Mexikon presidentetzarako bozen kanpaina hasi berria da, eta ez da ezuste handirik espero: PRIAlderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagai Enrique Peña Nietok hamabost punturen aldea ateratzen dio inkestetan bigarrenari, Josefina Vazquezi. PAN Ekintza Nazionaleko alderdiko hautagaiak ezin izan dio egungo presidente Felipe Calderonen desgasteari aurre egin. Narkotrafikoaren kontrako borrokaren ondorioz —50.000 hildako utzi ditu azken bost urteetan—PANek babesa galdu du gizartean, baita 2006ko bozetan egindako promesak bete ez dituelako ere. Presidentetzarako hauteskundeen egun berean kongresua aukeratzeko bozak ere egingo dituzte.
Andres Manuel Lopez ere lehian izango da, PRD Iraultza Demokratikoaren Alderdiko hautagai gisa. Inkestek aukera gutxi ematen dizkiote Lopezi:Peña Nietok 30 punturen aldea ateratzen dio. 2006an Calderonen aurka bozen %0,56ren aldeagatik galdu zuen Lopezek. Orain muturreko ideiak baztertuta eta maitasunaren errepublika aldarrikatuz aritu da jendaurrean, baina mezu aldaketak ez dio mesederik egin. Gabriel Quadri ekologista da lehiako azken hautagaia.
«Aldaketa handia»
Mexikorentzat «aldaketa handi bat» aldarrikatuz hasi du kanpaina Peña Nietok. PANen azken hamabi urteetako kudeaketa gogor kritikatu du, eta herrialdeak arazo larriak dituela salatu du: indarkeria, pobrezia, langabezia eta «ustelkeriak eta eraginkortasunik ezak ahuldutako erakundeak». Hain justu presidentzialismoa indartu nahi du Peña Nietok. Jorge Zepeda idazle eta kazetariak azaldu du Vladimir Putinek Errusian ezarri duen eredua ezarri nahi duela PRIko hautagaiak Mexikon, «askatasun eremuak mugatuz».
PANi alde handia ateratzen dion arren, eta alderdiko hautagai Vazquezek hautesleria erakartzea lortu ez badu ere, Calderonen erasoen beldur da Peña Nieto. Azken honek kritika egin baitio alderdiari, PRI narkotrafikatzaileekin ondo moldatzen dela aditzera emanez.
Indarkeria kanpainan
Narkotrafikoak kanpainan ere badauka eragina. Ezkerreko alderdiek salatu dute narkotrafikatzaileek hamahiru hautagairi heriotza mehatxua egin dietela. Hauteskundeetarako Institutu Federaleko presidente Leonardo Valdesek ere segurtasunik eza hauteskunde garbiak egiteko oztopo dela adierazi du.
«Hainbat ingurutan ez dago segurtasunik, eta horrek gizartearen elkarbizitzari eta demokraziari kalte egiten dio», esan du Valdesek. Hauteskunde garbi batzuk egiteko hautagai guztiak euren proposamenak «askatasunez» egin ahal izatea beharrezkoa dela gaineratu du.
Mexikoko bozetan PRIk esku-eskura dauka boterea berreskuratzeko aukera
Peña Nieto hautagaia da faboritoa; Calderonen desgasteak aukerak txikitu dizkio PANeko hautagai Vazquezi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu