Mexikon, errealitatetik urrun dago demokrazia

Politikaren eta delinkuentzia antolatuaren arteko harremana inoiz baino estuagoa da Mexikon, eta, estatuaren bortizkeriak izan duen goraldiagatik, normaletik gutxi izango dute igandeko bozek. Michoacanen, Guerreron eta Oaxacan, herritarrek eragotzi egin dute hainbat herritan bozkalekuak jartzea.

CNTE sindikatuko irakasleak, Hauteskunde Institutuaren egoitza aurrean protestan. SASHENKA GUTIERREZ / EFE.
Chilpancingo
2015eko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Tlatlaya, Mexiko estatua, iazko ekainaren 30a: krimen antolatuko ustezko 22 kide hil zituzten. Armada izan zen. Iguala, Guerrero, iazko irailaren 26a: sei gazte hilda eta 43 ikasle desagertuta. Estatua izan zen. Apatzingan, Michoacan, aurtengo urtarrilaren 6a: gaizkile talde baten inguruko hamasei zibil erailda. Polizia federalak izan ziren. Tanhuato, Michoacan, aurtengo maiatzaren 22a: 42 narkotrafikatzaile exekutatuta eta polizia bat hilda operazioan. Guztiak izan ziren.

Mexikoko Estatuaren bortizkeriak sekulako goraldia izan du azken urtean. Ekainaren 7ko hauteskunde eguna sinbolo bat da, «demokrazia ariketa» deitzen dutenaren eta herrialdearen errealitatearen arteko distantziaren erakusgarri. Politikaren eta delinkuentzia antolatuaren arteko harremana inoiz baino estuagoa da Mexikon, eta kontu garbitze bat baino ez da justizia. Horregatik, Mexikoko hiru estatu beroenetako zenbait herritan herritarrek ez dute utzi bozkalekuak jartzen: Michoacanen, Guerreron eta Oaxacan. Uste dute tresna bakarra geratzen zaiela estatuak beren eskaerak bete ditzan: alderdikerian oinarritutako negozioa kentzea.

Purepetxak Michoacanen

Purepetxen Cheran komunitatea eredu da Michoacanen, 2011tik: armak hartu zituzten Zaldun Tenplarioen kontra, legez kanpoko salerosketen, bahiketen, hilketen eta basoa soiltzearen erantzuleak zirelako. Purepetxek beren gobernu mota tradizionala berreskuratu zuten. Gobernu mota hori onartua dago Mexikoko Konstituzioan, Lanaren Nazioarteko Erakundearen 169. Hitzarmenean eta Nazio Batuen Erakundearen herri indigenen autodeterminazioari buruzko adierazpenean. Purepetxek betoa jarri zieten alderdi politikoei, eta agintariak aukeratzeari, Eren eta Ohituren sisteman oinarrituta.

Los Reyesko Komunitate Batuentzat, purepetxen borroka eredu da. Ahuakatea eta masusta lantzen dituzte batez ere. 2013ko martxoaren 11n armak hartu zituzten, lurraldea kontrolatzen zuen delinkuentziak nekatuta: hil edo desagerrarazi egiten zituzten kuota ordaindu nahi ez edo ordaindu ezin zutenak.

Beren burua ez dute autodefentsatzat hartzen. Espainiak inbaditu aurreko Komunitate Guardia berreskuratu dute: komunitateak babesten duen erakundea, komunitatea defendatzeaz arduratzen dena. Herritarrek hauteskundeetan parte hartzeko baldintza bat jarri diote estatuari: konpon dezala berak sortu zuen segurtasun arazoa, Landa Indarrarekin. Alfredo Castillo Michoacango segurtasun arduradun ohiak sortu zuen Landa Indarra polizia. Polizia horrek kezka eta ezinegona sortu du Los Reyesen.

Desagertzeak ez dira eten eskualdean. Herritarrek salatu dute Landa Indarrak direla erantzuleak. Giza Eskubideen Estatu Batzordeak 533 kexa jaso zituen iazko maiatzetik aurtengo otsailera bitartean, Michoacango Segurtasun Publikoaren Idazkaritzaren kontra. 533 kexetatik gutxienez 128 Landa Indarraren eta Herritar Indarraren jardueragatik izan ziren. Legez kanpoko atxilotzeak, atxikitzeak eta miaketak, nagusikeria, indarraren erabilera nahierakoa, lesioak eta mehatxuak leporatu zizkieten.

Goi ordokiko herritarrak ez dira estatuaren eraginkortasun falta eta Tenplarioen ekintzak salatzen dituzten bakarrak. Maiatzaren 25ean, Semei Verdiaren kontrako hirugarren atentatua egin zuten; ozta-ozta lortu zuen bizirik ateratzea. Verdia Ostulako nahuen buruzagia da. Atentatuak hiru eguneko borrokak eragin zituen bertakoen eta karteleko kide ohien artean. Verdia da aske eta bizirik dagoen autodefentsetako azken komandantea. Maiatzaren 14an hil zuten Yurecaro Enrique Hernandez Salcedo, Erregenerazio Nazionalerako Mugimenduko (Morena) hautagaia.

Guerreron, borroka gogoa

Guerrero lehertzear dago. Ayotzinapako desagertuen kasuak berrindartu egin ditu erresistentzia guneak. Urte askoan izan ez duten herritarren babesa lortu dute orain, ez bakarrik estatuaren barruan, baita Mexiko osoan ere: Hezkuntzako Langileen Estatuko Koordinakundeak (CETEG) eta Mexikoko Landa Eremuko Ikasle Sozialista Bateratuen Federazioak (FECSUM), esaterako, mobilizazio hilabeteak antolatzen dituzte: martxak, lanuzteak eta manifestazioak.

Oztopoak ere badaude. Komunitate Polizien Eskualdeko Koordinakundea (CRAC-PC) hainbat taldetan banatu zen 2013an. Talde horiek elkarren kontra borrokatzen ari dira, eta borroka horiek eragina dute komunitateetako herritarrengan. Pobreen Alderditik sortutako taldeak —EPR eta ERPI— egoera baliatzen ari dira estatuaren gehiegikerien kontra ari direnen artean hedatzeko.

Ayotzinapako ikasleen gurasoek maiatzaren 26an gogoan izan zuten duela zortzi hilabete desagerrarazi zituztela beren seme-alabak. Hauteskunde propagandako kartelak erre zituzten Mexiko Hirian. Hamaikagarren irainari aurre egin behar izan zioten ostiralean, oraingo honetan Rigoberta Menchu Bakearen Nobel saridun guatemalarraren eskutik. Menchu hauteskundeetako behatzailea izango da, eta parte hartzen ari da botoa emateko eta demokrazia sustatzeko kanpaina ofizialean. Hauteskunde Institutu Nazionalak (INE) 10.000 dolar ordaindu dizkio.

Guerreroko herritarrak lehertzear daude. Jendea desagertzen ari da estatu osoan, eta egunero aurkitzen dute gorpuren bat, laurdenkaturik. Maiatzaren 9tik 14ra, 250-300 herritar armatuk Chilapa hiria hartu zuten. Existitzen ez den komunitate polizia bateko kide zirela esan zuten, eta Zenen Nava Sanchez atxilotzeko eskatu zuten, Los Rojos karteleko burua. Chilpacingo hiriburuan aritzen da kartela.

Los Rojos kartelarekin ados ez dauden kideek bat egin dute haren lehiakidearekin, Los Ardillos kartelarekin. Altxamenduan desagertutako hogei lagunetatik batzuen gorpuak azaltzen hasi dira. Gilberto Abundis Sanchez gaztearena, esaterako: haren gorpu zatikatua maiatzaren 21ean identifikatu zuten, Nejapan.

Egoera ikusita, ez da harritzekoa askok bat egitea hauteskundeen kontrako jarrera eta protestekin. Baita ostiralean ekitaldi ofizial batean —Menchu eta hainbat goi kargudun zeuden— oholtzara igo eta, negarrez, Guerreroko gobernadoreari galdera egin zion neska gaztearekin ere, esaterako: «Gobernadore jauna, nola eska diezadakezu botoa emateko?».

Oaxacan, irakasleak

Egoera bestelakoa da Oaxacan. Seccion XXII da indar nagusia, Hezkuntzako Langileen Koordinakunde Nazionalaren (CNTE), herrialdeko sindikatu borrokalarienaren estatuko ordezkaritza. Igandean herritarrei eskatu zien blokeatu ditzatela INEren 11 distritu egoitzak. Sindikatuak bateratu egin ditu hauteskundeen kontrako eta hezkuntza erreformaren kontrako borrokak —Enrique Peña Nieto presidenteak indarrean jarri nahi du 2013tik—. Indigenen eta nekazarien borroka askok babesa aurkitu dute hauteskundeen kontrako irakasleen jarreran. Kasu adierazgarria da Santa Maria Chimalapako zoque indigenena: uko egin diote bozkalekuak jartzeari. Bertako herri lurretan natur baliabideak ustiatzeko proiektu erraldoiak bultzatu nahi dituzte.

Michoacanek, Guerrerok eta Oaxacak ezaugarri komun bat dute: «Garatzeko aukera handiko inguruak» dira. Hala deitu zien Peña Nieto presidenteak iazko azaroaren 27an. Inguru ekonomiko berezi izendatutako eremu berriak bat datoz narkotrafikoaren bortizkeriak kalte gehien egindako eremu batzuekin. Guerreroko urrezko gerrikoa, esaterako. Han daude Ayotzinapa eta Michoacango kostaldeko zati bat. Horrek azaldu dezake zergatik Mexikoko Gobernuak jartzen duen hainbesteko arreta han, eta zergatik jokatzen duen halako zehaztasunarekin haiek ezegonkortzeko.

Estatuak indargabetu egiten ditu atzerriko kapitala ezartzeari aurre egiten dioten prozesuak. Horren adibide da Landa Indarra sortzea Michoacango autodefentsen barruan, eta Guerreroko CRAC-PC desegitea. Herritarrek eraso bateratu bati aurre egin behar diete: multinazionalena, alde batetik; estatuaren krimenena, bestetik; eta baita delinkuentzia antolatuarena ere. Beraz, ez da harritzekoa herritarrek bozkalekuak jartzea oztopatzea.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.