Mexiko

Mexikok 1.700 migratzaile baino gehiago deportatu ditu azken hiru egunetan

Hondurastik AEBetara zihoan karabanako ehunka kide Mexikoko mugan atxilotu dituzte.

Migratzaileen karabanaren eta Mexikoko Guardia Nazionalaren arteko istiluak, atzo, mugako Chiapas estatuan (Mexiko). JUAN MANUEL BLANCO / EFE
Paulo Ostolaza.
2020ko urtarrilaren 24a
12:23
Entzun

AEBetarako bidea zail jarri zaie joan den urtarrilaren 14an eta 15ean Hondurastik irten ziren 5.000 migratzaileei. Mexikoko Guardia Nazionalak itxi zien muga, Guatemala eta Mexikoko Chiapas estatua zatitzen dituen Suchiate ibaian, eta, bi aldeen arteko negoziazioak eten zirenetik, Mexikok ehunka migratzaile atxilotu ditu: atzo zortziehun atxiki zituzten, INM Mexikoko Migraziorako Institutuaren arabera.

Andres Manuel Lopez Obradorren gobernua duela hiru egun hasi zen karabanako kideak deportatzen, eta dagoeneko 1.700 migratzaile inguru bidali ditu Tegucigalpara, Jessica Guzman Hondurasko migratzaileen babeserako erakundeko arduradunak atzo zehaztu zuenez. Gutxi batzuk euren kabuz itzuli dira Guatemalatik. Guzmanek Hondurasko Gobernuak «bueltan diren migratzaileak babesteko» duen konpromisoa azpimarratu zuen, eta bide horretan euren bizia arriskuan ez jartzeko eskatu zien pobreziatik eta indarkeriatik ihes egiten duten bere herrikideei: «Mexikoko eta AEBetako araudiak ikusita, porrotera bideratutako saiakerak dira». Datozen egunetan migratzaile gehiago itzultzea espero dutela ere baieztatu zuen.

Guatemala eta Mexiko arteko muga igarotzeko zain zeuden migratzaileek elkarrizketak izan zituzten Mexikoko Gobernuarekin. Asilo eskaerak modu ordenatuan egitea eskaintzen zuten, baita Chiapas estatuan mugitzeko askatasuna izatea eskatu ere, hala Mexikoko Guardia Nazionalari izkin egiteko. Dena den, tentsioak gora egin zuela eta, amaitu egin ziren elkarrizketak, eta ehunka migratzailek modu irregularrean igaro zuten Suchiate ibaia; mugatik zortzi kilometro aurreratu zituen karabanak, baina atsedenaldi bat hartu orduko jazarri egin zitzaizkien Guardia Nazionaleko berrehun kide. INMk adierazi duenez, asteazkenetik 2.000 migratzaile inguru atxiki ditu Mexikok.

Haur migratzaileak

Migratzaileekin dauden GKEek istiluetan negar gasa eta indarkeria erabiltzea salatu dute. Lopez Obrador, ordea, pozik agertu da Guardia Nazionalak «giza eskubiderik urratu gabe» egin zuelako jazarpena.

Mexikoko El Universal egunkariaren arabera, migratzaileek ez dute ia janaririk jada, eta Poliziarekin izandako istiluak are  larriago utzi ditu migratzaileak: «Negarrak, hainbat emakume urduritasun krisiak pairatzen, haurrak zorabiatzen... Deshidratazioaren eta negar gasaren ondorioak dira; bi ordutan jazarri eta INMren autobusetara igo zituzten», dio egunkariak.

UNICEF Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsak Mexikoko Gobernuari gogorarazi dio bere ardura dela haur migratzaileen eskubideak bermatzea: «Beste guztiaren aurretik, umeak dira, eta euren eskubideak eurekin bidaiatzen dute». UNICEFek haurren integritatea eta familiak ez zatitzeari lehentasuna emateko eskatu du.

«Alfonbra gorririk ez»

Jesus Seade Mexikoko atzerri ministerioko kideak argi utzi zuen atzo Mexikok zer jarrera duen migratzaileekin: «Besoak irekita jarraitzen dugu, migratzaileei identifikatzeko eskatzen, baina ezin diegu alfonbra gorri bat jarri eta esan: jarraitu AEBetara». Seadek azpimarratu du Mexikon sartzen utziko dietela «modu ordenatuan eta lan egiteko gogoarekin» egiten duten migratzaileei, naiz eta Guardia Nazionalaren jokaerak kontrakoa adierazten duen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.