Ingrid Escamilla eta Fatima Aldrighettiren kasuek haserrea eragin dute Mexikon. 25 urte zituen lehenak, eta otsailaren 9an aurkitu zuten hilik. Bere bikotekideak aitortu zuen labankadaz hil eta zatikatu egin zuela. 7 urteko Aldrighettiren gorpua, aldiz, eraikuntza lanetan ari ziren eremu batean agertu zen, poltsa baten barruan eta tortura zantzuekin. Lau egun lehenago desagertu zen.
Bi kasu horien berri izan bezain laster, protestak lehertu ziren Mexikon. Egoera ez da berria. Datu ofizialen arabera, emakumeen hilketek gora egin dute 2015etik. 2018a izan zen azken 29 urteetan hilketa gehien izan ziren urtea: 3.752 emakume hil zituzten orotara: batez beste, egunean hamar. Adituek salatzen dute arazoa instituzioetaraino heldu dela, eta auziari behar bezala ez erantzutea egozten diote Andres Manuel Lopez Obradorren gobernuari.
Protestak baretze aldera Zigor Kodea aldatu eta feminizidioagatiko zigorrak gogortu ditu Mexikoko Kongresuak. Aurrerantzean 65 urterekin zigortuko da emakume baten hilketa —lehen baino bost urte gehiago—, eta hamar eta hemezortzi urte arteko zigorrak jasoko dituzte 15 urte baino gutxiagoko nesken aurkako sexu abusuak egiten dituztenek. Horrez gain, indarkeria matxistagatiko zigorrak eta ikerketak oztopatzen dituzten langile publikoen aurkakoak ere gogortu dituzte.
Neurriek, ordea, ez dituzte Lopez Obradorren aurkako kritikak baretu. Oposizioak «enpatia eta sentsibilitate» falta egotzi dio buruzagi ezkertiarrari, eta «egitasmo zehatz baten beharra» nabarmendu dute. Lopez Obradorren esanetan, «gizarte hobea» eraikitzea da «beharrezkoena», nahiz eta zaintza eta Poliziaren lana hobetzea egin beharreko lanak izan. «Erregimen ustela atzean uzten dugunean, ez dute zertan eskubide urraketan egon, ez du zertan lurraldea suntsitu, ez dira zertan bidegabekeriak gertatu», adierazi du.
Oposizioa, baina, ez dator bat harekin. «Gerta liteke neoliberalismoak eragindako berdintasun ezak feminizidioak bultzatu izana. Baina emakumeok eskatzen duguna ez da diagnostiko bat, Mexikoko Estatu osoa barneratuko duen erantzun argi bat baizik», adierazi du Lorena Villavicenciok, agintean den alderdiko diputatuetako batek.
Ekintza plana
Zigor Kodearen erreformak Kongresuko 415 diputaturen babesa jaso du, baina horietako askok —tartean emakumezko diputatu guztiak— ekintza plan baten beharra azpimarratu dute. «Instituzioek diagnostikoa egin dute, baina hor geratu dira, eta horrek argi uzten du ez dutela ekintza planik, herrialdeko instituzioetako bakoitzari jarraitu beharreko urratsak zehaztuko dizkiona».
Emakumeen aurkako erasoak ez dira hilketetara mugatzen. 2018 eta 2019 artean, emakumeen bahiketek %24 egin zuten gora, Bahiketak Gelditu erakundeak jasotako datuen arabera. Duela bi urte, 1.834 pertsona bahitu zituzten, eta horietatik 330 emakumezkoak ziren (%17,9); iaz, berriz, 1.887 izan ziren bahituak, eta horietatik 410 (%21,7) ziren emakumezkoak. «Alegia, gero eta gehiago dira emakumeak», salatu du erakundeak.
Miranda Wallacek zuzentzen duen erakundearen arabera, iaz bahitutako emakumeetatik %90 inguruk sexu indarkeria ere jasan zuen, baina oso gutxik salatu zuten. «Ezin diegu egotzi salaketarik ez jartzea. Justizia sistemak huts egiten die, eta gizarteak erruduntzat jotzen ditu. Bahitzen dituztenean, asketasuna ukatzeaz gain, duintasuna eta osotasun fisiko eta psikologikoa ere ukatzen dizkiete, eta maiz bizitza ere kendu egiten diete».
Komunikabideen rola
Gobernuaren eta instituzioen lana ez ezik, komunikabideen jokabidea ere salatu dute emakumeen eskubideen aldeko taldeek. Escamillaren kasuan, esaterako, La Prensa egunkariak haren gorpuaren irudiak argitaratu zituen azalean, «Kupidoren akatsa izan da» titularpean. Kazetak egindakoa defendatu du, eta adierazi du prest dagoela bere lerro editorialaz eztabaidatzeko, betiere justiziak hala eskatzen badio.
Ekintzaile eta adituek ohartarazi dute instituzio guztiak aintzat hartuko dituen egitasmo orokor bat behar dela, indarkeria matxista murriztuko bada. Horretarako egin beharreko urratsak ere zehaztu dituzte: lehenik, Mexikon emakumeen aurkako indarkeriak nabarmen gora egin duela aitortzea; gero, gobernuaren ezohiko bilera bat egitea emakumeen eskubideen arloan zer urrats egin diren aztertu eta justizia arloan zer egin daitekeen zehazteko; elkarte feministekin eta biktimen elkarteekin biltzea lege arloan eman beharreko urratsak aztertzeko; eta, azkenik, egindako aldaketak betetzen direla bermatuko duen jarraipen batzorde bat sortzea.