COVID-19aren hirugarren olatuak gogor jo du Mexiko, zenbait erietxe beteta baitaude dagoeneko. Osasun Idazkaritzak emandako datuaren arabera, 381 hildako eta 19.223 kutsatze zenbatu zituzten atzo, egun bakarrean. Aurreko urtarrilaren 23tik jaso duten kopuru handiena da.
Kasuen gorakadaren ondorioz, ospitaleak gero eta beteago daude. Horietako batzuk beren okupazio ahalmenaren %100era iritsi dira dagoeneko, eta beste asko alarma gorrian jarri dituzte; Colima erietxea okupazioaren %85era iritsi da, eta Nayarit ospitalea ere antzera dabil, okupazioaren %83 COVID gaixoekin beteta baitago.
Mexikoko Gobernuak txertaketa prozesuak egoera hobetuko duen itxaropena du. Oraingoz COVID-19aren aurkako 64,48 milioi dosi jarri dituzte, eta 25 milioi lagunek bi dosiak jaso dituzte. Dena den, 126 milioi biztanle ditu herrialdeak, eta txertaketa prozesua martxan den arren, oraindik asko dira dosirik jaso ez dutenak. Gainera, 18 urtetik gorakoek bakarrik jaso dezakete txertoa.
Pandemia hasi zenetik, guztira 2.810.097 kasu eta 240.000 hildako inguru zenbatu dituzte. AEB Ameriketako Estatu Batuen, Brasilen eta Indiaren atzetik, COVID-19ak eragindako hildako gehien dituen laugarren herrialdea da Mexiko.