Michigango garaipen estuak ez dio hautagaitza ziurtatu Romneyri

Datorren astean hamar estatutan izango dira primarioek, eta horiek argituko dute AEBetako errepublikanoen lehia

Ane Urrutikoetxea.
2012ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Michigan bereganatzea lortu du Mitt Romney Massachusettseko gobernadore ohiak, baina garaipena ez da erraza izan: «Ez dugu askogatik irabazi, baina nahikoagatik irabazi dugu, eta hori da kontuan hartu beharrekoa». Hitz horiekin justifikatu du Romneyk Michiganen bereganatutako emaitza estua. Uste baino babes gutxiago lortu du bere jaioterrian, eta horrek kolokan jarri du bere lehen postua AEBetako presidentetzarako hauteskundeetako Alderdi Errepublikanoaren primarioetan. Rick Santorum Pennsylvaniako senatari ohiarekin emaitzak berdintzeko zorian egon da Romney, eta caucus-a irabaztea lortu duen arren, bi hautagaiek 11 ordezkarina bereganatu dituzte. Dena den, Arizonako primarioetan garaipen zabala lortu du, eta horri esker estatuko 29 ordezkariak bereganatu ditu. Romneyk Arizonan irabazteko aukera handiak zituen, besteak beste, bertako gobernadorearen babesa duelako.

Romney Michiganen irabaztea behartuta zegoen, jaioterria izateaz gain, aita hango gobernadorea izan zelako 1970ko hamarkadan. Horrekin batera, 2008ko errepublikanoen primarioetan erraz irabazi zion John McCain orduko hautagaiari. Baina azken asteetan, Santorum uste baino arerio indartsuagoa bilakatu da Romneyrentzat. Michigango herritarrek azken unean egin dute Massachusettseko gobernadore ohiaren alde, Santorumen aurka hitz egin ondoren. Inkesten arabera, gehienek «boto praktikoa» ematea erabaki dute, Romney delako hautagaien artean indartsuena, eta botoen % 41 bereganatzea lortu zuen. Dena den, Romneyk nahi baino diru gehiago erabili du Michigango kanpainarako.

Santorumek errepublikanoen sektore kontserbadoreenaren babesa bereganatu du estatuan, botoen % 38 lortuz. Hala ere, uste zuenaz bestera, katolikoen botoa galdu du erlijioa eta estatua banatzearen aurka egindako adierazpenen ondorioz. Horrekin batera, Barack Obama AEBetako presidenteak unibertsitatea guztientzako irekitzeko proposamena kritikatu du Santorumek, «jarrera esnoba» dela salatuz, eta horrek langile klasearen haserrea piztu du.

Santorum, indarrak batzen

Duela aste batzuk Santorumek ez zuen aparteko indarrik Romneyren aurka egiteko. Massachusettseko gobernadore ohiak babes zabalagoa du errepublikanoen artean, eta kanpaina bideratzeko talde prestatuena eta diru iturri oparoenak bereganatu ditu. Dena den, errepublikanoen zati handi batek ez du erabat sinesten Romneyren kanpainan; krisi ekonomikoa sufritzen ari diren herritarrek mesfidantzaz begiratzen dute bere maila ekonomiko altua, eta langile klasera hurbiltzeko egindako saioek porrot egin dute, batez ere Michiganen. Ondorioz, Romneyk bere «arrakasta ekonomikoa» justifikatu du: «Norbaitek uste badu AEBetan arrakasta lortzea gaizki dagoela, beste bati eman diezaiola botoa. Lortutako arrakasta AEBen mesedetan erabili nahi dut». Mesfidantza horrek errepublikanoen sektore kontserbadoreenaren faborito bihurtzeko aukera eman dio Santorumi, Romneyri botoen zati handi bat kenduz.

Astearte handiari begira

Michigango eta Arizonako emaitzek nabarmen estutu dute Washington estatuko larunbateko primarioetako eta datorren asteko astearte handiko lehia. Egun horretan hamar estatutan izango dira bozketak, eta 437 ordezkari egongo dira jokoan. Astearte handian jokoan dauden estatuetan kontserbadoreak ez dira gehiengoa, eta horrek nolabaiteko abantaila emango dio Romneyri. Bestalde, Newt Gingrich eta Ron Paul astearte handirako prestatzen hasi dira zuzenean. Bietako inork ez dute ordezkaririk lortu bi estatuetan. Gingrichek soilik botoen % 6,5 lortu du Michiganen, eta % 16 Arizonan. Paulek berriz, botoen % 12 bereganatzea lortu du Michiganen, eta Arizonan % 8,4. Dena den, Santorumi Teneese kentzeko lanean ari da Gingrich, eta Georgian irabazteko faboritoa da. Estatu garrantzitsuenetakoa da Georgia, irabazten duenak 76 ordezkari lortuko baititu han.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.