Bost edo sei puntuko aldea aterako dio PRI alderdiak, azken inkesten arabera, baina kanpainak iraun bitartean Felipe Calderonen alderdiak distantziak asko murriztu dituela-eta ez dago argi garaipen hori. Litekeena da boto ziurgabeak presidentearen aldera egitea. Kanpaina hasi aurretik, 15 puntuko diferentzia zegoen bi alderdi nagusien artean. Eta joan den ekainean izan zuen Calderonek orain arte izan duen onarpen kopururik onena. Herritarrek 6,9 puntu eman zizkioten 10etik.
PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdia izango da, inkestak betetzen badira, hauteskundeetako beste galtzaileetako bat, gaur egun Legebiltzarreko bigarren indarra baita. PRI da egun hirugarren indarra.
77 milioi mexikar inguruk dute gaur botoa emateko eskubidea, eta Diputatuen Ganberako 500 eserleku berrituko dituzte. Gaur egun, PANek 206 diputatu dauzka; PRDk, 126; eta PRIk, 106. PRIk irabaziko balu, Alderdi Berde Ekologistarekin gehiengo absolutua lortzeko aukera izango luke. Legebiltzarrerako eserlekuez gain, 11 estatutan, udal hauteskundeak dira, eta, horietako bostetan, gobernadoreak aukeratu behar dituzte.
Boto baliogabearen bila
Alderdien lehia alde batera utzi, baina botoa ematera joango dira, hala ere, 77 milioi horietatik baten batzuk. Boto baliogabea bultzatu du intelektualen eta gizarte eragileen kolektibo batek, eta politikariak zigortzea dute helburu, duten atsekabea agertzea Mexikoko egoera larriari politikariek aurre egin beharrean eurek gehiago usteltzen dutelako. «Boto baliogabea hauteskundeotako berrikuntza da, eta mahaiaren gainean jarri ditu demokraziaren kalitatearen eztabaida, eta agenda politikoetatik kanpo dauden gaiak», Alberto Azizen ustez. Antropologia Sozialaren Ikerketa Zentroko irakaslea da, eta analista politikoa.
Politikariak euren interesen alde gehiago daudela uste dute, herritarren interesen alde baino; ustelkerian leporaino sartuta daudela eta handik irteteko modurik ez dutela. «Oso ongi arrazoitutako botoa da», Azizek esan duenez. Kanpaina hasieran, %15 eman zioten boto baliogabeari, eta azken inkestek %5 ematen diote.
Federico Estevez analista eta irakaslearen ustez, kanpainako gauzarik interesgarriena da alderdietako ordezkariek ez dutela krisi ekonomikoa ia aipatu ere egin, eta Mexikoko egungo arazorik handiena dela beherantz etengabe doan ekonomia. Delinkuentzia eta krimen organizatua izan dira kanpainako gai nagusiak, Calderonen lehentasunak, eta oposizioak ere harekin bat egin du gaiei dagokienez.
Kezka handia dago droga trafikoa mugitzen dutenen eta politikarien arteko harremanaz, trafikatzaileek izan duten eraginaz hauteskunde kanpainan, baina Hauteskundeetako Instituzio Federalak lasaitzeko mezua eman nahi izan du, esanez hauteskundeak jarduera kriminal orotik kanpo daudela.
Azkenaldian droga kartelekin zerikusia duten hamar alkate eta ardura duten hainbat funtzionario atxilotu dituzte, eta horrek erakusten du krimen organizatuak politikan duen inplikazio handia.«Krimen organizatuak Mexikoko herrien %50 eta 60 artean feudalizatu ditu, legez kanpoko operazioak egiteko». Nazio Batuen Erakundeko aholkulari Edgardo Buscaliak esan ditu horiek, Mexikoko buruzagi politikoekesaten dutenaren kontra. Buscaliaren arabera, gainera, oso zaila da frogatzea droga kartelek zenbateraino jarri duten dirua kanpainetan ondoren euren alde egitearren, alderdiek kanpainan gastatutakoa erakusten dutenean, gutxienekoa agertzen baitute, ez dena, Buscaliaren ustez.
500
Diputatuak. Gaur 500 diputatu aukeratuko dituzte. 206 diputatu ditu egun PAN Ekintza Nazionaleko Alderdiak; 126 PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiak; eta 106 PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionalak. Alderdi txikiagoak ordezkatzen dituzte gainontzeko 62 diputatuek.PRIk duela bederatzi urte galdu zuen presidentetza
PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko kideek sekula ez dute ahaztuko 2000. urteko uztailaren 3ko hura. Boterearen hegemonia izatera ohituta zegoen alderdia, eta, 70 urtean agintean egon ostean, lehen aldiz hauteskundeak galdu zituen. Ez zen porrot bakarra izan. Sei urte geroago, 2006. urtean, presidentetzarako bozak ere galdu zituen PRIk. Felipe Calderonen PAN Ekintza Nazionaleko Alderdia nagusitu zitzaion orduan, boto gutxi batzurengatik, Andres Manuel Lopez Obradorren PRD Iraultza Demokratikoaren alderdiari. PRI hirugarren indarra bada ere, gaurko bozetan diputatuen kopurua bikoiztuko duela espero dute; hala izaten bada, duela bederatzi urteko porrota ahaztu eta beste aro bat hasiko du.Sei estatutan gobernadoreak aukeratuko dituzte
Mexikoko sei estatutako gobernadoreak ere aukeratuko dituzte gaurko bozetan. PRIk horietako lautan agintzen du -Campeche, Colima, Nuevo Leon eta Sonora-, eta PANek, bitan -Queretaro eta San Luis Potosi-. Mexikon, 32 estatu daude: PRIk hemezortzitan agintzen du; PANek, zortzitan; eta PRDk, seitan.2012
Presidentetzarako bozak. Hemendik hiru urtera egingo dira presidentetzarako bozak Mexikon, eta alderdi bakoitzaren sostengua neurtzeko baliatuko dira gaurkoak. Felipe Calderon presidenteak (PAN) inoizko babesik handiena izan du ekainean; 6,9 puntu.Anabel Hernandez.Mexikoko kazetaria
«Konplizeen erregimena da Mexiko»
Oriol Mallo. Mexiko HiriaIkerketa kazetaria da Anabel Hernandez. PAN Ekintza Nazionaleko Alderdiaren erregimen berriko ustelkeria arrastoen atzetik dabil. Vicente Fox eta Felipe Calderon, biak ala biak ageri dira haren azkeneko liburuan: Presidentearen konplizeak. Trantsizioko lehen eskandalua utzi zuen agerian kazetariak, Fox presidentearen Los Pinos egoitza ofizialerako ziren eskuzapien erosketa susmagarria, 400 dolarrean bakoitza. Toallagate hura ez ezik, presidentearen emazte Marta Sahagunen semeen negozioak harrotu zituenez, sari eta aitorpen ugari eskuratu ditu; baina komunikabide nazional handietatik egotzi egin zuten azkenean. Reporte Indigo aldizkarian ari da egun.
Genaro Garcia Luna Segurtasun Publikoko ministroa ikertu duzu, eta horren ondorioz areagotu dira haren kontrako kritikak...
Calderonen gobernuan eraginik handien duen gizona da Garcia Luna. Presidenteak droga trafikoaren aurka 2006ko abenduan hasitako gerrako burua da. Segurtasun Publikoko Ministerioko erakunde guztiek hura dute beti gidari, presidentearen babesarekin. Ikuspegi horretatik aztertu behar da nor den, zein jarduera eta zer-nolako ospea bereganatu duen joan den sei urtekoaz geroztik. Garcia Luna ez zen ezerezetik iritsi, 1989az geroztik baitago polizia sisteman txertatua, Cisen Ikerketa eta Segurtasun Nazionalerako Zentroan sartu zelarik. Jorge Carrillo Oleak antolaturiko espioitza zentro nazionala zen hura; behin Morelosko gobernadore bihurtu zelarik, Carrillo Oleak dimisioa eman behar izan zuen, bahiketen industrian nahastuta zegoelako haren segurtasun talde osoa.
Arratoien habia al dira Mexikoko segurtasun egiturak?
Lehenik eta behin, badira froga argi askoak agerian uzten dutenak fiskaltzako eta poliziako goi kargudun askok ez dituztela funtzio publikoan jardun ahal izateko probarik oinarrizkoenak ere gainditu. Poligrafoaz edo gezur detektatzaileaz ari naiz, eta toxikologia probez. Ez da harritzekoa,duela urtebetetik hona eta eguna joan eta eguna etorri, Segurtasun Publikoko ministroaren konfiantzako lan taldeko kideren bat erortzea, droga trafikoan parte hartzeaz akusatuta. Kasurik nabarmenena izan zen, berriz, Ministerioko Drogen Kontrako Dibisioko koordinatzaile Gerardo Garayrena. Eta hamasei urte zeramatzan Garcia Lunarekin lanean. Epaitu zain dago orain, droga trafikoan aritzeagatik eta agintekeriaz jarduteagatik.
Egia al da haren idazkaria bera ere, Mario Arturo Velarde Martinez, epaitegietan deklaratzera deitu zutela?
Bai, baina mailarik gorenekoek babestu egin zuten, eta, orain, Eskualdeko Segurtasunerako Koordinazio Nagusiko zuzendaria da, eta horrek esan nahi du hark kontrolatzen dituela aireportuak eta mugak. Harrigarria da, gainera, iaz atxilotu zituztenetako droga trafikatzailerik garrantzitsuenakzerrenda oso bat izatea, muga eta aireportuetako haren kartelean soldatapean ziharduten polizia eta agente guztiena.
Zergatik mintzo zara presidentearen konplizeez?
Hainbat baliabide zirela bitarteko -eliza, militarrak, herritarrak-, presidenteak bazuen Genaro Garciaren ospe txarraren berri, Foxen sei urteko agintaldian Ikerketarako Agentzia Federaleko titular izan zenez geroztik. Agentziakoek borrokatzen eta ikertzen zituzten, ustez, bahiketak eta droga trafikoa, baina Garcia Lunari eta haren taldekoei kontu larriak egotzi zizkieten; baziren bahitzaile beldurgarriek idatzitako gutunak ere, El Coronel izeneko batenak esaterako, hark jardunean ziharduelarik hura babestu eta kontrolatu izanaz salatzen zutenak.
Baina zein informaziok egozten dio errua, zuzenean, Genaro Garcia Lunari?
Jar dezagun zalantza mahai gainean, baina hortxe dago Lorena Gonzalez komandantea ere, iaz Fernando Marti lehenik bahitu eta gero hil egin zuen talde antolatuko arduraduna; Garcia Lunak eta haren idazkariorde Facundo Rosasek tontotzat hartu nahi izan gintuzten, ukatu egin baitzuten komandante andreak bahiketen kontrako unitatean zuzenean ministroaren aginduetara lan egiten zuela -eliteko talde bat zen hura, mailarik gorenekoa, eta bahiketen industriaren kontra ziharduena-. Frogatu ahal izan nuen, nominako ordainagiriekin eta PFP Prebentziorako Polizia Federalaren organigramarekin, Gonzalez talde berezi hartako kide zela 2007az geroztik. Fernando Marti bahitu zuten egunean, jardunean ziharduen, eta unitate hartako kide gisa kobratzen ari zen. Zergatik aritu ziren gezurretan? Nor babestu nahi zuten?
Zein tesi daukazu, beraz, presidentearen konplizeak deitzen diezun horien gainean?
Neure buruari galdetu nion ea presidenteak zergatik ezkutatzen ote zituen lankide hain polemikoak, eta konturatu nintzen Juan Camilo Mouriñok funtsezko eginkizuna bete zuela 2006ko kanpainan, eta ezinbestekoa izan zela finantzabideak biltzeko orduan -atzerriko enpresa handiak bildu zituzten-; horrez gainera, Calderonek eta biek zekizkiten presidentetzarako bozak txarrean irabazi ahal izateko sekretuak.
Eta Garcia Luna?
Kanpainan espioitza jarduerak izan ziren, eta, Garcia Lunak, alor horretan trebatua izaki, lan bikoitza bezain bikaina egin zuen: primerako informazioa zeukan Calderoni buruz, baina haren zerbitzura jarri zen, aldez aurretiko bere ekintzengatik zigorgabe uztearen truke. Harrezkero lagun minak dira; eta, hala, konplizeen erregimen bihurtu da herrialde hau, presidentearen babespean.