«MH370 hegaldia Indiako ozeanora erori zen, eta ez da inor bizirik atera»

Malaysiako lehen ministroak ofizialki onartu du ezbeharra izan zela, «ebidentzia guztiak» aintzat hartuta

Erredakzioa
2014ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Martxoaren 8an Kuala Lumpurtik abiatutako hegazkina Indiako ozeanoan desagertu zela adierazi du ofizialki Malaysiako lehen ministroak. Froga materialik ez izan arren «ebidentzia guztiek» hori pentsarazten dutela jakinarazi du prentsaren aurrean. Satelite bidez jasotako datu berrienen arabera, hegazkina Australiatik 2.500 kilometro hego-mendebaldera lokalizatu zuten azkenengoz. «Erabat ingurune bakartua da, lurreratzeko moduko edozein gunetatik urrun», azaldu du Najib Razakek: «Beraz, tristura handiz jakinarazi behar dizuet, informazio berri horren arabera, MH370 hegaldia Indiako ozeanoaren hegoaldean amaitu zela».

Urrun ez ezik, hegazkinaren berezko ibilbidearen kontrako norabidean dago lehen ministroak aipatutako gunea, hegazkina Kuala Lumpurtik Pekinera baitzihoan; ipar-ekialdera, beraz, eta ez hego-mendebaldera. Hara nola ailegatu zitekeen argitu gabe dago oraindik; Malaysiako Gobernuak ere ez du xehetasun gehiago eman.

Ordu batzuk lehenago, Malaysia Airlinesek telefonoko mezu baten bidez eman zien abisu bidaiarien senideei: «Zalantzarik gabe onartu behar dugu MH370a galdu egin dela eta bertan zihoazenetatik inor ez dela bizirik atera. Ebidentziek diote Indiako ozeanoan hondoratu zela».

Bi objektu itsasoan

Aurretik, Australiako hegazkin militar batek bi objektu antzeman zituen Razakek aipatutako lekuan, ustez hegazkinaren hondakinak izan daitezkeenak. Armadako itsasontzi bat igorri dute hara, eta beranduenez gaur goizean iristea espero dute. Hasieran, Tony Abbott Australiako lehen ministroak ukatu egin zuen itsasoko objektu horien eta galdutako hegazkinaren artean loturaren bat dagoela, eta Razakek ere ez du aipatu. Txinako Gobernuak auziari buruzko informazio guztia eskatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.