Bigarren itzulia gogorra izango da, dudarik gabe, UDIko hautagai Lavinek atzo iragarri baitzuen RNko buru Piñera sostengatuko duela. Eskuineko bi alderdiek bozen %48 inguru lortu dute, bien kopuruak batuta, eta gaurgero Bacheleti hortzak erakusten hasiak zaizkio. Koalizioaren baitan dagoen DC Demokrazia Kristauko kontserbadore berrien botoek aurkariarengana jotzea eragozten saiatu beharko du Bacheletek, Alderdi Sozialistako buruak. Eskuindarrei aurre egiteko ezinbestekoak izango ditu ezkerreko beste alderdi batzuen botoak, hain zuzen ere, Alderdi Komunista, Alderdi Humanista, Ezker Kristaua eta talde ekologista, indigenista eta sindikalista batzuk biltzen dituen JPM plataformaren babesa. Hitzarmena koalizioan, Alderdi Sozialistaz gain, PRSD alderdi erradikala (liberala), PPD Demokraziaren Aldeko Alderdia (sozialdemokrata) eta DC Demokrazia Kristaua daude. Piñerari dagokionez, Lavinen aldekoen botoak jasotzeko esperantza agertu du, eta Opus Deiko kidearekin «amets partekatuak» dituela esan zuen igandeko emaitzen berri jaso eta harekin bildu ondotik. Hauteskunde kanpainan behialako bi ikaskideon arteko tartea zabaltzen joan zen arren, urtarrilaren 15era begira indarrak batzeko asmoa azaldu zuten biek ala biek. Izan ere, Lavinek bere aurkari eskuindarrak gainditu zuela onartu eta elkarlanerako prestutasuna agertu zuen. Piñerak azaldu zuenez, bigarren itzulirako kanpaina bateratuan pobreziaren eta gai sozialen inguruko auzietan ageriko rola eskainiko dio Lavini. Haatik, Piñeraren estrategian ardatz garrantzitsua izaten jarraituko du Hitzarmenari zentroko botoak batez ere demokrata kristauenak kentzeak. Lavin izan zen atzo galtzaile nagusia, 1999ko bozetan egungo presidente Ricardo Lagosi (Hitzarmena koaliziokoa) ia irabazi ondoren. Duela gutxi arte AC Txileren Aldeko Aliantzako hautagai bakarra zen, baina duela hilabete gutxi aliantza hori hautsi zen eta orain RNko hautagai Sebastian Piñerak aurrea hartu dio. Txileko presidente Ricardo Lagosek atzo nabarmendu zuen txiletarrek «Hitzarmena indar nagusi gisa segitzearen alde» bozkatu zutela, «ezinbestekoak» diren aldaketak egiten segitzeko. Lagosek indarrean den sistema binominala koalizio handiei mesede egin eta alderdi txikiak baztertzen dituena kritikatu zuen, eta gobernu berriak sistema hori aldatzeko itxaropena agertu zuen.
Gehiengo historikoa Senatuan
Augusto Pinocheten diktadura bukatu zenetik Hitzarmena koalizioak lehen aldiz gehiengoa izango du Senatuan, behatzez izendatutako zein bizi arteko senatarien figura kendu ondotik. Heldu den martxoaren 11n lanean hasiko den senatuak 38 ordezkari izango ditu. 20 Hitzarmenekoak izango dira, bat AC Txileren Aldeko Aliantzakoak (RN eta UDI alderdiek osatzen dute aliantza, orain soilik Senatuan), eta bat independentea.
Igandean 48 senadoreetatik 20 hautatu zituzten eta Hitzarmenak UDIri ordezkaritza garrantzitsuak kendu zizkion (UDI bakarkako alderdi nagusia), baina DCko sei senadore (12tik) galdu zituen, besteak beste, Andres Zaldivar politikari historikoa eta Carmen Frei.
LEGEBILTZARRERAKO BOZAK
Bacheleten koalizioak gehiengoa atxiki du
Legebiltzar berria hautatzeko bozetan UDI Batasun Demokrata Independentea izan zen nagusi igandean, 34 diputaturekin. Orain arte baino bat gehiago lortu zuen. Bigarren PPD Demokraziaren Aldeko Alderdia (22) geratu zen, orain arte baino diputatu bat gehiago bereganatuta. Ondoren DC Demokrazia Kristaua (21), bat gutxiagorekin, RN Berrikuntza Nazionala (20), bat gehiagorekin, PS Alderdi Sozialista (15), bost gehiagorekin eta PRSD Alderdi Erradikal Sozial Demokrata (7), bat gehiagorekin eta PAC Ekintza Erregionalistaren Alderdia (1) geratu ziren. Orain arte independenteek zituzten bederatzi ordezkariak galdu zituzten.
Nolanahi ere, PPD, DC, PS eta PRSDk Hitzarmena koalizioa osatzen dutenez, eskuindarrek baino ordezkari gehiago izango dituzte orain ere. Hala, zentro-ezkerrak 65 diputatu eta gainerakoek 55 izango dituzte Legebiltzarrean.