Azken emaitzen arabera, bi hautagaien arteko aldea txikia da oso: %0,56koa. Calderonen PAN Ekintza Nazionalerako Alderdiak Lopez Obradorren Guztien Onerako Koalizioak baino 233.831 boto gehiago lortu ditu. Epaitegiak aho batez onartu du emaitza, eta nabarmendu du, prozesuan akatsak izan diren arren, horiek ez direla bozak baliogabetzeko adinakoak izan. «Erabaki hau hauteskunde prozesu demokratiko baten ondorioa da, subiranotasun nazionalaren ondorioa», adierazi du epaitegiko presidente Leonel Castillok.
Mexikoko jarduneko presidente Vicente Foxek jada zoriondu du bere alderdikide Calderon.Gobernuko eledun Ruben Aguilarrek iragarri duenez, bi buruzagiak gaur bilduko dira presidente karguaren esku aldaketa azkartzeko. Epaitegiaren erabakia errespetatzera deitu ditu Aguilarrek alderdi guztiak, esanez «benetako demokratek» bete egin behar dituztela epaileen erabakiak.
Lopez Obradorrek, aldiz, iragarri du ahal duen guztia egingo duela Calderonek abenduaren 1ean presidente kargua har ez dezan. Helburu horrekin irailaren 16an, Mexikoren independentziaren urteurrenean, Asanblea Konstituziogile bat osatzeko deia egingo du. Era horretan, erresistentzian lan egingo duen gobernua osatu nahi du.
«HUTSAK BAI, BAINA TXIKIAK». Epaitegiak onartu du hutsegiteak egin dituztela hauteskunde prozesuan, baina nabarmendu du horiek txikiak izan direla. Besteak beste, «legehausterik larriena» Vicente Foxek berak egindakoa izan dela adierazi dute. Mauro Miguel Reyes epailearen arabera, kanpainanpresidenteak Calderonen alde egin izana larria da oso, nahiz eta aipamen horiek zeharkakoak izan ziren. «Jaso ditugun dokumentuek berresten dute okerrak egin zirela. Horietako batzuk ez ziren behar bezala gainbegiratu, eta besteak ez ziren hauteskundeak kolokan jartzeko adinakoak izan».
Lopez Obradorrek aurkeztutako beste salaketetako baten arabera, berriz, komunikabideek haren aurkariari arreta gehiago eskaini zioten kanpainan. Baina epaileen ustez, Lopez Obradorrek berak egin zion uko telebistan egindako lehen eztabaidan parte hartzeari, eta horrek eragina izan zuen herritarrek hari buruz zuten iritzian. Aldiz, epaileek salatu dute Enpresaburuen Koordinaziorako Batzordeak legea urratu zuela azken urteetan indarrean jarritako politikekin jarraitzeko eskatu zuenean.
Jose Fernando Ojesto epailearen iritziz, berriz, tamalgarria da hautagaiek elkarren kontrako irainetan oinarritu izana kanpaina: «Zenbait politikarik ez zuten jokatu herritarrenganako errespetuarekin». Hori dela eta, beharrezko aldaketak egiteko eskatu dio Mexikoko Legebiltzarrari, halakorik berriz gerta ez dadin.
PRD-KO JARRAITZAILEAK, HASERRE. Lopez Obradorren PRD Iraultza Demokratikorako Alderdiko 1.500 jarraitzaile inguru bildu ziren atzo Hauteskunde Epaitegiaren atarian. Haserre agertu ziren erakundearen erabakiarekin. Inposizioa arbuiatzen dugu, Fox traidorea eta Calderonek botoak erosiz irabazi du irakur zitekeen karteletan. Ezkerreko hautagaiaren jarraitzaileek Mexikoko ereserkia abestu zuten eta botoak banan bana zenbatzeko eskatu zuten oihuka. Manifestari talde batek, bestalde, hilkutxa zuri bat eraman zuen epaitegiko atarira, demokrazia hil egin zela salatzeko.
PRDko kide Marta Ortegak salatu zuen hauteskundeez arduratzen ziren agintariak «atzerritarren seme-alabak» zirela ez zutelako aberria defendatu: «Ez dira mexikarrak, eta egiten duten gauza bakarra indarkeria bultzatzea da». PRDko diputatu Raymundo Cardenasen arabera, berriz, tamalgarria da epaileek onartzea Foxek legea urratu zuela, eta hala ere, Felipe Calderon izendatzea presidente. PRDkoek hasieratik salatu zuten hauteskundeetan iruzurra egin zuela Calderonen alderdiak, eta botoak erostea leporatu zioten.
AEBetako adituek hutsak aurkitu dituzte bozen kontaketan
Ekonomia eta Politika Gaietarako AEBetako Ikerketa Zentroak salatu du hutsegiteak egin zituztela botoak kontatzeko garaian. Horretaz gain, erakundeak nabarmendu du ez dagoela arrazoirik azken kontaketako emaitzak ezkutatzeko. Mark Weisbrot ekonomialariaren iritziz, bigarren kontaketa lehenaren oso antzera egin zuten, baina ez zuten nazioarteko begiralerik onartu prozesuan. Aldiz, aurreko kontaketetan emaitzak berehala zabaldu zituzten. «Boto guztiak berriz zenbatu ezean, zaila da horren lehiatuak izan diren hauteskunde batzuetako emaitzetan sinesten, batez ere horrenbeste huts egin direnean, eta agintariek beharrezkoa den informazioa ezkutatu dutenean», salatu du Weisbrotek.Erakundearen arabera, bigarren kontaketan hautagai kontserbadoreak, Felipe Calderonek, 1.365 boto gutxiago lortu zituen.
KrIsIa eGunez eGun
Hauteskunde prozesu amaigabea MexikonUztailaren 2a. Presidentetzarako bozak egin zituzten, baina Hauteskundeetarako Institutu Federalak ez zuen irabazlea nor zen argitu. Andres Manuel Lopez Obradorrek -ezkerrekoa-eta Felipe Calderonek -kontserbadorea-, bakoitzak beren burua jo zuen garailetzat.Uztailaren 3a. Behin-behineko datuetan oinarrituta, Calderon jo zuten garaile, 402.708 boto gehiagorekin.
Uztailaren 6a. Hauteskundeetako datu ofizialen arabera, Felipe Calderonek243.934 boto gehiago lortu zituen, Lopez Obradorrek baino; %0,58 boto gehiago.
Uztailaren 8a. Hauteskundeetan gorabehera ilunak izan zirela salatu zuen Lopez Obradorrek Mexikoko hiriburuan, 280.000 jarraitzaileren aurrean.
Uztailaren 10a. Ustezko legehausteak frogatzen zituzten bideoak aurkeztu zituen ezkerreko hautagaiak.
Uztailaren 16a. Zocaloko 2. Batzar Informatiboa egin zuen Lopez Obradorrek Mexiko hiriburuan -lehena uztailaren 8an egin zuen-, eta han demokraziaren aldeko erresistentzia kanpaina hasiko zuela iragarri zuen. Milioi bat pertsonatik gora bildu zituen.
Uztailaren 17a. Calderonek erantzun zion Lopez Obradorri inork ezin duela kalean irabazi lehen hauteslekuetan irabazi ez duena.
Uztailaren 20a. 1,5 milioi boto faltsuak direla salatu zuen Lopez Obradorrek.
Uztailaren 24a. Ezkerreko hautagaiaren jarraitzaileek kontzentrazioa egin zuten Mexikoko Burtsaren aurrean.
Uztailaren 30a. Lopez Obradorrek batzar iraunkorrera deitu zituen jarraitzaileak eta kanpalekuak jarri zituzten hiriburuan, eta trafiko arazoak eragin zituzten horrekin. Botoak berriz zenbatzeko eskatu zuten.
Abuztuaren 5a. Auzitegiek iragarri zuten soilik botoen %9 zenbatuko zituztela berriz.
Abuztuaren 14a. Poliziak indarrez atera zituen Legebiltzarrekin Lopez Obradorren aldeko diputatuak.
Abuztuaren 16a. Mexikoko herriaren defendatzaileak ohartarazi zuen egoera politikoak kolokan jar zezakeela bakea eta instituzioen lana.
Abuztuaren 24a. Hauteskundeetarako Institutu Federalak berretsi egin zuen Calderonen garaipena Kongresuan eta Senatuan.
Abuztuaren 29a. Lopez Obradorrek gobernu alternatibo bat sortzeko aukera aipatu zuen.
Irailaren 1a. Lopez Obradorren aldeko diputatuek ez zioten utzi Mexikoko presidente Vicente Foxi Gobernuaren azken txostena aurkezten Kongresuan.
Irailaren 5a. Auzitegiek ontzat eman zituzten hauteskundeetako emaitzak, eta Calderon jo zuten garailetzat.