Gutxienez 11.333 etorkin bahitu zituzten Mexikon iazko apiriletik irailera bitartean, CNDH Mexikoko Giza Eskubideen Aldeko Batzordeak emandako datuen arabera; batez beste, eguneko 62. Erakundeak kezka adierazi du, eta Mexikoko Gobernuari neurri gehiago hartzeko eskatu dio, orain arte egindako saiakerak aski izan ez direlako.
Urtero 200.000 eta 300.000 artean izaten dira Mexiko legez kanpo zeharkatzen saiatzen diren etorkinak. Gehienak Latinoamerikako herrialde behartsuagoetatik datoz, eta Ipar Amerika dute jomuga. Askori, ordea, Mexikora heldu bezain pronto amaitzen zaio bidea; 11.333 bahiketa horietatik %67 Mexikoko hego-ekialdean gertatudira.
Azken urteotan, gainera, gora egin du bahiketen kopuruak, Raul Plascencia CNDHko lehendakariak jakinarazi duenez; 2008ko irailetik 2009ko otsailera bitartean, 9.758 etorkin bahitu zituzten, oraingoan baino 1.575 gutxiago.
Bahiketa gehienak jendetsuak izaten dira. Ikertu duten epean, esaterako, kasu gehienak 214 bahiketetan gertatu ziren, eta batze beste, 52 lagun hartu zituzten bakoitzean atxilo. Larriena iazko abuztuan gertatu zen, Tamaulipas estatuan 72 lagun bahitu eta hil zituztenean.
Gertuko hainbat estatuk ere behin baino gehiagotan eskatu izan diote Mexikoko Gobernuari bahiketen aurkako neurri eraginkorragoak hartzeko, hangoak izaten baitira bahiketa gehien pairatzen dituzten bidaiariak. CNDHk atzo emandako datuen arabera, 11.333 bahitu horietatik %44,3 Hondurastik zetozen, %16,2 El Salvadortik eta %11,2 Guatemalatik. Kubatarrak, nikaraguarrak, kolonbiarrak eta ekuadortarrak ere bazeuden biktimen artean.
Bide arriskutsua
Bestela ere ez da samurra izaten paperik gabeko etorkin horien bidaia; Mexiko hegoaldeko mugara heldu ostean, zama-trenen gainean halamoduz bidaiatzea suertatzen zaie gehienei. Mugetan zerekin topo egingo duten ez ezik, bidaian gertatuko zaiena ere misterioa izaten da sarritan.
Bahiketarena izaten da aukera bat; horrelakoetan bahituaren familiari dirua eskatzen diote, edo etorkinei droga karteletan lan eginarazten diete. Plascenciaren arabera, bahitu asko torturatu eta bortxatu egiten dituzte, eta ez dira gutxi horrelakoetan hiltzen dituztenak.
Plascenciak adierazi duenez, Mexikoko Gobernuak ez du nahikoa egiten bahiketa horiek ekiditeko. Horregatik, CNDHk 28 gomendio igorri dizkio Felipe Calderonen gobernuari, egoera horren aurrean nola jokatu behar lukeen erakusteko.
Plascenciaren ustez, koordinazioan dago akatsa: «Mexikoko estatuak ez du irizpide argirik adostu delitu hauen jarraipena, informazio-trukea eta estatistikak bideratzeko».
Mexikoko Gobernuak, orain arte, ezjakin plantak egin ditu, esanez zaila dela bahiketa eta hilketa horien egileak nortzuk diren jakitea. CNDHko kideek jakinarazi dutenez, ordea, Mexikon ondo baino hobeto ezagutzen dituzte horretan diharduten antolatutako krimen taldeak. Askotan beraiek dira hegoamerikarrak bilatzen dituztenak, gero etorkinen artean infiltratu eta informazioa lortzeko; noren familiak duen dirua eta norenak ez.
Talde horiek gobernuko erakunde eta kideen babesa izaten dute sarritan; planifikatutako pasibitateak heriotzerako bidaia-txartela ematen die askori.
Mexikon egunean 62 etorkin bahitzen dituztela-eta neurriak eskatu dituzte
Giza eskubideen aldeko batzorde batek esan duenez, iazko apiriletik irailera bitartean 11.333 etorkin bahitu zituzten
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu