Ameriketako Estatu Batuetako inoizko natur hondamendirik handiena izan daitekeela ohartarazi dute; Exxon Valdez-ek Kanadako kostaldean eragindakoa baino okerragoa. Mexikoko Golkoko petrolio plataforma batean leherketa bat izan zen aurreko astean, eta, hura hondoratu ostean, oliobidea hautsi zen. Honezkero hiru lekutan dago zulatua oliobidea, eta, ondorioz, bost mila upel petrolio isurtzen ari dira itsasora egunean, hasiera batean aurreikusitakoa baino bost bider gehiago; 795.000 litro petrolio isurtzen ari dira, beraz, egunean.
Orain orbana mugatzeko ahalegina egiten ari dira, tartean petrolioa kostaldera irits ez dadin, baina orbana jada itsasbazterretik 32 kilometrora baino ez dago, eta asko hedatu da -170 kilometroko luzera eta 70 kilometroko zabalera du-. Ohartarazi dutenez, gaur iluntzean irits daiteke kostara, eta haizearen norabide aldaketak are gehiago azkartu dezake. Louisiana, Mississippi eta Alabama estatuak izan daitezke kaltetuak, eta 400 espezie daude arriskuan.
Janet Napolitano Etxe Zuriko Segurtasun Nazionalerako idazkariak hondamendi nazionaltzat jo du isuria, hartara, orbanari aurre egite aldera bitarteko gehiago eskuratu ahal izateko. Napolitano gaur gerturatuko da inguru hartara kalteak ikuskatzeko, eta, aurreratu duenez, erantzukizunak eskatuko ditu. AEBetako armada bera jada ari da isuria gehiago zabal ez dadin laguntzen, eta hainbat gunetan petrolioa erretzeari ekin diote. Langak ere ezarri dituzte itsasoan.
BP British Petroleumen Deepwater Horizon plataforma hilaren 20an zartatu zen. Louisianako kostatik 90 kilometrora dago eraikina, eta biltegian 2,6 milioi litro petrolio ditu; egunean 1,27 milioi litro ateratzen ziren handik. Leherketaren unean, 126 lagun zeuden plataforman, eta horietatik 11 desagertuta daude.
Leherketa ikertzen
Istripua zerk eragin zuen argitzeke dago, baina, aurreneko ikerketen arabera, presioa ezustean handitu izanak eragin zuen leherketa. Plataforma handik bi egunera hondoratu zen. Lehentasuna orain itsas azpian 1.500 metrora dagoen putzua ixtea da, baina, horretarako zailtasunhandiak dituzte putzuaren sakonera dela eta. Mary Landri AEBetako Kosta Zaindariko buruaren esanetan, putzua aurki itxi ezean, inoizko marea beltzik handiena izango da Mexikoko Golkokoa.
Exxon Valdez ontziak eragindakoa da orain artean herrialdeko hondamendirik handiena. Kanadako kostaldean 41 milioi litro petrolio isuri zituen ontziak 1989. urtean.
Mexikoko Golkoko petrolio isuria gaur kostaldera iritsiko dela aurreikusi dute
Oliobideak bost mila upel petrolio isurtzen ditu itsasora egunean; AEBek hondamendi nazionaltzat jo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu