Nazioarteko migrazio mugimenduak eta garapena izango dira gaur eta bihar artean New Yorken IOM Migraziorako Nazioarteko Erakundeak antolatu duen Maila Handiko Elkarrizketa deituriko konferentziaren ardatz nagusiak. Atzo erakundeak esan zuenez, estatuen arteko adostasuna lortu behar da, nazioarteko migrazioak ekonomian eta garapenean eskaintzen dituen aukerak hobetzeko. «Migrazioaren gaineko eztabaidan beharrezkoa da munduko eskulanaren eskaintzaren eta eskaeraren arteko oreka lortzea», esan zuen Genevan (Suitza) IOMeko zuzendari nagusi Brunson McKinleyk. Migrazioak 191 milioi pertsona mantentzen ditu desplazatuta, eta urtero 232.000 milioi dolarreko irabaziak eragiten ditu.
Nazio Batuen babesean egingo da konferentzia, erakundearen Asanblea Nagusiarekin batera. Mundu osoko 120 gobernutako ordezkariak eseriko dira. «Gutako bakoitzak migrazioaren puzzlearen pieza bat dauka, baina inork ez du argazki osoa. Tenorea da piezak elkartzeko», adierazi du NBEren idazkari nagusi Kofi Annanek.
OIMeko eledun batek esan duenez, migrazioaren gaineko konferentzian adostasuna erdietsiz gero oinarriak ezarri ahal izango dira migrazioak garapenari eragiten dizkion ondorio positiboak ahalik eta gehien sustatzeko beharrezko ekintzak hasteko. «Maila Handiko Elkarrizketarekin NBEk lehen aldiz heltzen dio, maila horretan, migrazio eta garapenaren auziari», zehaztu du bozeramaileak. Azpimarratu duenez, estatuen agenda politiko, ekonomiko eta sozialetan migrazioak leku nabarmena hartu duen unean egingo dute konferentzia.
McKinleyren iritziz, «auzi hori konpontzeak munduko garapen ekonomikoari mesede egiteaz gain, migrazio irregularra gutxitzen» lagunduko luke. «Migrazio irregularrak eskaintzaren eta eskaeraren arteko desoreka laguntzen du».
NBE-REN MAIATZEKO TXOSTENA. Konferentziaren mugarrietako bat Kofi Annanek iragan maiatzean aurkeztutako txostena izango da. «Etorkinen jatorri eta helmuga diren eremuetan baldintza ekonomikoak modu koordinatuan edota adostuan hobetzeko tresna ona izan daiteke nazioarteko migrazioa», zioen txostenak. Izan ere, eta NBEri jarraiki, «migrazioa indar ekonomiko global izugarria» da, eta lanerako aukerak izaten dira jendea herrialde batetik bestera mugitzeko arrazoi nagusietako bat.
Emigratzean etorkinek beren sorterrietako ekonomiari laguntzen diote askotan; NBEren txostenaren arabera, emigranteek beren familiei orotara 173.000 milioi dolar bidali zizkieten 2005ean. India, Txina, Mexiko eta Frantziak emigranteek bidalitako diru kopuruaren heren bat jasotzen dute. Kopuru horiek Barne Produktu Gordinaren %20 baino gehiago osatzen dute estatu txiro batzuetan, hala nola Bosnia, Haiti, Lesotho eta Moldavian.
Gainera, garraio bizkorren eta masa komunikabideen aroan iraganean baino lotura sendoagoak mantentzen ahal dituzte etorkinek beren sorterri eta familiekin. «Hala, kultura, ekonomia eta gizarteen artean giza lotura dinamikoa sortzen da».
EMIGRAZIOAREN ALDE ILUNA. Kontrol neurri zorrotzek zailago egiten dute etorkinen bidaia eta helmugatzat duten estaturako sarrera. Zailagoa ez ezik, arrisku handiak eragiten dituzte. Ezkutuko bidaia egiteko (ontzietan, kamioietan eta abar) dirutza handiak ordaindu behar izaten dizkiete mafiei, eta heriotza ugari gertatzen dira bidean, eta sarritan polizietxea eta deportazioa da aurkitzen dutena. Afrikatik Europarako bidean, Italia, Espainia eta Kanariar Uharteak izaten dira etorkinen ohiko sarbideak, eta bidean, itsasoan, askok eta askok sufrimendua eta heriotza dute sari bakarra.
Ameriketako Estatu Batuak ere emigranteen helmuga nagusia dira, eta Mexikorekiko mugaldearen kontrola asko zorroztu du Washingtongo gobernuak, zelatatze sistema elektronikoak hobetzeaz gain, Polizia gehiago hedatuta eta Minutemen eta gisa horretako mertzenarioak ordainduta.
Europan eta Ipar Amerikan ez ezik, Australian ere polizietxe eta deportazio guneak aurkitzen dituzte etorkinek beren bidaia luze eta neketsuen ondoren.
Emigranteak egokitzen diren herrialdeetako ekonomiak eta enpresa pribatuek haien lanetik irabazi oparoak izaten dituzte, eta maiz haien esku lana merkeago ordaintzen da. Paperik gabe egoteak eta Poliziari salatu eta kanporatuko dituzten beldur egonda, lan ordu gehiago egitera eta soldata eta lan baldintza kaskarragoak onartzera bultzatzen ditu etorkinak. Merkatu beltza eta ustiaketa ez dira falta.
Ikusteko dago IOM osatzen duten 120 gobernuetako ordezkariek eta 89 behatzaileek erakundearen helburuei men egin eta konferentzian, migrazioa modu gizatiarragoan eta onurak -etorkinentzat zein gizartearentzat- zuzen banatzeko, hartzekoak diren neurriak eragingarriak izango diren edo ez.
«Migrazio irregularrak eskaintzaren etaeskaeraren arteko desorekalaguntzen du»
brunson mCkinleyoim-eko zuzendari nagusia«Gutako bakoitzak migrazioaren puzzlearen zati bat dauka. Tenorea da piezak elkartzeko»
kofi annannazio batuen erakundeko idazkari nagusia
Migrazioa eta garapena doitzeko bilera hasi da
Nazioarteko migrazioaren onurak hobetzeko bilkura egingo dute gaur eta bihar New Yorken, NBEn
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu