«Belaunaldi berri bat gara. Ez dugu iraganera buelta egingo». Herritar askoren ezinegona lasaitu nahi izan du Enrique Peña Nieto Mexikoko presidente berriak hauteskundeak irabazi bezain laster. «Nire gobernuaren begirada etorkizunean iltzatuta egongo da. Mexiko aldatuta dago jada». Berba horiek, baina, kirrinka egiten dute XX. mendean 70 urtez Mexikoko botere guztien jabe izan zen alderdiaren ordezkariaren ahotan. Alderdi zahar baten aurpegi berria irudikatzen du Peña Nietok, eta, basamortuan hamabi urteko zeharkaldi bat egin ostean, PRI berriro agintera itzultzea lortu du.
Botoen %38,04 jasota irabazi duPeña Nietok, eta sei punturen aldea atera dio Andres Manuel Lopez Obrador ezkerreko PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagaiari —botoen %95,56 zeuden zenbatuta bart—. Azken hamabi urteetan gobernuan izan den eskuineko PAN Ekintza Nazionalaren Alderdiko hautagai Josefina Vazquez Mota, berriz, hirugarren posturaino hondoratu da, botoen %25,44rekin; PANAL Aliantza Berria alderdiko hautagai Gabriel Ricardo Quadri de la Torrek laugarren postua lortu du, %2,30eko babesarekin. Peña Nietoren arabera, bere garaipena mexikarrek PRIri emandako «bigarren aukera bat» da, eta agindu die ez diela huts egingo: «Emandako aukera honi emaitzekin erantzungo diogu, XXI. mendeko Mexikorekin bat datorren gobernatzeko modu berri batekin».
Aurkari politikoek eta herritar sektore handi batek ustelkeriarekin lotzen du PRI, eta narkotrafikoarekin ezkutuko tratuak egin izana ere egozten diote. Horregatik, Peña Nietok nabarmendu du antolatutako krimenaren kontrako politikak ere ez duela izango iraganarekin zerikusirik: «Narkotrafikoarekin ez da egongo ez su-etenik, ez akordiorik».
Horrez gain, Felipe Calderon orain arteko presidentea ere gogoan izan du irabazleak bere lehen agerraldian, eta haren «bokazio demokratikoa» txalotu du. gainerako hiru presidentegaiei, berriz, «adiskidetze nazionalerako deia» egin die, eta eskertu egin die «demokrazia sendotzeko egin duten ekarpena». Lehiakide politikoek, ordea, ez dute berba goxorik izan presidente berriarentzat.
Ezkerraren mesfidantza
Lopez Obradorrek zuhur izateko eskatu du behin betiko emaitzak izan bitartean. Hura da oraindik Peña Nietoren garaipena onartu ez duen hautagai bakarra. «Azken berba esan barik dago oraindik». IFE Mexikoko Hauteskunde Institutu Federala bihar da emaitza ofizialak argitaratzekoa, eta iragarri du ordura arte ez duela egingo PRIren itzulerari buruzko adierazpenik. «Funtsezkoa da datu guztien zenbaketa izatea. Informazio guztia eskuan izan arte itxarongo dugu». Dena dela, ezkerreko presidentegaiak salatu du hauteskunde prozesuak ez duela izan konstituzioak ezartzen duen zuzentasunik.
Lopez Obradorren mesfidantzak 2006ko presidentetzarako hauteskundeetan du jatorria. Ordukoan, parez pare geratu ziren lehen zenbaketan Calderon eta bera; azken zenbaketa ofizialak, baina, Calderoni eman zion garaipena, ozta-ozta, botoen %0,56gatik. Lopez Obradorrek ez zuen onartu emaitza, eta iruzurra salatu zuen.
Oraingoan zenbaketa guztiek garaipena PRIri eman arren, zalantzan jarri du PRDko hautagaiak: «Guk daukagun informazioak beste zerbait adierazten du». Hala ere, ez du ezer gehiago zehaztu. Lehen zenbaketak eskuan izanda PRIren garaipena ez onartu izanak haserretu egin du Peña Nieto, eta «gehiengoaren erabakia errespetatzeko» eskatu dio ezkerreko hautagaiari: «Uste dut alderdi guztiek bereganatu behar lituzketela jarrera demokratikoak».
PANek, bestalde, berehala onartu ditu emaitza txarrak. Gustavo Madero eskuineko alderdiko presidenteak «egundoko porrota» aitortu du. «Autokritika eta umiltasuna» eskatu dizkio alderdiari, baina gogorarazi du Mexikoren trantsizio demokratikoa «arriskuan» dagoela. Izan ere, 1929tik 2000ra arte PRIk gobernatu ostean, PANen azken bi agintaldiak «benetako demokraziaranzko trantsiziotzat» jotzen ditu eskuinak. «Aurpegi asko ditu PRIk, eta ez dakigu nola ariko den agintean. Marmoka bat bezalakoa da; interes sare bat», ohartarazi du Maderok. Mexikoko hamar estatutan, esaterako, 85 urte daramatza PRIk gobernuan, etenik gabe.
Gehiengoa bi ganberetan
Presidentea ez eze, Diputatuen Ganberaren eta Senatuaren osaketa ere hautatu dute mexikarrek bozetan. Gehiengo zabala eskuratu du PRIk bi ganberetan, baina gehiengo osorik ez:500 diputatutatik 232 lortu ditu, eta 128 senataritik, 57. Legeak onartzeko, beraz, nahitaez negoziatu beharko du beste alderdiekin. Diputatuen Ganberan140 eserleku izango ditu PRDk,118 PANek, eta 10 PANALek. Senatuan, berriz, PAN izango da bigarren indarra, 57 senatarirekin; ezkerra, hirugarrena, 41 eserlekurekin; eta Quadriren alderdia, laugarrena, eserleku bakarrarekin.
Mexiko. Hauteskundeak
Mexiko PRIrena da berriro
Enrique Peña Nieto PRIko presidentegaiak irabazi ditu hauteskundeak; Lopez Obrador ezkerreko hautagaia bigarren geratu daGobernatzeko modu berri bat agindu du irabazleak, «iraganera bueltatu barik»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu