Guadalajara hirian, Mexikoko mendebaldean, Latinoamerikako, Karibeko eta EB Europako Batasuneko 58 estatutako goi ordezkariak bildu ziren atzo. Mercosurren (Hego Amerikako Merkatua) eta EBren arteko negoziazio prozesua ixteko eta Andeetako Komunitatearekin nahiz Erdialdeko Amerikarekin hasteko egutegia finkatzeaz gain, AEBek Kubaren kontra ezarritako Helms-Burton legea eta Irakeko torturen gaitzespena izan ziren eztabaidagai nagusiak.
Fidel Castro ez zen bileran izan, baina Kubaren ahotsa ozen eta zorrotz entzun zen, kritiketan. Bilkura hasteko bezperan, Vicente Fox presidenteak AEBekin duen «jarrera otzana» gaitzetsi ondoren, zera adierazi zien Mexikoko herritarrei: «Batere edukirik gabeko goi bilera izango da, ospakizun hutsa, non Europako Batasunak deusekinez duen konpromisorik hartuko».Goi bilera hasi aitzin, Foxek NBEren «erreforma sakona» galdegin zuen, «sendotu eta biziberritu dadin». Instituzio multilateralak abiatzeko moduak eztabaidatzeaz gain, estatuek ekintzak beren kasa ez abiatzeko gomendioa egin zuten goi bileran izan ziren ordezkariak. Horrekin, inplizituki kritika egin zioten Washingtoni, Iraken kontrako gerra NBEren babesik gabe abiatzeagatik. «Estatuak elkarlanean arituta hobeki berma daitezke bakea eta justizia», esan zuen EBko txandakako presidente Bertie Ahernek.AEBetako soldaduek Irakeko presoei eginiko torturak salatzekoak ziren goi bileran bildutakoak. Alabaina, Poloniako okupazio indarrek ere halakoak egin dituztela dioten akusazioak direla eta, salaketa hori azkenean egingo ez zen kezka zegoen Guadalajaran. «Irakeko kartzeletan berriki argitara ateratako gehiegikerien inguruan gure izua adierazten dugu. Gehiegikeriok nazioarteko legearen kontrakoak dira, baita Genevako Konbentzioaren kontrakoak», zioen proposatutako adierazpenak. Habanak eskatu zuen azken deklarazioan AEBak bereziki aipatzeko. Azkenean ez zen AEBen aipamenik egin.Ordu batzuk beranduago Kubako Gobernuak Habanan eginiko adierazpenetan gogor kritikatu zuen Guadalajarako goi bilerako azken agiriaren eztabaidan EBk izan zuen jarrera, eta «AEBen menpeko artalde gisa jokatzea» egotzi zion. Kubaren esanetan, EBk erabat uko egiten zion auzia deklarazioan aipatzeari, baina «eztabaida gogor eta gorabeheratsuen ondotik, gaitzespen hitza onartu» zuen, «baina soilik modu orokorrean». «Gaitzespenaren kontra zeudenak arraza zein irizpide politikoengatik milioika herritar hil zituzten nazien kontzentrazio eremuen lekuko izan ziren herrialdeetako ordezkariak ziren. Orain buruzagiak mila bider arriskutsuagoak diren ideia eta metodo neonazietara hauen bultzatzailearen, hots, AEBetako administrazioa kontrolatzen duen eskuin muturraren, boterea ia mugagabea da makurtzen dira».
Helms-Burton legea
Mexikoko Atzerri ministro Luis Ernesto Derbezek esan zuen Habanako gobernua ezezik, Latinoamerikak ere nahi zuela EBk AEBetako Helms-Burton legea Kubaren kontrako bahimendua sendotzeko 1992an onartua gaitzes zezan.
Haatik, EBko iturriek adierazi zuten ordezkari europarrak prest agertu zirela Kubaren kontrako bahimendua gaitzesten duen NBEren ebazpena deklarazioan sartzeko. Iturrioi jarraiki, Kubako Atzerri ministro Felipe Perez Roquek proposatu zuen eztabaida EBko eta Latinoamerikako gobernuburuen esku uzteko, baina negoziatzaile europarrek horri «bideragaitz» iritzi zioten eta Kubako ordezkariaren jarrerarekin «haserre» agertu ziren. «Kubak izugarri aukera ona galdu du azken deklarazioan hasieran aurreikusia zegoen Helms-Burton legearen kontrako gaitzespen argi bat sartzeko». Perez Roquek, bere aldetik, jakinarazi zuenez, EBk Kubaren eskariei uko egin zien. Habanako gobernuak geroago «kamuts, lotsagarri eta koldar» iritzi zion EBren proposamenari.Venezuelako presidente Hugo Chavezek AEBetako presidente George Bushen gobernuaren «inperialismoa» gogor arbuiatu zuen: «Eromen fasean dagoen inperialismoa da».Protestak ez ziren falta izan, ez aurreko egunetan ez atzo bertan. Greban diren langileez gain, globalizazioaren aurkako ehunka pertsonak manifestazioak egin zituzten hirian.Bestalde, herenegun Mexikok eta Kubak beren enbaxadoreak ohiko lanpostuetara itzultzea hitzartu zuten. Alta bada, ez zuten horretarako data zehaztu.
Mexikoko goi bilerako agirian ez dute AEBen politika gaitzetsi
Latinoamerikaren eta Bruselaren arteko harremanak sendotzea erabaki dute Guadalajaran
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu