Koronabirusa. Mundua

Mexiko eta Kanadarekiko mugak itxi ditu AEBetako Gobernuak

Trumpek Gerra Hotzaren garaiko lege bat jarri du indarrean osasun hornidura bermatzeko

Donald Trump presidentea, atzo, estatuetako gobernadoreekin egindako bideokonferentziako une batean. EVAN VUCCI / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
AEBetako presidente Donald Trumpek neurri zorrotzak hartu ditu lehen aldiz COVID-19aren aurka. Neurri horien atzean egon daitezkeen arrazoiak bi dira: batetik, Europan bezala, Amerikan ere gaixotutakoen kopuruak gora egiten jarraitzen duela 14.000 dira kutsatuak, eta 321 hildakoak; eta, bestetik, krisiaren kudeaketa erabakigarria izango dela azaroan egitekoak dituzten presidentetzarako bozetan.

Horiek hala, «beharrezkoa ez den mugimendu oro» eragoztea adostu dute Mexikoko etaAEBetako gobernuek. Neurria gaur gauerdian sartuko da indarrean bi aldeetan. Turismoari ez ezik, migratzaileei ere eragingo die araudiak; izan ere, erraztu egingo dio Washingtoni haiek kanporatzea. Hori egiteko Trumpen argudioa da Mexikorekiko mugako kutsatzeak murriztu nahi dituela. Bestelakoa da, ordea, errealitatea; izan ere, azken datuen arabera, Washington eta New York dira kasu gehien izan dituzten hiriak: 1.400 eta 7.000 kasu, hurrenez hurren.

AEBetako estatuburuak berak ohartarazi zuen atzoko agerraldian migratzaileei ateak irekiz gero «gainezka» egingo zuela osasun sistemak, eta «osasun arrazoiak medio» muga «legez kanpo» igarotzen duen oro unean bertan kanporatzeko agindua eman duela.

AI Amnesty International giza eskubideen aldeko erakundeak gogor salatu du neurria, eta nazioarteko legedia urratzea egotzi dio Washingtoni. «Neurri horrek ez du zerikusirik estatubatuarren segurtasunarekin. Trump beldurraz baliatzen ari da politika baztertzaileak ezartzeko», salatu du AIren AEBetarako buru Charanya Krishnaswamik. Hark nabarmendu du ez duela zentzurik migratzaileei gaitza «AEBetara eramatea» leporatzea, lehenagotik ere badirenean COVID-19 kasuak herrialdean, eta gogorarazi Mexikon baino kasu gehiago daudela AEBetan.

Hegoaldeko muga ez ezik, iparraldekoa ere itxi egin du Trumpen administrazioak, eta gauza bera egingo du handik AEBetara sartzen ahalegintzen diren migratzaileekin ere. Izan ere, Zigor Kodearen 42. artikuluaren arabera, toki eta herrialde jakinetako herritarrei sarrera galarazteko aukera dago, AEBetako Osasun Departamenduak irizten badio «gaixotasun kutsakor bat» zabaltzeko arriskua dagoela.

New York hutsik

Gobernu zentralak ez ezik, estatuetako agintariek ere neurriak hartu dituzte. New Yorken, orain arte kasu gehien jakinarazi dituen estatuan, etxean geratzeko eskatu die herritarrei Andrew M. Cuomo gobernadoreak. Horrez gain, «oinarrizkoak» ez diren merkataritza gune eta enpresak ixteko ere agindu du.

Igandean indarrean sartuko den dekretuak zehazten duenez, 70 urtetik gorako herritarrak botikara joateko edo erosketak egiteko soilik atera ahal izango dira etxetik.

New York hirian, berriz, Bill de Blasio alkateak ohartarazi du oinarrizko hornidura gabe geratzen ari direla erietxeetan: «Bi edo hiru aste barru ez gara gai izango etortzen diren gaixoak artatzeko». Oso antzekoa da egoera Washingtonen ere. Han eragin ditu hildako gehien koronabirusak, eta ohartarazi dute gutxi barru zein gaixo artatu aukeratzen hasi beharko dutela, baldin eta hornidura bermatzen ez badiete.

Egoerari aurre egiteko, Gerra Hotzaren garaiko lege bat jarri du indarrean Trumpek, eta osasun hornidura bermatzeko modua ematen du lege horrek. 1950ean onartutako legeak bide ematen dio Osasun Departamentuari edozein osasun hornidura bereganatzeko, baita ospitale pribatuenak ere. Horiek ere nahikoa ez balira, aukera izango luke industriei beharrezko baliabideen ekoizpena agintzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.