Ohikotik kanpoko agerraldia egin du Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak Michel Germaneau hil egin dutela baieztatzeko. "Hilketa basati eta gorrotagarria da. Bizitzarenganako inolako begirunerik ez daukan jendeak egindakoa", adierazi du, eta erantsi hilketa horren ondoren "terrorismoaren aurka" are eta indar gehiagoz arituko direla.
Germaneau 78 urteko kooperantea apirilean bahitu zuen Nigeren, Magrebeko Al Kaedak. Al Jazeera telebista kateak zabaldutako grabazio baten bidez atzo iluntzean iragarri zuten hil egin zutela. "Sarkozyren operazioak porrot egin du eta ez du lortu bere herrikidea askatzerik. Bere gainean eta bere herriaren gainean infernuaren ateetako bat ireki du", dio grabazio horretan Magrebeko Al Kaedako buru jotzen duten Abu Musab Abdul Wadudek. Izan ere, joan den ostegunean, Mauritaniako eta Frantziak indarrek hura askatzeko operazio armatua egin zuten Maliko lurretan, eta sei lagun hil zituzten, ustez Al Kaedako kideak. Hain zuzen ere, operazio horren ordainetan eta heriotza horiek mendekatzeko hil dutela Germaneau dio Al Kaedak.
Germaneau askatzearen truke Al Kaedako hainbat kide libre uzteko eskatzen zuten bahitzaileek, eta bihar arteko epea emana zuten.
Mundua
Michel Germaneau bahitu frantziarra hil egin dutela baieztatu du Sarkozyk
Apirilean bahitu zuten Nigeren 78 urteko ingeniaria. Frantziako presidenteak "basati eta gorrotagarritzat" jo du hilketa. Al Kaedaren arabera, Mauritaniak eta Frantziak Germaneau indarrez askatzearren beren kontra egindako operazioaren ordain gisa hil dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu