Mikati lehen ministro izendatu izanak protesta gogorrak eragin ditu Libanon

Washingtonek esan du Libanorekiko harremanak «zaildu» egingo direla Hezbolak gobernatzen badu

Samara Velte.
2011ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Najib Mikati izendatu du lehen ministro Libanoko presidente Michel Suleimanek; askok ez dute pozez hartu berria, eta atzo goizetik protestan aritu dira Beiruteko eta Tripoliko kaleetan. Hainbat errepide nagusi itxi dituzte, su hartutako auto eta gurpilen bidez. Agentzien arabera, zaurituak hogei ziren atzo arratsaldean, eta armadak hartuta dauzka kaleak.

Libanoko Legebiltzarreko kideekin bilduta egon da azken egunotan Suleiman, Saad Hariri lehen ministro ohiaren ordezkoa izendatzeko. Mikatik 128 diputatuetatik 68ren babesa jaso du; besteak beste, Hezbola alderdi xiitarena. Bihartik aurrera hasiko da gobernu berria eratzeko lanetan.

Hezbola nagusi izango den gobernua sortu nahi izatea egozten diote Mikatiri haren aurkakoek, eta horrekin, Siria eta Iranen aldeko erabakiak hartzea. Haririk ere adierazi du ez duela horrelako gobernu batean parte hartuko. Mikatik, ordea, gezurtatu egin ditu akusazio horiek: «Politika moderatua» eramango duela hitz eman du. «Neurritasunak erradikalismoari irabazi dio, batasunak zatiketari», adierazi du, herrialde horretan xiiten eta suniten artean dauden tirabirei erreferentzia eginez.

Hezbolako buru Hassan Nasralak ere gobernu berriarekin «elkarlanean» jarduteko deia egin die herritarrei. Leku ezezagun batean grabatutako bideo baten bidez berretsi du Mikati ez dela bere alderdikoa, ez eta Haririren alderdikoa ere: «Elkartzeko benetako aukera daukagu, garailerik eta galtzailerik gabe, aro hau gainditzeko».

Haririren gobernua urtarrilaren 12az geroztik zegoen krisian. Egun horretan, Hezbolako hamar ministrok eta presidenteak izendatutako beste batek gobernua utzi zuten, Hariri gobernu berri bat osatzera behartuz.

Kargu uzte horien guztien arrazoia Rafik Hariri lehen ministro ohi eta Saad Haririren aitaren hilketa argitzeko abiatutako ikerketa batzordean dago. NBE Nazio Batuen Erakundeak babestutako auzitegi berezi bat aritu da 2005ean jazotako atentatuari buruzko nondik norakoak ikertzen. Berez, bukatuta dago hilketaren erruduntzat jotzen dituztenen zerrenda, baina oraindik ez dute argitara eman.

Hezbolaren aldeko legebiltzarkideek susmoa zuten euren alderdiko jendea ez ote zuten akusatuko, eta ikerketa bertan behera uzteko eskatu zioten Haririri,gobernua uzteko mehatxupean. Hark ez zion eskakizunari jaramonik egin, eta urtarrilaren 12an dimisioa aurkeztu zuten guztiek. Oraindik ez dago argi zer gertatuko den NBEren txostenarekin Mikati gobernuburu izanda.

Washington, mesfidati

AEBek kezka adierazi dute Mikatiren izendapena dela-eta; Philip Crowley bozeramaileak atzo egindako prentsaurrekoan esan zuen ez zuela iritzi pertsonalik emango, baina ohartarazi zuen xiitak Libanoko Gobernuan egoteak arazoak sor ditzakeela: «Zenbat eta handiagoa izan Hezbolaren rola, orduan eta zailagoa izango da gure [AEBetako eta Libanoko gobernuen] arteko harremana».

Rafik Haririren hilketa argitzeko sortu den batzordea babestuko duen gobernua nahiko lukete AEBek, «Libanoko zigorgabetasunari amaiera emateko».

AEBek «talde terrorista» gisa daukate sailkatuta Hezbola; Crowleyek esandakoaren arabera, «zaila» izango litzateke Barack Obamaren gobernuak orain arte emandako diru laguntzekin jarraitzea, talde horrek gidatzen badu gobernua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.