Trapu zaharrak erakutsi ala ezkutatu. Bi aukera zituen Barack Obamak, eta bigarrena aukeratu du. AEBetako Ordezkarien Ganberak Fast and Furious (Azkar eta Bortitz) operazioari lotutako agiriak aurkezteko eskatu dio Eric Holder Justizia idazkariari, baina hark ezetz erantzun dio. Pribilegio exekutibo delakoa erabili du Obamak 2009an Etxe Zuriaren aginduz Mexikon legez kanpo sartutako 2.000tik gora armen auzia isiltzeko. Ondorioz, Ordezkarien Ganberako batzorde batek erabaki du Holderrek desmen egin duela, eta legearen arabera, isunen bat edo kartzela zigorra jaso dezake. Presidentetzarako hauteskunde kanpaina bete-betean, Obamaren irudiari kalte egin diezaioke auzi korapilatsu bat botere kolpe batez isilarazteak. Izan ere, informazioa ezkutatzea erabakitzeak, ezkutatutakoaren larritasuna nabarmendu dezake herritarren artean.
Duela hiru urte Mexikora 2.000 armatik gora sartu zituen ATF Alkoholaren, Tabakoaren eta Armen Bulegoak, Washingtonen aginduz. Operazio sekretuaren helburua zen armak auzoko herrialdera legez kanpo sartzea eta, horien hurbileko jarraipena eginez, droga trafikatzaileak harrapatzea. Baina, muga gurutzatu bezain laster, armen arrastoa galdu zuen Etxe Zuriak, eta ez zuen ezer jakin denbora batez. 2010eko abenduan, agerian geratu zen dena, Arizonan Brian Terri mugako agentea arma horietako batekin tiroz hil zutenean.
Arma guztiak Mexikoko krimen antolatuaren esku geratu ziren, eta albisteak sekulako eztabaida sortu zuen mugaren bi aldeetan. Felipe Calderon presidenteak ezer jakin barik egin zuten operazioa, eta Mexikoko presidenteak ikerketa abiatzeko eskatu zuen. AEBetan, berriz, alderdi errepublikanoak azalpenak eskatu zizkion Washingtoni. Holderrek berak operazioak «huts» egin zuela aitortu zuen iazko azaroan, Senatuko Batzorde Judizialaren aurrean: «Operazio hori ez zen egin ere egin behar». Hala ere, berretsi zuen berak ez zuela operazioaren berri izan publikoki zabaldu baino aste batzuk lehenago arte.
Gobernua kontrolatzeko Ordezkarien Ganberako batzordeak atzo hartutako erabakia, berriz, «justifika ezina eta aurrekaririk bakoa» da, Holderren ustez. Desmen erabakia datorren astean berretsi beharko du Ordezkarien Ganberak —errepublikanoek gehiengoa dute—, eta gehiengoaren onespena jasoz gero, auzia justiziaren esku geratuko litzateke. Horrela, bide luzea egin beharko luke Holderrek auzitegietan, eta isunen bat edota kartzela zigorra jaso ahal izango luke.
Kanpainarako erabilera
Kongresuko batzordeak erabakiaren berri eman baino lehen, Darrel Issa batzordeburuarekin hogei minutuko elkarrizketa izan zuen Justizia idazkariak, baina ez zuen hura konbentzitzerik lortu. Errepublikanoen arabera, agiri ezkutuak ikertzeak armen operazioa nork agindu zuen jakitea ahalbidetuko luke. Besterik uste du, ordea, Holderrek: «Batzordearen erabakia hauteskunde kanpainan arreta galarazteko helburuarekin sortutako taktika da».
Charles Grassley senatari errepublikanoak, baina, pribilegio exekutiboa erabiltzearen inguruan zentratu nahi izan du eztabaida. «Pribilegio exekutiboa erabiltzeak auzi korapilatsuak jartzen ditu mahaiaren gainean. Gobernuak zelan erabil dezake botere hori Etxe Zuriak ez badu operazioarekin zerikusirik izan eta presidenteak, ustez, ez baditu dokumentuok inoiz ikusi?». Agiriak argitaratzeak AEBetako gizartea «arriskuan» jar dezaketela erantzun dio Holderrek, eta horregatik erabaki dutela datu sekretuak isilpean mantentzea.
Pribilegio exekutiboaren gaineko eztabaida ez da berria AEBetan, eta bi alderdiek jarrera kontrajarriak erakutsi izan dituzte une politiko bakoitzeko komenientziaren arabera. 2007an, esaterako, Obama senatariak gogor ekin zion George Bush presidenteari bederatzi fiskal kaleratzeagatik sortutako eskandaluaren harira pribilegio bera erabili zuenean. «Garbi jokatzeko» eskatu zion Obamak, eta arazoak sortzen dizkioten auziak ateratzen zaizkionean pribilegio exekutiboaren atzean «ezkutatzea» egotzi zion. Bost urte pasa dira harrezkero, eta ber-bera da eztabaida. Rolak baino ez dira aldatu.
Aurrekariak
Eric Schultz Etxe Zuriko bozeramaileak nabarmendu du aurreko bi presidenteak baino gutxiago erabili duela Obamak pribilegio exekutiboa. Izan ere, 2008an agintera iritsi zenez geroztik erabili duen lehenengo aldia da. Bush errepublikanoak sei aldiz erabili zuen zortzi urtetan; Bill Clinton demokratak, berriz, hamalau aldiz, denbora tarte berean.
«Baina kontua ez da zenbat aldiz erabiltzen den, legezko justifikazioa duen ala ez duen baino». Mark Rozell Virginiako George Mason Unibertsitateko politika irakasleak gogorarazi du AEBetako Konstituzioak ez duela aipatzen pribilegio exekutiboa, eta auzitegiek soilik «oinarrizko segurtasun interesak arriskuan daudenean» onartu izan dutela. Esaterako, Clintonek Monica Lewinsky auziko epaiketetan erabili nahi izan zuen, baina epaileek ez zioten onartu.
Obamaren gobernukide bati desmen egin izana egotzi dioten lehen aldia da, eta baita AEBetako justiziaren arduradun gorenari leporatu dioten lehen aldia ere. 1998an, Clintonen garaian, prozesu bera hasi zuen Kongresuko batzorde batek Janet Reno Justizia idazkariaren kontra. Baina Ordezkarien Ganberak bozkatu ere ez zuen egin azkenean.
Mexikon desagertutako armen auziak ataka zailean jarri du Obama
2009an egindako operazio sekretuko agiriak eskatu dizkio AEBetako Kongresuak Etxe Zuriari, baina ezetz erantzun dioJustizia idazkariak desmen egin duela erabaki du Kongresuko batzorde batek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu