Mexiko

Mexikon aurkitutako gorpuak ez dira desagertutako ikasleenak

Irailaren 26an 43 ikasle desagertu eta beste sei hil ziren Guerreron, antza droga kartelekin lotura zuten poliziek tirokatuta.

Desagertuen senide eta ikaskideek protestak egin dituzte azken egunetan, non dauden argitu dezaten exijitzeko. JOSE MéNDEZ / EFE
2014ko urriaren 15a
20:00
Entzun

Jesus Murillo Karam Mexikoko fiskalak prentsaurrekoa eskaini zuen atzo, Igualako (Guerrero, Mexiko) bost hobitan aurkitutako 28 gorpuei egindako DNA frogen emaitzen berri emateko. Murillo Karamek adierazi zuenez, gorpuei egindako azterketa ez dator bat joan den irailaren 26an desagertutako 43 ikasleen DNArekin. Gaineratu zuenez, kasuan atxilotutakoen testigantzak jarraituz arukitutako bigarren hobi multzoan ez dute gorpurik topatu.

Irailaren 26an desagertu ziren Ayotzipanako irakasle eskolako 43 ikasle, eta beste sei hil ziren, Igualako Udaltzaingoak tirokatuta. Polizia iturriek zabaldu dutenez, Gerlari Batuak izeneko droga kartelarentzako lan egingo lukete Igualako udaltzainek. Ayotzipanako ikasleak droga kartelen estortsioaren aurka egindako protestengatik izan dira ezagunak. Hainbat iturriren arabera, beren ekintzak laguntzeko diru eske ari ziren Igualako kaleetan irailaren 26an, sarraskia gertatu zenean.

Geroztik, ia 50 pertsona —poliziak gehienak— atxilotu dituzte kasuarekin zerikusia dutelakoan, eta Guerreroko estatuko gobernadore Angel Aguirrek eskualdeko 81 alkate eta horien poliziak ikertuko dituztela aurreratu du, droga trafikoarekin izan dezaketen lotura argitzeko. Ayotzipanako ikasleek, bitartean, desagertuak non dauden argitzeko exijitu dute kaleetan, eta protestak gogortu dituzte azken asteetan; astelehenean Guerreroko gobernuaren jauregiari su eman zioten manifestariek, Chilpancingo hiriburuan. Gainera, Mexiko osoko unibertsitate eta ikastetxeetan protestak izan dira, Guerreroko ikasleekiko elkartasunez. UNAMen, herrialdeko unibertsitaterik handienean, 48 orduko grebari eman zioten hasiera atzo.

Enrique Peña Nieto presidenteak, kaleko haserrea baretu nahian, gertakariak “ahalik eta azkarren” argitzea espero duela jakinarazi zuen atzo, “gizartea justizia eskean dabilelako”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.