizia Federala dela esaten dute.

Kazetariak, arriskuan

Polizien eskanerretan halako tokian norbaiten hilotza dagoela entzun eta hara abiatzen dira geratzen diren kazetari gutxiak. Judith Torrea da gaur egun Ciudad Juarezen bizi den nazioarteko kazetari bakarra. Nafarra da jaiotzez (Iruñea, 1973), baina mexikarra bihotzez. Hamahiru urte daramatza Mexikoko eta AEBetako mugetan gertatzen ari denaren berri ematen eta, batez ere, Ciudad Juarezko hilketa, bahiketa eta ustelkeriak salatzen. «Normalean, Polizia bera baino lehenago iritsi ohi gara». Poliziak hara narkotrafikatzaileek abixua emanda iristen dira normalean, ez eurek egindako heriotzen inguruko ikerketa baten ondorioz. Kazetariak, berriz, beste inork ikertuko ez duelako, zer gertatu den jakiten eta ikertzen saiatzen dira.

Munduko hiririk arriskutsuena da gaur egun Ciudad Juarez. Kazetari nafarraren hitzetan, «gerran dagoen hiri bat da», utzita dauden eraikinez beteta, salgai dauden etxez jositako hiria. Estortsioak, bahiketak eguneroko ogia dira. Militarizatutako hiria da, erreten etengabekoekin. Desagertzen ari den hiri bat da». Enpresariak kexu dira inbertsiorako munduko hiri erakargarrienetakoa politikarien utzikeriak suntsitu duelako. Milaka emigrante pobre jaso dituen gunean lana zegoelako, baina ez etxerik, ez eskolarik, ez bestelako zerbitzurik, eta ez dute gaitasunik izan aukeren mailan egoteko. Legerik gabeko hiria sortu zuten.

1.300.000 biztanle izan baditu ere, Ciudad Juarezko Udalak emandako datuen arabera,116.000 etxe abandonatu daude, eta bertatik ihes egin duten milaka familia. Mexikoko Merkataritza Ganbera Nazionalaren arabera, 10.000 negozio baino gehiago itxi dira. Arrazoi nagusia hilketak dira, eta babesik eza. Azkeneko hiru urteetan bertan 6.637 herritar hil dituzte, eta egunez egun gizentzen doa zifra hori; Judith Torreak dioen moduan, «ez dagoelako hildakorik gabeko egunik».

Ciudad Juareztik El Pasora (Texas, AEB), hiru zubi gurutzatuta irits liteke edonor. «Munduko hiririk arriskutsuenetik AEBetako hiririk seguruenetan bigarrenerako bidea ez ba batere luzea, «eta horrexegatik da hain preziatua narkotrafikarientzat». El Pason bizi dira luxuzko etxeetan droga negozioa duten pertsona garrantzitsuenak, «baina AEBek apenas egiten duten ezer horien aurka. Armak saldu besterik ez».

Gaur egun, kartelaren sehaska da Ciudad Juarez, baina kartzelatik ihes eginda dagoen Chapo Guzmanen Sinaloako Kartelak lekua kendu nahi dio toki estrategikoa delako droga trafikoarentzat. Bi taldeak gerran daude. «Kolonbiatik eta beste hainbat herrialdetatik datorren droga New York, Chicago eta gisako hirietan lasai kontsumitzeko zenbat mexikar hildako behar diren pentsatzen dut askotan».

Goizero, emakumeak jaisten dira asfaltatu gabeko auzoetatik zereginen baten bila, amona gazteegiak, umezurtz diren bilobekin. Seniderik gabeko 10.000 ume baino gehiago daudela diote zenbait ikerketak, eta 17.000 inguru bandatan sartuta daude. «Eskolarik gabe, zer eginik gabe, droga kartelek etorkizuneko sikarioak aurkitu eta sortzeko bazka ezin hobea dute». Presio handia dago: politikarien, polizien eta narkotrafikatzaileeneskutik. «Oso normala da 'drogak jarriko dizkizugu etxean' eta gisa horretako mehatxuak egitea herritarrei».

Calderonen gerra

Duela hiru urte eta erdi hasi zuen Felipe Calderonek (Accion Nacional) narkotrafikoaren aurkako gerra deiturikoa, eta, horretarako, presidenteak estrategia militarra erabiltzea erabaki zuen, eta armada eta agente federalak bidali zituen hirira.

Judith Torreak esandakoaren arabera, ordea, «hainbat adituren ustetan, narkotrafikoari aurre egiteko diru zuritzearen eta Poliziaren eta politikarien ustelkeriaren aurka joan behar da, eta puntu horietako bakar bat ez du ukitu Calderon presidenteak».

Emakumeen aurkako heriotzek ere hortxe diraute. Chihuahuakoko hiriak, estatu osoak bezala, distiraz gozatu zuen 1960tik aurrera. Izugarri hazi zen hamarkadaz hamarkada. Produktu manufakturatuen enpresek eta droga kartelek jakin izan zutelako hiriaren kokaleku estrategikoari zukua ateratzen, Mexiko eta AEBak banatzen dituen 3.000 kilometroko mugaren erdi-erdian. Leku hartatik AEBetako etxe guztiak tresna elektrikoz hornitzeko moduan ekoizten zen, baita drogaz asetzeko ere. Emakumeak kontratatu zituzten barra-barra pentsatzen zutelako gizonei baino gutxiago ordain ziezaiekeela eta, gainera, gizonen mozkorkeria ohituretan erori gabe egunero joaten zirela lanera. Milaka emakume Juarezera iristen hasi ziren. Emakume gazteak, baliabiderik gabeak, eta 1993an haiek hiltzen hasi ziren.

1993az geroztik, 846 emakume baino gehiago bahitu, torturatu, bortxatu eta erail dituzte emakume izateagatik. «Lehen neska gazte txiro eta ederren aurkakoak ziren erailtzeak; orain, berriz, demokratizatu egin da, eta gaur egun edonor dago arriskuan», argitu du Torreak. Mexikoko Estatuko Justizia Prokuradoretza Nagusiak emandako datuen arabera, 2008an 87 emakume hil zituzten, 2009an 164 eta 2010ean, dagoeneko, 169.

Alma Chavira izan zen lehena torturatu, bortxatu eta hil zituzten nesken eta emakumeen zerrenda luzean. Tragediaren handitasuna neurtzeko datu zehatzik ez dago, oraindik ere lurpetik noizbehinka azaleratzen diren kaskezurrak pilatzen dira Forentseen Mediku Zerbitzuan, baina jakina da, eta horixe baieztatzen du Amerikako Giza Eskubideen Auzitegiaren erabakiak, autoritateek ez zutela beharrekoa egin krimen haiek ikertzeko. Irma Monreal alaba hildakoa ikustera joan zenean polizia batek esan zionak oso ongi islatzen du han gertatutakoa: «Hemen soilik hiltzen dituzte erotuta daudenak, prostitutak; hemen ez dituzte neskato onak hiltzen». Denbora pasatu denean, antzekoa da autoritateek hartzen duten jarrera egunero izaten diren narkotrafikoaren kontrako borroka eragiten ari den sarraski basatiaren inguruan -28.000 baino hildako gehiago hiru urtean-: «Hiltzen diren gazte gehienak sikarioak dira, droga saltzaileak». Modu horretara, biktimak susmagarri egiten dituzte automatikoki.

Salatzeagatik mehatxatuta

«Nazioarteko presioa isiltzearren Vicente Fox presidente ohiak armada bidali zuen ikertzera. Orduz geroztik, emakumezkoen desagerpenak ikaragarri ugaritu ziren, haurrenak ere bai, tortura kasuak etengabeak izan ziren, erailketak...». Gustavo de la Rosak Giza Eskubideen Batzordearen bidez egindako salaketak izan dira besteak beste horiek guztiak, eta, «horregatik, gaur egun heriotza mehatxupean bizi da bera».

Egoera honetan, ahal duen jende guztia ihes egiten ari da Ciudad Juareztik. «Baina jende askok ez dauka dirurik hori egiteko. Semea, alaba, senarra hil dizkizute, eta handik ihes egiteko gogoa izanagatik ere ezin duzu». Gaur egun ez dago lanik, eta gosea pasatzen ari da jendea.

Ciudad Juarez, en la sombra del narcotráfico bloga da, besteak beste, Judith Torreak errealitate hau lau haizetara zabaltzeko erabiltzen duen baliabidea, bozgorailua. Hain zuzen ere, orain arte egindako lanagatik eman berri diote aurten Ortega y Gasset saria kazetaritza digitalaren sailean. «Editore baten erantzunaren zain geratu gabe ikusten eta sentitzen dudana kontatzeko modu ezin hobea da», horrela erantzuten dio Torreak prentsa askatasun ezari. «Ahotsa eman nahi dut. Badakit ezin dudala beste ezer egin, ikusten dudana kontatu besterik ez». Bertako kazetari asko autozentsuratu egiten dira, «egun bat gehiago bizirik irauteko».

Ortega y Gasset saria irabazi duenetik heriotza mehatxu gehiago jaso baditu ere, eta «nahiz eta badakidan hil nahi banaute hil egingo nautela, arretaz ibiltzen naiz. Mediku eta zirujauak ez dira joaten, eta neronek ere geratu behar dudala sentitzen dut».

Drogak legeztatzea, narkotrafikoaren aurka gogorrago jotzea, botereko arloak ustelkeriatik garbitzea izan litezke zenbait irtenbide, baina konponbiderik aurkitu ezean, kale ertzean botatako gorpuak, haur batzuk hildako beste haur batzuk ehorzten, alabaren berririk ez daukan amaren sufrimendua eta asfaltorik gabeko kaleen gaueko isiltasun beldurgarria. Horietan ageri diren oroitzapen mingarrien hitz eta argazkiak erakusten joango da Judith Torrea bere blogaren bidez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.